}

Zuhaitzek hostoen tenperatura kontrolatzen dute, baina zenbat?

2008/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zuhaitzek hostoen tenperatura kontrolatzen dute, baina zenbat?
2008/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: Morguefile)

Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batek polemika sortu du. Artikulu horretan, Pennsylvaniako Unibertsitateko talde batek proposatu du zuhaitzak gai direla hostoen tenperatura zehaztasun handiz kontrolatzeko. Haien ustez, negua edo uda izan eta iparraldean edo hegoaldean egon, hostoen tenperatura 21 ºC-tik ez urruntzea lortzen dute zuhaitzek. Baina aditu batzuek zalantzan jartzen dute neurketak ondo egin dituzten.

Hostoen tenperaturak ia konstante irautea garrantzitsua izan daiteke zuhaitzarentzat fotosintesiaren ikuspuntutik, tenperaturarekiko oso prozesu sentikorra baita. Eta 21 ºC tenperatura egokia da fotosintesia egiteko. Pixka bat hoztuta edo berotuta, fotosintesiak eraginkortasuna galtzen du. Beraz, logikoa dirudi hostoen tenperatura kontrolatzea.

Zuhaitzen kimika, ordea, ez da animalia handiena bezalakoa; ezin dute tenperatura kontrolatu erreakzio kimikoen bitartez. Baina beste sistema batzuk erabiltzen dituzte. Hostoen angelua alda dezakete, Eguzkitik bero gehiago edo gutxiago jaso dezaten. Izeiek eta iparraldeko zuhaitz askok, gainera, hostoak elkarren kontra pilatzen dituzte hotzetik babesten dituzten aire-geruzak sortzeko. Bestalde, hostoen estomak irekita eta itxita ere kontrola dezakete hostoaren tenperatura.

Galdera da zenbateko zehaztasunez kontrolatzen duten zuhaitzek tenperatura sistema horien bitartez. Pennsylvaniako taldearen neurketen arabera, kontrola oso zehatza da. Beste ikertzaile batzuek neurtze-sistema kritikatu dute.

(Argazkia: Artxibokoa)

Pennsylvaniako taldeak zuhaitzaren enborraren oxigeno-atomoak aztertu ditu, zehazki, oxigenoaren bi isotoporen arteko proportzioa (oxigeno-16 eta oxigeno-18).

Airean, proportzio hori tenperaturarekin eta hezetasunarekin aldatzen da. Horregatik, une eta toki jakin bateko datua esku artean izanda, konparatu daiteke zuhaitzak enborrean pilatu duen isotopoen proportzioarekin. Ezberdintasunik balego, ustez, hostoen berezko tenperaturak eragindakoa litzateke, eta hortik hostoaren une hartako tenperatura kalkula daiteke. Horrela neurtu du Pennsylvaniako taldeak hostoen tenperatura.

Baina neurketa horien emaitzak ez datoz bat aspalditik eta metodo zuzenagoen bitartez egindakoekin. Hostoetan termopareak jarrita, adibidez, ikertzaile batzuek oso tenperatura aldakorrak neurtu dituzte hostoetan. Körner alemaniarrak ere, hostoen arteko aire-geruzen eragina neurtu zuen ikertzaileak, neurtze-metodoa kritikatu du; izan ere, zuhaitzak ez dira une oro hazten, eta, beraz, ez dute oxigenoa enborrean etengabe pilatzen.

1
244
2008
7
018
Botanika
Berriak labur
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia