}

Zuekin, Mantophasmatodea ordena berria

2002/04/18 Elhuyar Zientzia

Intsektuen ordena berria aurkeztu du Kopenhageko Unibertsitateko talde batek, eta Mantophasmatodea izena jarri dio.Ordena horretako intsektuek kilkerren eta intsektu makilen itxura dute.

Namibiako goi-mendietako zelaietan bizi omen dira eta haragijaleak dira, sabelean intsektuen hondakinak aurkitu baitizkiote indibiduo bati. Grylloblattodea ordenarekin eta intsektu makilekin erlazionatuta egon daitezkeela diote zientzialariek.

Ezkerretara M. subsolana espeziearen burua eta eskuinetara M. Zephyra-rena

Doktoretza-ikasle batek egin du aurkikuntza. 45 milioi urte zituen intsektu-fosil bat aztertzen hastean, orain arte ezagutzen diren ordenetako batean ere ez zela sartzen ikusi zuen. Hortik abiatuta, museoetan gordetako identifikatu gabeko intsektuak aztertzen hasi zen. Eta batzuk fosilaren antzekoak zirela konturatu zen. Denak Afrikako hegoaldetik ekarriak izan ziren XX. mendean.

Kopenhageko Unibertsitateko taldeak Namibiara egin zuen bidaian topatutako indibiduo biziek susmoak egiaztatu zituzten. Intsektu-ordena berri bat topatu zuten: Mantophasmatodea.

Oraingoz, anbarrean kontserbatutako indibiduoekin, museotan gordetakoekin eta bizirik topatu direnekin, hiru genero bereiztu dira ordena horren barruan. Eta, diotenez, beste bi genero berri aurkezteko bidean daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia