Zoldaren arazoa burutik kendu nahian
2007/12/16 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ikerketan, nazioarteko zientzialari-talde batek egin du lan, Ohioko Unibertsitatean (AEB). Gainera, Procter Gamble multinazionaleko adituen laguntza izan dute. Multinazional horrek gorputzaren higienerako hainbat produktu ekoizten ditu, beste produktu askoren artean, eta oso ezaguna da merkaturatzen duen zoldaren kontrako xanpua. Aurkikuntza honek, noski, aurrerapauso handia ekarriko du horrelako produktuen ikerketan.
Jakina zen Malassezia globosa onddoa dela zoldaren erantzule nagusia; zoldaz gain, seborrea-dermatitisa, psoriasia eta ekzemak sortzen ditu. Malassezia generoko onddoek zeresan handia dute azaleko hainbat eritasunetan. Onddo horiek ez dute ekoizten gantz-azidorik, bizitzeko beharrezkoak badituzte ere. Horregatik, gizakiaren azaleko gantzaz elikatzen dira.
10 litro onddo
Ikerketa egiteko, M. globosa onddoaren 10 litro ekoitzi zituzten laborategian. Kopuru hori laborategitik kanpo lortzeko, Londresko populazio osoaren buru-azaleko onddoak jaso beharko lirateke.
Ikerketa honen bidez jakin dute onddo horren genoma 4.285 genez osatua dagoela, giza genomak baino 300 aldiz gene gutxiago. Genoma aztertuta frogatu dute onddo horrek hamaika entzima-klase ekoizten dituela; zehazki, zortzi lipasa eta hiru fitolipasa. Entzima horiek erabiltzen ditu onddoak larruazalak berezkoa duen seboa zatikatzeko. Orduan, azalaren lehen geruzan barneratzen da, eta, han, azal-zelulak hausten ditu.
M. globosa onddo-kantitate normala duen pertsonari ez dio arazorik sortzen prozesu horrek. Izan ere, mekanismo horren bidez hilean behin berritzen dira larruazaleko zelulak. Baina, onddo gehiegi izanez gero, prozesua azkartu egiten da. Hildako zelulen kopurua handitu egiten da eta blokean askatzen dira. Buruko larruazaleko zelulak gehiegi askatzea da zolda.
Zientzialarien ustez, M. globosa ren genomak onddo askoren kontra egiteko bideak garatzen lagunduko du, bai gizakietan eta bai animalietan. Horien artean, xanpu edo krema genetikoak garatu ahal izango direla uste dute, onddo horien kontra egiteko.
Gorputza onddoz josia
Onddoak bizkarroi moduan bizi dira animalia eta landareetan. Giza azalean milioika onddo egon daitezke, eta bakterioekin orekan bizi dira gure gorputzeko atal guztietan. Egoera normaletan ez dute eragozpenik sortzen, baina gehiegi ugaltzen badira, oreka hautsi egiten da, eta arazoak sor daitezke. Hainbat kanpo-faktorek izan dezakete eragina hazkuntza horretan; beroak, hezetasunak edo higiene eskasak, adibidez. Baina baita antibiotikoen edo beste gaitz baten ondorioz defentsak gutxitzeak ere; edo odol-zirkulazio txarrak, edo larruazalaren oxigenazio egokia oztopatzen duten arropa edo oinetakoak erabiltzeak.
Buru-azalean 10 bat milioi onddo aurki daitezke, xanpuen bidez nola edo hala kontrola daitezkeenak. Zolda eragiten duen onddoa aztertzea txikikeria bat dirudien arren, populazioaren % 50ek zolda-arazoak dituela kalkulatzen da. Zu ere horietakoa bazara eta arropa iluna zure armairutik erabat baztertua baduzu, izan itxaropentsu. Izan ere, hau izan daiteke zoldaren arazoa behingoz burutik kentzea lortuko duen ikerketa-lerroa.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia