}

Zooplanktonaren gorabeherak

2001/07/05 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Harraparietatik zein izpi ultramoreetatik ihes egiteko, zooplanktona hondoratu egiten da egunez.

Eguzkia ateratzen denean, zooplanktona pixkanaka hondoratu egiten da eta, arratsaldean, argia ahultzen denean, berriz goialdera itzultzen da. Orain arte, migrazio-mota hori azaltzeko, zooplanktonak ikusmenaz ehiza egiten duten harraparietatik ihes egin behar izaten zuela onartzen zen. Hala ere, migrazio hori arrainik (harrapariak) gabeko esparruetan ere ikusi da, eta, beraz, beste arrazoiren bat egon behar du hori gertatzeko.

Alemanian, Munich-eko unibertsitateko ikertzaile batzuek beste azalpen bat ematera ausartu dira. Ikerlariek ez dute ihes egitearen azalpena baztertu, baina Daphnia generoko zooplanktonarekin hainbat azterketa egin dituzte laborategian eta migrazioan Eguzkiaren izpi ultramoreek eragina handia dutela ondorioztatu dute zientzialariek.

Aztertutako zooplanktonean, izpi ultramoreetatik babesteko zenbat eta pigmentu gehiago izan, orduan eta gehiago murgiltzen dira. Zoologoen arabera, horrek esan nahi du Eguzkiaren argiak zooplanktona murgiltzera bultzatzen duela. Murgiltze horretan espezie horiek beste onura batzuk ere izaten dituzte, harrapariekin zerikusia dutenak, adibidez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia