Zulo beltzak biraka dabiltza
2001/05/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Astronomoek zulo beltzak biraka dabiltzala frogatzen duen X izpien seinalea jaso dute. Esne-bidearen erditik datorren seinalea oso izar keinukari azkarrekoa da.
Seguru asko, zulo beltzak izar astunetatik sortzen dira. Han dagoen materia-kantitateak muga bat gainditzen duenean, inplosioa gertatzen da eta zulo beltza sortzen da. Izar astunak biraka dabiltza. Frogatu den fenomenoa da.
Baina zulo beltzek oso erradiazio-mota gutxiri uzten diote ihes egiten. Izan ere, izar horiek erradiazio ikusgaia harrapatzen dutelako dira ospetsuak, hau da, argiari ez dio alde egiten uzten eta, beraz, gure begientzat, zulo beltzak dira. Energia handiko erradiazio batzuek, ordea, ihes egiten diete, baina ez dira horiek astronomoek detektatu dituztenak.
Azken urteetan, zientzialariek Esne-bidearen erditik datorren X izpien iturri bat hauteman dute. Igortzen duen seinalea oszilakorra da eta periodo ia uniformea du. Adituen ustez, han dagoen zulo beltza 'elikatzen' duen materia-eraztunean du jatorria eta jasotzen dugun erradiazioaren oszilazioaren maiztasunak zulo beltza biraka dabilela egiaztatzen digu.
Aurkikuntza aipagarria da, baina hemendik aurrera ekuazio teoriakoak doitu beharko dira, behatutakoa azaldu ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia