}

Zinta superitsasgarria gekoetan oinarrituta

2003/06/03 Elhuyar Zientzia


Manchester-ko Unibertsitateko ikertzaileek itsasteko ikaragarrizko ahalmena duen material bat asmatu dute. Haien esanean, material interesgarria da, aplikazio askotan erabil daitekeelako, hala nola, errepideari hobeto helduko dioten pneumatikoetan, zauriak ixteko zinta itsasgarrietan, eskalatzaileen eskularruetan, eta beste hainbatetan.

Material hori lortzeko, gekoetan oinarritu dira. Gekoak ezagunak dira duten itsasteko gaitasunagatik: oin bakar batetik sabaitik zintzilika daitezke erori gabe. Duela gutxi, zientzialariek gekoen sekretua argitu zuten, eta gaitasun hori zeri zor zioten jakin zuten. Hain zuzen ere, oinetan dituzten iletxoei esker dira edozein tokitara itsasteko gai.

Azala lehorra duten materialetan, iletxo horiek Van der Waals indarren bidez lotzen zaizkie materialaren molekulei. Hezeei lotzeko, berriz, xurgatzearen moduko indarrak sortzen dira. Lekedarik ez dagoenez, azala erabat garbi gelditzen da gero. Eta ikertzaileek egindako zinta horrekin ere gauza bera lortu dute, zinta kendu eta gero inolako arrastorik ez gelditzea, alegia. Gainera, beste edozein itsasgarri baino itsasgarriagoa da.

Material horrek, ordea, badu eragozpen bat: oraindik oso garestia da industria-mailan ekoizteko. Beraz, ikertzaileak materiala merkatzeko modua aztertzen ari dira.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen.

Argazkia: PNAS / Paul D. Stewart.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia