}

Zuri-beltzez positibatzea

1995/09/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pelikulak errebelatzeko laborategirik ez dela behar ikusi genuen aurrekoan, baina kopiak eta handiagotzeak egiteko ezinbestekoa da. Laborategiak kopiak azkarrago eta merkeago egiteko aukera emateaz gain, horiek manipulatzeko eta emaitzen kontrol handiagoa izateko aukera ematen du. Nolanahi dela, errebelatzeko asmorik izan gabe ere, prozesua ulertu eta ezagutzeak argazkietan gerta daitezkeen akats asko ulertzen lagunduko digu. Behin-betiko laborategia jartzeko aukerarik ezean, behin-behineko laborategia ere jar dezakegu, horretarako behar den oinarrizko tresneria ezkerreko irudian ikus dezakegu.

Ukipen-kopiak egitea.

Laborategia muntatzeko lekuak instalazio elektrikoa eta argia (zuria bada hobe) izan behar ditu eta erabat ilun gelditzeko modukoa izan behar du. Garrantzitsua da alderdi hezea (bainuen upelatxo eta iturri edota uraren ontzien alderdia) eta lehorra (handigailu, paper eta erlojuaren alderdia) bereiztea.

Burutu beharreko aurreneko lana errebelatutako pelikularen ukipen-kopiak dira. Ukipenak, negatiboak eta papera kontaktu zuzenean jarriz egiten diren paperezko kopiak dira. Horretarako behar den oinarrizko materiala honakoa da: kristala, argi zuria (handigailua edo lanpara bat), papera eta segurtasunezko argia. Jarraitu beharreko pausoak ondorengoak dira: 1. Kristala ondo garbitu. 2. Segurtasunezko argipean, errebelatzeko orri bat, emultsioa gora duela jarri, eta horren gainean, emultsioa behera, negatiboak elkarren ondoan jarri. 3. Gainean kristala jarri. 4. Behar den esposizio-denbora arituz jakiten da, baina erreferentziarik izan ezean, objektiboa bi puntu itxi (maximotik abiatuta) eta 8 segundoz eduki guztia argitan.

Negatibo-zerrendaren bat besteak baino argiago badago, denbora erdia pasa denean, kartoi-zati edo opakoa den beste antzeko zerbaitekin estali; eta ilunegi badago, gainerakoari emandako denbora bikoiztu, beste guztiak estaliz.

Ondoren, alderdi hezea dator (pelikularenaren antzeko prozesua da): 1. Ezer baino lehen, errebelatze-, gelditze- eta finkatze-bainuak upelatxo banatan eta ordena egokian prest eduki. 2. Sartu papera, buruz behera, 20 °C-tan dagoen errebelatze-bainuan eta horrekin batera, denbora kalkulatzen hasi. Buelta eman paperari (beti ere errebelatzailetik atera gabe) eta upelatxoari eragin. 30-40 segundotara irudia azaltzen hasiko da.

Dagokion denbora bete arte maiztasunez eragin. 3. Denbora betetakoan, kopia atera eta soberako ura kendu ondoren, gelditze-bainuan sartu (matxardak gelditze-bainuarekin busti gabe). 4. Gelditze-bainuaren matxardekin kopia bertatik atera denbora pasatakoan eta finkatzailean sartu. 10 bat minutu behar izaten da finkatzeko (20 minutu gehienez), baina bibat minutu pasa direnean, argia piztu eta kopiak esposizio egokia izan duen ikus daiteke (argiegi badago, gehiago beharko du eta ilunegi badago, gutxiago). 5. Amaitzeko, kopia garbitu egin behar da. Pelikula bezala, oso garrantzitsua da ondo-ondo garbitzea. 15-20 minutu egon behar izaten dute uretan garbitzen paper konbentzionalek. 6. Azkenik, lehortzen jarri, soberako ura kendu ondoren.

Handigailua proiektore bat da, baina bertikalki muntatua eta ez hain argi indartsukoa.
Handiagotzeak egin aurretik, denbora aurrezten da ukipen-kopiak aztertu eta nahi diren argazkiak aukeratuz gero. Batez ere, araztasuna eta enkoadrea begiratu behar dira. Ez da ahaztu behar ondo dagoenaz gain, marrak, hautsa, enfokatze-akatsak eta kameraren mugimenduak ere handiagotu egiten dituela handigailuak.

Handiagotzeak egiteko prozesua honakoa da: 1. Hautatutako negatiboa ondo-ondo garbitu eta negatibo-etxean, alde distiratsua gora duela, jarri. Negatibo-etxea handigailuan jarri, gelako argia itzali eta handigailua piztu (hemendik aurrera segurtasunezko argipean lan egingo dugu). 2. Diafragma erabat ireki eta handiagotzearen tamaina erabakitzeko handigailuaren burua zutabean zehar gora eta behera mugitu, irudiak oholean nahi dugun tamaina hartu arte. Ondoren, ondo-ondo enfokatu (zehatz izan nahiz gero, horretarako propio dagoen lupa erabil dezakegu). 3. Handiagotu baino lehen, esposizio-denbora erabaki behar da.

Horretarako aproba-zerrenda egiten da. Errebelatzeko paper zati bat hartu eta irudiko zati esanguratsu bat aukeratuta, paper-zerrendari denbora desberdinak ematen zaizkio, egokia zein den ikusi ahal izateko. Adibidez, f8 edo f11-ko irekiduran, gutxi gora-behera 10 segundo behar dituela iruditzen zaigun kasu batean, 3, 6, 12, eta 24 segundoko aproba-zerrenda egiten da. Denbora egokiena aukeratu ondoren, argazki osoa argitan jartzen da paper batean. Papera kaxatik atera eta ondo zentratzen dugun bitartean segurtasun argipean egon behar duela ahaztu gabe. 4. Segidakoak, ukipen-kopiarekin azaldutako pauso berberak dira: errebelatze-bainua, gelditze-bainua, finkatzailea, ondo-ondo garbitzea eta lehortzea.

Dagoeneko badugu aukeratutako negatiboaren handiagotzea. Orain hori aztertzeari ekin behar diogu, eman diogun esposizioa egokia izan den ikusi behar dugu. Motzegia izan bada, argazkia argiegi geratuko da; luzeegia izan bada, ilunegi geratuko da. Edozein kasutan, berriz errepikatu beharko dugu, aproba-zerrenda eta handiagotzea bera ondo aztertuz eta beste esposizio bat kalkulatuz. Zenbaitetan, negatiboak berak ez du argiztapen uniformea izaten. Horrelakoetan ezin izango diogu irudi osoari esposizio bera eman eta zenbait zati estali egin beharko ditugu esposizio-garaian. Estaltzeko eskuaz (edo hatzez) edo kartoitxo zatiz balia gaitezke, baina estaltzen ari garen bitartean horiek etengabe pixka bat mugitu behar ditugula kontutan hartuz arrastorik gera ez daitezen.

Zuzena izateko, argi nagusiek ez dute gris egon behar eta xehetasunak azaldu behar dituzte (adibidez, erretratu batean, begietako zuriak eta hortzek zuri-zuri egon behar dute eta larruazalarekiko desberdindu egin behar dira, larruazalak beste tonu bat eta xehetasunak azaldu behar dituelarik); itzal edo alderdi ilun nagusiek xehetasunak azaldu behar dituzte (ileak, adibidez) eta itzal eta argien artean gris desberdin ugari egon behar dute, argazkiak tridimentsionalitatea izango badu. Gris gehiegi baditu, emaitza grisegi geratuko da eta gutxiegi baditu, ilunegi. Kontrastea paper-maila desberdinak erabiliz alda daiteke.

Paper-maila nagusiak hiru dira: leuna, normala eta gogorra. Leuna 1ekoa (edo 0koa) izaten eta zuri eta beltzaren artean gris ugari ematen ditu eta kontraste handiko negatiboak errebelatzeko egokia da. Normala 2koa izaten da eta negatibo normalak errebelatzeko egokia da. Gogorra, 3tik 5erakoa izaten da eta gris gutxiago ematen dituenez, kontraste txikiko negatiboak errebelatzeko egokia da. Bestalde, distiratsua, matea edo erdi-matea izan daiteke papera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia