Zomorro aseezinaren ibilbidea
1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Karibeko Granada irlara iaz ezustean iritsi zen bisitaria lehenbailehen kanporatzeko berebiziko ahaleginak egiten ari dira, baina orain arte ez dute deus lortu. Bisitaria ezezaguna zen guztiz, baina hilabete hauetan berehalako ospea lortu du Granada osoan eta baita inguruko irletan ere. Bisitaria landareei eraso egiten dien zomorro aseezina da eta itxura guztien arabera, Afrikatik heldu omen zen Karibera.
Geroztik sekulako triskantza eragin duela diote Granadako Nekazaritza Saileko arduradunek: 1995ean 60 milioi dolar inguruko kalteak eragin zituen, hau da, Granadako barne produktu gordinaren laurdena zomorroak “janda” galdu zuten.
Ikerlarien iritziz, zomorroaren ibilbidean Granada geldiune labur bat baino ez da izan eta aurki Karibe osora hedatzeko ahalegina egingo omen du. Horretan bederen huts egin dezan, gerra bizian ari dira nekazariak eta biologoak. Berriki jakin ahal izan denez, 70ko hamarkadan antzeko izurritea gertatu zen Afrikan eta orduan bizkarroi batez baliatu ziren zomorroari aurre egiteko.
Alabaina, ikerlariak ez datoz bat Granadako izurritea gerarazteko erabili beharko litzatekeen bizkarroia zein den esatean. Tamalez, esamesaka galdutako hilabeteak ezingo dira berreskuratu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia