}

Zuhaitz-igelak: anfibiorik dotoreenak

1987/04/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gauza jakina da jadanik, gizarte zibilizatu eta gero eta urbanizatuago honetan Natura eta planetaren lurrazalean bizilagun ditugun animalia, landare eta gainontzeko izakiak, gero eta arrotzago gertatzen zaizkigula. Teknologiazko bizimodu moderno honetan murgildurik aurrera atera nahian saiatzen garen bitartean, gure inguruan (eta itxuraz beren etorkizunaren larritasunaz jabetu gabe) hain inozoki diharduten gainontzeko bizidunekiko harremanak —pertsonalak beharko luketenak, besteak beste— zeharo galdu ditugu, eta ondorioz sekulako ezjakintasuna nagusitu da animalia eta landareen bizimodu, beharrizan, eta baita eskaintzei ere dagozkien arloetan.

Ezjakintasunarekin batera —edota bere ondorioz— sarritan bazterreratze nabaria ere gertatzen da zenbait animali talderen kasuan, anfibioak erreakzio honen adibide garbia direlarik. Nola gusta dakizkioke inori horren hotz, heze, lirdingatsu eta irristakor diren animaliatxo nazkargarri horiek?. Egia esan, anfibioak luzaroan mezpretxatuak izan dira gure kulturan —gastronomikoan ezik—; apoak, txantxikuak, arrubioak... betidanik sorginkeriarekin lotutako praktika eta kondairarik lizunenekin bat eginda ageri izan dira. Sorginkeriak desagerterazita, animali talde higuingarri eta likistzat hartu dira apo eta igelak.

Baina anfibioen ikasketetan abiatzen hasi orduko, sentipen desbideratu guzti horiek berehala jausten dira, eta baita liluraz ordezkatu ere; zertxobait hurbiltzera ausartuz gero, aporik beldurgarrienaren begiak sekulako kolore-mosaiko ederra gordetzen duenaz ohartzen bait gara. Hala ere, Euskal Herriko anfibioen artean badira honelako ahalegin gogorren beharrik gabe, eta beren begi-bistako edertasunaren indarrez, populuaren nazka guztiak gainditzeko gai izan diren igeltxo bitxi eta lirain batzuk: zuhaitz-igelak alegia ( Hyla sp. ).

Zuhaitz-igel arrunta ( Hyla arborea ) 5 cm-ko luzera duen igeltxo dotorea dugu, lehen begirada batean deigarrien gertatzen dena bere kolore berde bizi eta distiratsua izanik. Burua txikia du, luze baino zabalagoa; begi lateralak, handi eta nabariak, muturraldean hasi eta atzeko hanketaraino doan marra ilun batean txertatuta ageri dira, igeltxo honen superbizipenerako hain derrigorrezkoa den mimetismoa formaren itxuraldatzeaz osatuz. Sabela zuria izaten da alde bentraletik, eta baita lepapea ere, emeetan behintzat. Arretan aldiz, lepapeak kolorazio aldakorra aurkez dezake: hori edo marroixkatik berderainokoa. Honek badu bere funtzioa, noski. Izan ere arren lepapean, araldiko kantuak egiteko erabiltzen duten zorro bokala kokatzen bait da. Udaberrian, apirila eta maiatza bitartean hain zuzen, arrak erreka- eta aintzira-bazterretan kantuka hasten dira, horretarako lepapeko aho-zorro koloreduna puztuz, deialdi akustikoari bisuala ere gehitzen diotelarik.

Garbi dagoenez, igelak orokorrean bizimodu lurtarrerako adaptazio-maila handia lortu duten animaliak dira, eta atzeko hanka luze eta zalu horiei esker, jauzi ikaragarriak egiteko trebetasun itzela dute. Baina zuhaitz-igelen kasuan, jauzitarako espezializazioa areagotu egiten da: sustratoari hobeki eusteko, hatzamar bakoitzaren bukaeran kopadura diskoidal bana izaten dute, hau Hylidae familiaren bereizgarria delarik. Zuhaitz-igelak jauzi bat egitean begiak ixten ditu, eta ez ditu berriro irekiko bere helmuga jo arte. Momentu horretan, eta kopaduretako epidermi bikortsu eta hezeari esker, itsatsi egiten da, horretarako sabelaldeko azalaz ere baliatuz. Guzti hau dela eta, zuhaitz-igelek ur-masen bazterretako landaredia kolonizatu dute, ihi eta zuhamuxketan izkutatzen direlarik.

Baina uretatik atera eta lehorraldea kolonizatzeak badauzka higidura-sistema baino oztopo larriagoak. Eta depredatzaileengandik hanka egiteko, jauzi lirainak baino zertxobait gehiago behar izan dute. Horregatik, zuhaitz-igelen epidermian txertatuta, eta beste anuro askotan gertatzen den bezalaxe, depredatzaileentzat toxiko diren substantziak jariatzen dituzten pozoin-guruinak agertuko dira. Beraz, eta sistema honek etsai guztientzat balio ez badu ere, (erreka-sugeentzat, besteak beste — Natrix sp. —) depredatzaileren batek zuhaitz-igel bat ustekabean harrapatuko balu, pozoin horien poderioz berehala askatuko luke.

Baina ez pentsa zuhaitz-igela ikustea hain erraza denik! Igeltxo bihurri hauek, larruazalaren kolorazioa aldatu eta sustratoarena hartzeko gai direnez, mimetismoa izango dute lehen defentsabidea, eta beraz ordu asko egoten dira adar edo ihi bati helduta, argizarizkoak balira bezain geldirik. Dena dela, kolorazio-aldaketa horiek ez dira beti sustratoaren arabera gertatzen, eta berari eragiten dioten faktoreak ugariak dira: beldurra, humorea, hezetasun- eta tenperatur aldaketak, zeruaren kolorea, etab. Eta honetatik datorkio igeltxo bitxi honi gizakiongandiko harrera ona besteak beste; barometro naturaltzat erabili izan delako alegia. Honen arabera, eta normalena kolore berdea izanik ere, erraza da zuhaitz-igel urdinak, marroixkak, grisak jaspeztatuak edota ia zuriak ere aurkitzea.

Aipatu dugunez, zuhaitz-igelen espezializaio guzti hauek lehorreko bizimodurako moldaketak dira, baina hala ere honek ez du esan nahi urarekiko menpekotasuna gainditu dutenik; ezta gutxiagorik ere! Izan ere ornodun txiki hauek normalean uretatik gertu bizi behar dute, eta anfibio gehientsuenetan bezalaxe, derrigorrezkoa zaie gorputzaren hezetasun-maila mantentzea, deshidratazioa arrisku larria izanik. Hau dela eta, zuhaitz-igelen aktibitate-aldia, arratsean hasi eta goizalderarte luzatuko da, eta araldian ezik, egunez ez dira agerian ibili ohi. Era berean, uda oso beroa gertatuz gero, zuhaitz-igelek estibaziorako joera izango dute, eta kanpo-baldintzak hobetu arte putzutako lokazpetan, goroldio-azpitan edota landareen sutraietan izkutatzen dira, udako sargoritik ihesi. Beren gorputzaren tenperaturaren kontrolik ez dutenez, ingurunea hotzegia gertatzen zaienean ere, aktibitatea galdu egiten dute, neguko letargian sartuz. Hibernazio honek urritik martxorarte irauten du.

Eguraldia zerxobait epeltzean, eta ur-ertzak mota guztietako landare berri eta freskoz jazten direnean, Udaberriko Jaiak hasten dira animalia askorentzat, eta baita zuhaitz-igelentzat ere. Apirila hasterako, eta emeei aurrea hartuz, zuhaitz-igel arrak dotore jazten dira. Lepapeko zorro bokaleko koloreak indartu egiten zaizkie sasoi honetan, sarritan tonalitate moreak agertuz. Eta egitura honi esker, garai bateko koblakariak balira bezala, eta talde handitan elkartuta, beren kantu zaharra aldarrikatzeari ekiten diote.

Kantu horren garrantzia ikaragarria da ugalketarako; deialdi hutsaz gain, elkarrezagupenerako ere balio bait du. Izan ere, zuhaitz-igel arrunta ( Hyla arborea ) eta hegoaldeko zuhaitz-igela ( Hyla meridionalis ) elkarrekin bizi diren lekuetan, bi espezieen arteko hibridazio eza kantuen ezberdintasunean oinarritzen omen da (Paillete, 1967), behaketa hau antzina espezie bereko subespezietzat jotako bi zuhaitz-igel hauek espezie ezberdintzat hartzeko erizpide bilakatu delarik.

Ugalketa uretan gertatzen da, kanpo-ernalketa anplexo axialez burutzen delarik. Zuhaitz-igel arra emearen bizkar gainera igotzen da, eta eskuen barnekaldean dauzkan maskurrei esker, emeari besoen atzekaldetik estu-estu eusten dio, honela denbora luzez mantenduz. Posizio honetan, jadanik garatuta dauzkan arrautzak kanporatzen laguntzen dio emeari. Eta arrautza hauek kanpora doazen heinean, arrak jariatutako espermioaz ernaldu egingo dira.

Errunketa edo arrautz jartzea gauez izan ohi da, eme bakoitzak (putzuaren hondoan multzoka) ehundaka ale uzten dituelarik.

Arrautzaren garapenak 12-15 egun irauten du, baina epe hau uraren tenperaturarekin alda daiteke. Orduan, larbaren muturraldeko guruin espezifiko batzuek, arrautzaren kapsularen hausteari eragiten dion substantzia bat jariatzen dute, eta eklosioa gertatzen da. 5-8 mm-ko larba jaioberriak ez dauka ia higitzeko ahalmenik; hiru egunetan, begiak, sudurtzuloak eta ahoa agertuko zaizkio, eta brankia eta isatsaren agerpenarekin batera, jadanik zapaburu esango diogun animaliatxoa mugitzen hasiko da.

Sasoi honetan, zuhaitz-igel gaztea —zapaburu hori bait da zuhaitz-igel berria— fitofagoa da, landareak alatuz (janez) elikatzen den animalia, beste elikagaiak erabil baditzake ere. Zapaburuak adibidez, ura xurgatu eta bertan doazen plankton eta hondakin organikoak iragaziz bizi dira; zurgatutako ura buruaren ezkerraldera irekitzen den hodiantzeko egitura baten bidez kanporatuko dute, hodi hau espirakulu izenaz ezagutzen delarik.

Zapaburuaren garapenak hiru bat hilabete behar ditu, nahiz eta berriro ere epe hau tenperatura eta beste zenbait faktoreri lotuta ageri. Denbora honetan gertatzen diren eraldaketak izugarriak dira: begi-bistakoak diren hanken agerpena eta isatsaren galeraz gain, beste moldaketa fisiologiko sakonak ere derrigorrezkoak izango dira; bizimodu urtarretik lurtarrera pasatzeak eskatzen dituenak, hain zuzen. Epidermia iragazkaitz bilakatuko da, eta zentzumen-organoak ere ingurune berriari egokitu beharko zaizkio. Bestalde, fitofago izatetik depredatzaile izatera pasako direnez, aho, barail, eta liseri-hodian ere eraldaketa nabariak gertatuko dira.

Prozesu guzti hau amaitzean, zuhaitz-igel gaztea lehorrera ateratzen da, eta ez da gehiago uretara itzuliko, handik hiru edo lau urtera heldutasun sexuala lortu arte.

Baina, hau ehundaka arautzetatik bakar batzuek besterik ez dute lortuko. Eta azkenean, hainbeste arrautza jartzearen zentzua hor legoke: heriotz-maila handi horretan alegia.

Dena dela, zuhaitz-igelen arazoak beste alde batetik ere badatoz egun. Gizarte industrialak inguruneari emandako jipoiaren parterik handiena agian habitat hezeek jaso dutela gauza jakina da; putzu eta zingirak leku zatarrak direla esaten da, gaisotasunen iturri, edota behintzat, hauek zabaltzen dituzten eltxoen sorleku —eltxo horiek gure etxe-alboko solairuan ere sortzen direla ahaztuz—. Arrazoi horiek direla eta, zuhaitz-igelen bizilekuak zementoz estaltzen dira, hauek emigrazio edota desagerpenera behartuz.

Arazo hau larriagoa da hegoaldeko zuhaitz-igelen kasuan ( Hyla meridionalis ). Hego Euskal Herrian igeltxo hau es da Donostia aldean baino aurkitu, eta behaketak aspaldidanik badatoz ere (Bosca, 1879), inguru zehatz batera mugatzen direnez, kolonia eskaz eta isolatu bati dagozkiola suma daiteke. Ba arazo hauek kontutan hartu gabe, edo okerragoa dena, honi buruz ideiarik izan gabe, azken hiru urte honetan hegoaldeko zuhaitz-igelak bizi zirenetako bi putzu handi lehortu egin dituzte. Martxa honetan liburutan besterik ez ditugu ikusiko!

Ez ote da zuhaitz-igel nazkagarri horiei ere arreta handiagoz begiratzeko ordua?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia