Zita saturnorekin
2004/09/19 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Begi hutsez ikusten da puntu hori, izar bat balitz bezala. Baina izar gehienek baino distira handiagoa du; egia esan, Sirio bakarrik da Saturno baino distiratsuagoa planeta gertu daukagunean. Horregatik ezagutzen da aspalditik planeta; ez dakigu nork identifikatu zuen Saturno lehen aldiz, baina badakigu zibilizazio zaharrek bazutela haren berri.
Erromatarrek eman zioten izena, jainko baten omenez. Saturno jainkoa Jupiterren aita zen, eta Jupiter bera, Marteren aita. Baina Saturno oso jeloskorra zen, eta, seme-alabek postua ken ez ziezaioten, jan egiten zituen. Hori astakeria, norberaren seme-alabak jatea! Ez dezagun ahatz erromatarren mitologiaz ari garela eta istorio horrek ez duela zerikusirik planetarekin. Ala bai?
Saturno da begi hutsez ikusten den planetarik urrunena. Jupiterrera joango bagina, hau da, bide luze eta aspergarri hori egingo bagenu, artean Saturnorako bidearen erdian izango ginateke, gutxi gorabehera. Erdian bakarrik.
Ez du hori ematen laneten zerrenda aipatzean. Marte, Jupiter, Saturno… planeta bateraino joanda, ematen du bertatik bertara dagoela hurrengoa. Baina ez, distantziak izugarri handitzen dira zerrendako salto bakoitzean.
Izan ere, Saturno gutxienez 1.195 milioi kilometrora dago, eta, hala ere,ikusi egiten da. Horrek esan nahi du oso planeta handia dela, oso handia eta beste zerbait gehiago: argi asko islatzen du.
Saturno teleskopioz behatu zuen lehen astronomoa Galileo Galilei italiarra izan zen. Ez da harritzekoa, eguzki-sistemako gauza asko behatu baitzituen teleskopioz lehen aldiz. Ilargian, mendiak eta 'itsasoak' ikusi zituen; Eguzkian, orbanak; Artizarrean, Ilargiarenak bezalako aldiak; Jupiterren inguruan, ilargitxoak; eta, gainera, izar berriak ikusi zituen eta besteak distiratsuago ikusi zituen.
Eta Saturnon? Saturno behatu zuenean, 1610ean, hiru 'bola' ikusi zituen bakarra ikusi beharrean. Erdiko esfera, planetaren 'puska' nagusia, handiena zen, eta alboetan bi bola txiki zituen itsatsita.
Galileo harrituta zegoen. Gauza ezezagunak aurkitzen ari zen espazioan, baina hori ulertezina zen. Dena dela, ezustekoa ez zen horrekin bukatu. Saturno behatzen zuen bakoitzean planeta aldatuta azaltzen zitzaion; hain zuzen ere, alboetako bolak gero eta txikiagoak ziren. Azkenean, 1612an, desagertu egin ziren, eta Saturno esfera bakarra bilakatu zen, beste edozein planeta bezalaxe. Harrigarria, benetan.
Ez zen posible. Planetak, erromatarren jainkoak bezala, seme-alabak jaten zituen. Zer demontre gertatzen zen?
Saturno behatzeari utzi zion Galileok. Planeta ero hura gabe ere arazo larriak zituen. Baina beste astronomo batzuek irrikaz zuzendu zituzten teleskopioak planetatxoak jaten zituen planetarantz. Denborarekin, teleskopio hobeak egin zituzten. Eskerrak. Galileorena lehenengo teleskopioa izan zen, eta horregatik izan zen garrantzitsua, baina oso tresna kaskarra zen. Gaur egungo prismatiko merke batzuen parekoa, edo okerragoa.
Teleskopio hobeak erabilita, hainbatek belarri itxurako gauza batzuk ikusi zituzten Saturnoren alboetan. Baina inork ez zuen lortu belarriak zer ziren argitzea. Azalpena Christiaan Huygens nederlandarrak aurkitu zuen. Baina Galileok ikusi zuen prozesuaren aurkakoa gainditu behar izan zuen horretarako. Saturno lehen aldiz behatu zuenean, esfera bakarra zen; ez zeukan ezer alboetan.
1655ean ilargi bat aurkitu zuen. Titan izena eman zion; Galileok Jupiterrekoak aurkitu ondoren topatutako lehen satelitea izan zen. Dena dela, horrek ez zion erantzun Saturnoren belarrien galderari.
Erantzuna denborarekin etorri zen, urteen poderioz berriz agertu baitziren. Huygensek Galileok baino askoz teleskopio hobea zuenez, argi eta garbi ikusi zuen ustezko bola edo belarri horiek Saturnoren inguruko eraztun bat zirela. Eraztun hori agertu eta desagertu egiten zen planetaren inklinazioaren arabera.
Mundiala: Saturnoren inguruan planeta ukitzen ez zuen eraztun bat zegoen. Huygens oso pozik zegoen. 1659. urtea zen.
Dena dela, Giovanni Domenico Cassini italiarrak gehiago zehaztu zuen eraztunaren itxura. Berrogeita sei metroko teleskopio luze bat erabili zuen; garai hartan, luzatu egiten zituzten teleskopioak zehaztasuna handitzeko.
Cassinik beste lau satelite ikusi zituen Saturnoren inguruan. Eta 1675ean konturatu zen Saturnoren inguruan eraztun bat ez baino bi eraztun zeudela; hutsune handi bat dago bien artean. Geroztik, hutsune handi horri Cassiniren etena deritzo.
Hemen esandakoa nahikoa da Saturnora iritsi den misioaren izena ulertzeko. NASAk eta ESAk Huygens-Cassini izeneko misioa bidali dute planeta ederra, eraztuna eta sateliteak ikertzeko. Galileo izena ere gehi zezaketen, baina gehiegizkoa izango zen. Gainera, Jupiter eta haren sateliteak ikertu zituen zundak izena zuen Galileo. Beraz, espazio-ontzi gehiegi izango lirateke astronomo bakar baten omenez, ezta?
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia