}

Zuria eta itxurazkoa. Elurra noiznahi eta nonahi lortzeko bideak

2004/03/07 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

strong>Eskiatzeko sasoian murgilduta gaude, eta kirol hori gogoko dutenek arretaz entzuten dute elurraren egoerari buruzko informazioa. Baina gaur egun urte osoan eskia daiteke. Eskiatzeko pista estaliak ere badaude eta! Izan ere, edozein momentutan elurra izateko teknikak gero eta garatuago daude, eta, neguko kiroletan ez ezik, beste alor batzuetan ere erabiltzen dira. Ez da benetako elurra izaten, noski, baina haren lana betetzen baldin badu, nahikoa da.
Urte osoan eskia daiteke pista lehorrei esker.

Kanpoan eskiatzeko, barruan eskiatzeko, ekainean inguruak zuri-zuri ikusteko, edo Gabonak girotzeko. Elur artifizialak erabilera ugari izan ditzake, eta erabilera horien arabera egokitzen dira elurra sortzeko teknikak.

Eski-estazioetan denboraldia luzatzeko edo negu lehorrari aurre egiteko erabiltzen dute elur artifiziala. Gezurrezko elurrak benetakoaren itxura eta portaera izan behar ditu eski-pistetan. Hori dela eta, makinaz egindako elurra asko hobetu dute azken urteetan, eta gero eta mendekotasun handiagoa du produktu kimikoekiko. Elur horren oinarria ura da. Sarritan, izotz-bloke handiak txikitu eta zatitxoak kanoi baten laguntzaz zipriztintzen dituzte. Beste batzuetan, ura justu izozte-puntuaren gainetik dagoenean botatzen du kanoiak. Aire konprimitua edo haizagailu elektrikoak erabiliz ura tanta txikietan atomizatzen eta barreiatzen dute eremu zabal batean, lurra jo baino lehenago izozteko. Barruko kirol-zentroetan, ura nitrogeno likidoa edo karbono dioxidoa erabiliz izozten dute normalean.

Urarekin batera, beste osagai bat behar da urak haren inguruan izotz-kristalak egin ahal izateko. Material hori mota askotakoa izan daiteke, eta egokiena aukeratzeko, tenperatura hartu behar da kontuan. Tenperatura nahiko baxua denean (-6/-9 ºC artean), ia edozein ezpurutasun erabil daiteke. Kaltzio- eta magnesio-ioiak, buztin-partikulak edo materia organikoa erabiltzen dira gehienbat. Tenperatura ez bada behar bezain baxua (-5 ºC-tik gora), ordea, material konplexuagoak behar dira. Zilar ioduroa, xaboiak eta detergenteak, onddoak edo likenak erabil daitezke, besteak beste.

Kanoiak erabil daitezke elur artifiziala zabaltzeko.

Edozein modutan, propio prestatutako gai kimikoak dira gehien erabiltzen direnak. Horietatik ezagunena Snomax da. Izotzaren kristaltzea hasarazten duen bakterio baten proteinak erabiliz egiten da, eta benetakoa dirudi. Drift izeneko produktu berria ere indar handia hartzen ari da. Produktu horrek ura azkarrago izoztea eragiten du hidrogeno-loturak ahulduz, eta, horri esker, pistak azkarrago presta daitezke.

Gainera, eski-pisten kondizioak kontrolatzeko ere erabil daiteke elur artifiziala. Izan ere, pisten erabilera asko aldatu da snowboard eta bestelako kirolak hedatzearen ondorioz. Horrek pisten prestaketan eragin du, eta orain elur artifiziala erabiltzen dute eremu bakoitza kirol jakin baterako egokitzeko.

Bestalde, hainbat lekutan, ‘pista sikuak’ erabiltzen dituzte. Horietan behar duten bakarra aldapa bat da, gainean eskiatzeko kondizioak betetzen dituen gainazal bat jarri ahal izateko. Gainazal hori zurezkoa, metalezkoa edo plastikozkoa izan daiteke, eta gehienak nahi denean ken eta jar daitezke. Berrienak elur-moketa baten antzekoak dira, eta horietan ezagunena Snowflex da: irristakorra da, hainbat geruza ditu, eta horietako bat talka-moteltzeko kuxin bat da. Geruzen artean ura ponpatzen da moketaren gainazala heze mantentzeko eta marruskadura murrizteko.

Gezurrezko elurra fikziozko munduan

Elur artifiziala pistak egokitzeko ere erabiltzen dute.

Elurra noiznahi izatea ez da neguko kirolen industriaren kezka bakarrik. Ikus-entzunezkoen munduan ere ezin dira sarritan elur naturalaren zain egon. Eski-estazioetako kanoi-elurra ez da sarritan erabiltzen zineman, argien beroarekin azkar urtzen delako elurra, eta erortzen ari denean ez duelako elur-malutaren itxurarik ematen. Edozein modutan, ez dirudi hori arazo handia denik, ehun material baino gehiago erabiltzen baitituzte zineman eta telebistan elurraren ordez.

Sarritan, papera, almidoia eta zelulosa bezalako materialak jaurtitzen dituzte, eta airean mantentzen dituzte haizagailu bat erabiliz. Papera oso moldagarria da, eta almidoiak eta zelulosak itxura ona ematen dute elur-hautsa edo landareetan eta lurrean izotz-geruza egiteko, baina irristakorrak izan daitezke gainean ibiliz gero. Atzealde edo hondorako, berriz, suhiltzaileen bitsa erabiltzen dute askotan. Material hori merkea da, baina ezin da gainean ibili, nabarmena izango bailitzateke ez dela benetako elurra.

Benetakoak ematen dute, bestalde, patata-purea egiteko malutek. Arazo bi baino ez dituzte: hurbiletik nabaritu egiten da patata-malutak direla, eta ezin dira busti, dekoratua patata-purez betetzea ez bada nahi behintzat.

Batzutan ezin da benetako elurraren zain egon.

Neguko paisaia elurtua lortzeko, beraz, gertakizun eta eragile posible guztiak izan behar dira kontuan. Hori lortzeko, ondo eragiten diote buruari lan horietan aritzen diren zientzialariek, teknikariek eta enpresaburuek. Azken finean, jendea erakartzeko eta irabaziak lortzeko, emaitzek konbentzitzeko modukoak izan behar dute.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia