Lehorteak zuhaitzei hazkuntzan eragiten die batez ere, ez hainbeste berdetasunean eta haziak ekoizteko gaitasunean. Ondorio hori atera dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek parte hartu duten ikerketa batean.
Pirinioetako Ekologia Institutuarekin eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, Espainiako klima-eremu desberdinetako basoetako bost zuhaitz-espezie adierazgarri aztertu dituzte: izeia, pinu gorria, pagoa, artea eta pinazi-pinua (Pagoak eta pinu gorriak Aizpurgin, Nafarroan, aztertu dituzte). Satelite-irudien bidez errezelaren berdetasuna aztertu zuten; hazkuntza-eraztunen bidez neurtu zuten enborren hazkuntza, eta hazi eta fruituen ekoizpena neurtu zuten, lehortearen aurrean duten erantzuna aztertzeko.
Emaitzek erakusten dute lehorteak neurri handiagoan murrizten duela enborren hazkuntza, berdetasuna edo hazien ekoizpena baino. Azken horri dagokionez, ikusi dute ingurune hezeagoetako espezieetan (izeia, pagoa eta pinu gorria), ur faltak hazien ekoizpena handitu egiten duela; eta eremu idorretan (artea eta pinazi-pinua), berriz, nabarmen txikitzen du.
Azterketak erakusten du, halaber, hazkuntza, berdetasuna eta ugalketa ez daudela zuzenean elkarren mende, baizik eta klima-baldintzek baldintzatzen dituztela haien arteko harremanak. Horrela, tenperaturan eta prezipitazioan gertatzen diren aldaketek zuhaitzetako prozesu fisiologikoei aldi berean eragiten diete, eta batzuetan kontrako moduan.
Bestetik, ikertzaileek ohartarazi dute kasu batzuetan lehorteak hazien ekoizpena bultzatzen badu ere, metatutako efektuak arriskuan jar ditzaketela beste bizi-prozesu batzuk, eta ondorioak izan ditzakeela horrek epe luzera baso-espezieen iraupenean eta birsorkuntzan.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia








