}

Zientzien Historiaren euskal museoa

1997/03/01 Urkizu, Urtzi Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUko Leioako campusean, Medikuntza Fakultatean eta Bibliotekan dago Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa. 1.520 metro karratuko azalera du, 21 aretotan banatuta eta bertan 4.549 gauzaki eta 5.000 liburu daude, batez ere helburu didaktikokoak. Medikuntzaren historiaren Museoa da nagusiki, baina Natur Zientzien eta Teknologiaren historiaren museoa ere bada. Ikus dezagun, bada, Euskal Herriko Medikuntzak nondik jo duen azken mendeetan.

Museo honen bultzatzaile eta sortzaile nagusia Jose Luis Goti Iturriaga doktorea da; gaur egun bera da arduradun eta zuzendaria.

Fundazio unibertsitarioa da juridikoki; patronatu batek gidatzen du eta hainbat langile ditu. Eusko Jaurlaritzak bere garaian onetsi zuen Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa Fundazioa. Museoa Fundazioaren Kontseilu Artezkariak zuzentzen du, EHUko errektorea buru duena. Kontseilukideak, berriz, Euskal Herriko unibertsitate-, zientzi eta kultur munduko pertsonak dira.

Baina museo honen sorkuntza nondik datorren jakiteko, 1969ra jo behar dugu. Urte hartan egin zen antropologia astean, Koldo Mitxelena, Joxe Miel Barandiaran, Escudero, Basabe eta beste hainbat bildu ziren. Goti doktorea, bere tesi doktorala 60. hamarkadan egin ostean, euskal medikuntza jorratu nahian zebilen. Laguntza ugari jaso zituen kultura, zientzia, medikuntza eta unibertsitateko pertsona batzuen eskutik eta aurrera egin zuen; 1979an Euskal Herriko Medikuntzaren inguruko eskolak ematen hasi zen (larunbat goizetan unibertsitatean).

Eta azkenik, mediku eta akademiko batzuek ekarritako gauzaki, material, liburu eta dokumentuei esker, 1982ko maiatzaren 25ean inauguratu zen museoa. Monreal irakaslea zen orduko errektorea eta Mendez doktorea Medikuntza Fakultateko dekanoa. Han izan ziren, besteak beste, Julio Caro Baroja eta Joxe Miel Barandiaran.

Hainbat jardunaldi, mahainguru eta ekitaldi burutu dira museoan, Goti doktoreak esan digun bezala. “ Museoak helburu eta betekizun ezberdinak ditu. Batetik, interes zientifiko eta kulturala dugu.Bestetik helburu dozentea edo didaktikoa: ikasleek medikuntza-praktikak egiten dituzte bertan eta hemen ikasitakoak azterketarako balio du ”. Aurtengo urtarrilaren 25ean museoko aparatuak martxan jarri ziren eta ikuskizun interesgarri honetara 200 pertsona baino gehiago gerturatu ziren.

Ohizko bisitari-kopuruari dagokionez, urtero bi mila lagun inguru izaten dela esan daiteke. Hala ere, gero eta jende gehiago joaten da bertara, museoa gero eta ezagunagoa den heinean.

21 areto erakargarri

Medikuntza Fakultatean dauden hiru aretoetatik hasita, lehenengoa Granjel gela dugu. Mintegi-aretoa da, baita Irakaskuntza-gela eta Biblioteka ere. Hainbat hitzaldi, ekitaldi eta mahainguru burutu dira bertan. Nabarmentzekoak dira Bilboko lehen mikroskopioak eta Karlistaden garaiko oftalmologi eta urologi kirurgiarako tresnak.

Osasun-laguntzaren ikuspegi historikoa eskaintzen da bigarren aretoan, Barandiaran aretoan alegia: Herri Medikuntzaren sinismenaren alderdia dago batetik eta alde enpirikoa bestetik. Arretaz begiratzekoa da Joxe Miel Barandiaranen gutuna.

Medikuntza Fakultateko hirugarren eta azken aretoa, Barriola aretoa, tratamendu kirurgikoari eskainitakoa da. Joan den mendeko kirofano bat bisitatu daiteke, jatorrizko ateekin, ebakuntza-mahaiarekin, kirofanoko lanparekin eta garai hartako kirurgi materialarekin. Aldamenean, Bilbon erabili zen lehenengo bihotz artifiziala dago.

Leioako campusetik paseotxo bat egin eta gero Biblioteken Eraikineko lehenengo solairura abiatuko gara. Hemen hamasei areto dauzkagu bisitatzeko. Lehenik, Caro Baroja aretoan Aristegi doktorearen mende-hasierako bulego ederraz gozatzeko aukera dugu.

Caro Baroja aretoaren aurrean Monreal aretoa dago. Ikusgai dauden 50 aparatuek aurrezaintzako medikuntza ezagutzeko aukera ematen digute, irakite-teknikoak germenak hiltzeko, adibidez.

Bustintza aretoa da hurrengoa, gaixotasunen identifikazioari eskainia dena. XIX. eta XX. mendeetako mikroskopio ederren bilduma dago bertan.

Pisu eta Neurrien aretoan 20 balantzatik gora erakusten dira. Bereziki deigarria da Bilboko auzi-metroa , Bilbon neurriak zirela eta gertatzen ziren auzietan patroi gisa erabiltzen zena.

Laborategi Klinikora sartuko gara ondoren. Azterketa klinikoetarako tresneria dago ikusgai (urometroak, polarimetroak, hemometroak, etab.), liburutegi zabalaz eta marrazki anatomikoez gain, besteak beste.

Aranzadi aretoa dugu bederatzigarrena, Natur Zientziez soilik arduratzen dena. Historiaurreko animalien hondakinak, Lañoko (Araba) dinosauruen hezurrak eta mea hondakinak ikus daitezke.

Espezialitate medikuak jorratzen dira hurrengo bost aretoetan: Endoskopia, Odontologia, Oftalmologia, Kardiologia eta Botanika Medikoa (Fitoterapiaren mundua azalduz). Hamaseigarren aretoa ikonografikoa da, Euskal Herriko osasun-erakundeen erakusketa bat diapositiba bidez.

Farmazia kontuak azaltzen dira Goiriena de Gandarias aretoan. Milatik gorako substantzia eta ehunen bat botika-ontziren bilduma daude bertan. Sendagaiaren historiaz jabetzeko leku aproposa, dudarik gabe.

Elhuyar aretoa Euskal Herriko teknologiaren irakaskuntza ezagutarazteko sortu da. Alvarez Isasi irakasleari esker bildutako materiala bitan bana daiteke: batetik, teknologiaren historia hutsa gehi teknika berezietarako eta praktiketarako prestaturiko tresnak; eta, bestetik, irakaskuntzarako ikusentzunezko metodoak, irakaskuntzarako tresnak, alegia. Nabarmentzekoak dira mende-hasierako eskuzko zine-kamera, pantailan agiri didaktikoak irakurtzeko proiektagailua eta optika-laborategiaren argi proiektagailua.

Azkeneko aretoa tokoginekologiakoa dugu. Egurrezko mahai tokoginekologiko zaharrak dira erakusgai. Garai batean emakumeek erditzea nola egiten zuten ezagutzeko aukera ematen zaigu bertan.

Amaitzeko, aipatu behar da orain eraberritzen ari direla Achucarro aretoa. Laster inauguratuko den areto honetan laborategiko materiala erakutsiko da bereziki.

Jakin beharrekoa

ORDUTEGIA
Lanegunetan 12:00etatik 14:00etara.
Dohaineko sarrera.
Itxita: Gabonetan, Aste Santuan, Uztailean eta Abuztuan.

HELBIDEA
Leioako Medikuntza Fakultatea.
Telefonoa: (94) 4647700. 2647 edo 2160 luzapenetara dei daiteke
goizeko 9etatik aurrera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia