}

Zulo beltzak, ezagutu ahala harrigarriagoak

2001/10/23 Elhuyar Zientzia


Deusek ezin du zulo beltzetatik ihes egin, ezta argiak ere, esaten da askotan; zulo beltzen grabitazio-indarra hain da handia, dena irensten dutela. Baina baieztapen hori ez da guztiz zehatza. Zulo beltzen mugetatik X izpiak igortzen dira. Zulo beltzak irentsi aurretik, inguruan pilatutako hautsa eta gasa biraka ibiltzen dira, gero eta errotazio azkarragoa duten diskoak osatuz eta, marruskaduraren eraginez, X izpiak igortzen dituzte.

XMM-Newton espazioko teleskopioak MCG-6-30-15 galaxia espirala aztertu zuen 2000. urteko ekainean. Galaxia hori 100 milioi argi-urtera dago, eta zulo beltz bat dauka. Handik jasotako datuek erakutsi dutenez, zulo beltzak energia isurtzen du. "XMM-Newton teleskopioak sekula ikusi gabeko fenomenoa erakutsi digu", adierazi du ikerketaren buru Jörn Wilms-ek.

Teleskopioaren EPIC kamerak diskoetako elementuen espektroak jasotzen ditu eta, MCG-6-30-15 galaxiaren kasuan, burdinaren seinalea normalean baino biziagoa da. Fenomeno bera 1995. urtean antzeman zen, baina ez hain argi. Burdinaren seinalea barruko diskoetatik dator, hau da, zulo beltzetik gertuen dauden diskoetatik. Astronomoek argi dute hasieratik burdin atomoak energiaz elikatzen dituen zerbait gertatzen ari dela, baina zer?

Matematika askoren ondoren, zuloa bera biraka ari dela postulatu dute astronomoek eta duela 25 urteko teoria bati heldu diote fenomenoa azaltzeko. Roger Blandorf eta Roman Znajek astronomoek iradoki zuten, eta honakoa dio: zulo beltz batek , energia igor dezake bere buruaren inguruan biraka dabilenean eta eremu magnetiko batek balazta efektua egiten dionean. Igorritako energia inguruko gasek xurgatuko lukete, adibidez, burdin atomoek.

Teoria egiaztatzekotan, burdinaren espektro bizia argituko litzateke, baina zerbait gehiago ere bai: zulo beltzek, energia xurgatzeaz gain, energia isurtzeko gaitasuna ere badutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia