}

Zientzia lagungarri da Joko Olinpikoetan

2002/02/04 Elhuyar Zientzia

AEBetako Kimikako Elkartearen astekarian argitaratu denez, aurtengo Neguko Joko Olinpikoetan eragin handia izango du zientziak. Izan ere, kirol-materialak eta jantziak egiteko, teknologia aurreratuena erabili da. Ondorioz, baliteke inoizko marka onenak lortzea.

Eski gero eta arinagoak, iraunkorragoak, gogorragoak eta sentikorragoak egiteko, egurra, beira-zuntza, titanioa, karbono-zuntzak edota kevlarra nahasten dira besteak beste. Beraz, material-konbinazio onenaren bila, kirolariek eta kimikariek elkarrekin egiten dute lan.

Horretaz gain, argizari berriak asmatu dira bai elur gogorrean eskiak leun-leun irristatzeko bai arropak estali eta hotzaren aurka babesteko. Adibidez, Kaliforniako Unibertsitateko kimikari Donatelly-k adierazi duenez, domina olinpikoaren irabazle batzuek berak asmatutako Super HotSauce argizaria erabili zuten. Argizari horren ezaugarri nagusia da mendiaren goialdetik behealdera dagoen egoera-aldaketari erantzuten diola.

Izotz-gaineko hockeyan erabiltzen diren patinek eta stickek ere berrikuntza ugari izan dituzte. Esate baterako, beroarekin eskuaren formara egokitzen den materiala erabiltzen da stickaren heldulekuan.

Ikuskizuna hastear dago. Ea kirolariek zein etekin ateratzen dieten aurrerapen teknologikoei!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia