Ziurgabetasuna, gertutik begiratuta
2009/06/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ez dirudi serioa zientziaren oinarrietako bat ziurgabetasuna izatea. Baina bada. Zientzialarien alferkeria dirudi: konpontzeko zaila den zerbait konpondu beharrean, badirudi zientzialariek nahiago dutela esan zientziaren oinarrietako bat dela. Baina ez da horrela. Ziurgabetasuna naturaren ezaugarri bat da.
Hain zuzen ere, fisikaren printzipioetako bat da, hau da, teoria bat baino zerbait handiagoa, zabalagoa. Printzipioak esaten du gizakia ezin dela ziur egon sistema bati lotutako magnitude guztiak neurtzean. Sistema fisiko baten energia, denbora, abiadura, posizioa eta beste magnitude asko neur daitezke. Baina ez denak aldi berean eta zehaztasun handiz.
Fisikaren printzipio bat da, baina zaila da ulertzeko, horretan ez baitigu laguntzen intuizioak. Nola ez dugu neurtuko auto baten abiadura zein den eta non dagoen, zehatz-mehatz eta aldi berean?
Kontua da ziurgabetasuna ez dela oso nabarmena gauza 'handien' fisikan; efektu horri antzemateko, tamaina mikroskopikoan egin behar da lan, edo, hobeto esanda, tamaina nanoskopikoan. Atomoekin eta partikula txikiagoekin lan egiten dutenek hartu behar izaten dute kontuan.
Esate baterako, fisikari batek zehaztu dezake non dagoen atomo bat. Baina neurketa horren zehaztasuna handitu ahala, atomo horren abiadura zein den esateko aukera galtzen du. Eta abiadura neurtzeko ahalegina egiten badu, atomoaren posizioaren ziurtasuna galtzen du.
Hori adibide ezagunenetako bat da, baina ez da bakarra; posizioa/abiadura bikoteaz gain, beste magnitude-bikote batzuk ere badaude. Energia eta denbora aldi berean neurtzen direnean, zehaztasuna galtzen da (edo magnitude baten zehaztasuna galtzen da bestearen mesedetan, behintzat).
Zientzialaria ezin da ziur egon, eta ziurgabetasuna ez da berea, hau da, arazoa ez da teknologia on bat falta duela bi neurketak zehatz egiteko. Inork ez du inoiz asmatuko neurketa-arazo hori konponduko duen gailu edo metodo miresgarririk. Ez da hori. Ziurgabetasun-printzipioak esaten du berez ezin direla gauza guztiak zehaztasunez neurtu. Ez duela zentzu fisikorik. Oso arraroa da, eta, esan bezala, fisikaren printzipio bat da.
Argazki-makina
Intuizioa erabilita ulertzeko, gauza txikien argazkilaritzarekin konpara dezakegu. Lore baten, giltza baten edo intsektu baten argazkia oso gertutik egiteak antzeko arazoak ekartzen ditu.
Arazoa da oso-oso gertu dagoen gauza batetik argazki-kamerara iristen diren argi-izpiak oso angelu ezberdinetatik datozela. Intsektu bati argazkia egiteko, litekeena da hamabost zentimetrora egotea objektibotik, gutxi gorabehera. Distantzia horretara, leiarra oso zabala da intsektuarekin alderatuta, eta horrek oso zaila egiten du irudia fokatzea. Leiarrak izpiak kamera barrura bideratzen ditu, eta fokatzeak esan nahi du intsektuaren toki beretik datozen izpi guztiak puntu jakin batean kontzentratzea kamera barruan.
Azkenean, adibidez, intsektuaren begietatik datozen izpiak kontzentratzen baditugu kameraren barruan, intsektuaren hanketatik datozenak ez dira puntu batean kontzentratuko, eta fokatu gabe ikusiko ditugu.
Horrelako argazkiak egiteko teknika konplexuagoa da, makro izeneko objektibo bereziekin egiten delako lan, eta kameraren diafragma itxita angeluen arazoa txikiagoa egiten delako, besteak beste. Baina teknika edozein dela ere, fokatuta dagoen eremuaren zabalera, eremu-sakonera, mugatua da, eta argazkilariak aukeratu egin behar du zer egongo den fokatuta, jakinda bestea fokatu gabe geratuko dela.
Gauza bat fokatzeko, nahitaez, beste guztiak fokatu gabe utzi beharko dira. Fisikaren ziurgabetasuna bezala. Laborategiko tresnak magnitude bat zehatz-mehatz neurtzeko manipulatzen badira, --fokatuta ateratzeko--, nahitaez, ez dituzte zehaztasunez neurtuko beste magnitudeak --fokatu gabe utziko dira--.
Werner Heissenberg fisikaria konturatu zen horretaz, mekanika kuantikoaren oinarri matematikoa garatzen ari zela. Eta, geroztik, kontrako iritziak izan dira. Askok ez dute onartzen ziurgabetasuna naturaren ezaugarri bat denik. Albert Einsteinek berak ez zuen onartzen. Baina orain arteko esperimentu guztiek arrazoia eman diote Heissenbergi. Fisikan, magnitude askoren neurketak fokatzea galtzea ekartzen du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia