Zientziaren hierarkizazioa
1994/02/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mendebaldeko zientziak, sortu zenetik gaurdaino, unibertsoa hierarkizatu egin du, gero unibertso horri jakintza zientifikoa aplikatzeko. Gure planetaren eboluzioan garatu den egitura konplexuena gizartea dugu. Etengabe mugitzen ari den giza multzo konplexu hori ulertu eta ikasteko Soziologia asmatu dugu eta zientzi adar horren oinarrizko elementua klase soziala dugu. Baina konplexuenetik sinpleenerantz doan hariari jarraitzen bagatzaizkio gizartearen multzoa norbanakoz osaturik dagoela ikusiko dugu, elementu horiek gizakumeak direlarik.
Gizakumea ente adimentsua da, eta berau ulertu eta aztertzeko Neuropsikologia asmatu behar izan dugu. Zientzi adar honetan elementu erreferentziala neurona dugu. Adimendun izakia oso unibertso konplexua da eta aldi berean zelulaz osaturiko multzoa ere bai. Zelula horien funtzionamendua azaltzeko Biologia asmatu behar izan da. Zelulak, molekulaz osaturik daude, eta molekulen jokabidea ulertzeko Kimika izeneko zientzi arloa sortu behar izan da.
Garapen hau ez da horrenbestez bukatzen, zeren eta molekulen oinarrizko elementuak atomoak baitira. Atomoen mundu ikustezina ulertzeko Fisika dugu jakintza-arlo boteretsuena. Atomoen barnean nukleoak (protoi eta neutroiez osaturik) ditugu eta azpiunibertso hori ezagutu eta kontrolatzeko Fisika nuklearra sortu da. Eta protoi eta neutroiak baino zati txikiagoak daudela badakigu: quark deritzonak, hain zuzen.
Mendebaldeko zientziaren historiak, lehen ikusi dugunez, unibertsoan dauden elementuak hierarkizatzea izan du helburu, eta oraindik berean segitzen du, horretarako gero eta garestiago diren azeleragailuak etengabe eraikitzen ari delarik. Nire aldetik gero eta garbiago daukat zientzia ez dela ezagutza abstraktua; gizarte batek helburu konkretuak lortzeko eraikitako sistema berezia baizik.
Ez dugu ahaztu behar gure zientzia Europan orain dela 400 urte inguru kapitalismoarekin batera sortu zela. Eta dudarik gabe, zientzia horrek sortu deneko gizartearen oinarrizko baloreak errepikatu ditu. Lehen aipatu dugun gure zientziaren hierarkizazioa, klaseetan hierarkizatutako gizarte baten isladapena baino ez dela esan genezake. Gizarte batek ezin du bere esentziarekin kontraesanean dagoen pentsamendurik sortu. Eta zientzia pentsamendu-mota bat da.
Baina planeta honetan guztiok ez dugu berdin pentsatzen; ezta filosofatzen ere. Adibidez, Ekialdeko filosofiarentzat Natura ez da sistema hierarkizatua. Filosofia horren ustez, unibertsoa elkarkonektaturik dagoen sistema da. Unibertso osoa ez dago partez (zatikiz edo atomoz) beteta. Konektaturik dagoenez, parte guztiek balio berdina dute, eta handia ez dago txikiaren gainean. Unibertsoaren hierarkia lerro zuzen baten barnean (izakien tamainaren bitartez) ordenatu beharrean, lerro itxian ordenatzen dituzte. Zirkulu horren parte bat atzean dagoenaren ondorio da eta hurrengoaren kausa. Baina zirkulu horren beste puntu batean kokatzen bagara, lehenengo kausa efektu bihur daiteke, arazorik gabe.
Filosofia zientifiko honen esaera magikoa ondokoa izango litzateke: "Orotasuna betetzeko parteak behar diren bezala, parteak izan daitezen orotasunaren beharra dago". Naturak horrelako jokabidea izango balu, mendebaldeko zientziak ez luke inoiz bere helburua lortuko; alegia, materiaren zatiki txikiena aurkitzea. Zatiki txikienik (absolutuki hitz eginda) ez baitago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia