}

Zientzi Ikerketa eta Teknologi Garapen eta Berrikuntzako Plana (2000-2003)

1999/12/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikerlan zentro teknologikoak, 25 urte bete zituela eta, Berrikuntza Teknologikoari buruzko jardunaldia antolatu zuen joan den azaroaren 3an Donostiako Kursaalen. Han, Julio Guzmán Espainiako Gobernu Presidentetzako Zientzia eta Teknologiako Bulegoko aholkulariak Zientzi Ikerketa eta Teknologi Garapen eta Berrikuntzako Plan Nazionala (2000-2003) aurkeztu zuen. Hego Euskal Herrian ikerketan eta garapenean ari diren talde eta enpresen gain (unibertsitateak, zentro teknologikoak, ikerketa-guneak) zuzenean eragingo du plan horrek. Hori dela eta, Planaren nondik norako nagusiak ezagutzearren, Julio Guzmáni hainbat galdera egin dizkiogu.

Zer da, hitz gutxitan, hil honetan bertan onartuko den Zientzi Ikerketa eta Teknologi Garapen eta Berrikuntzako Plan Nazionala (2000-2003)? Zer berritasun ditu Plan horrek aurrekoekiko?

Planak duen berritasun nagusia hauxe da: ez da zientzi ikerketako plana bakarrik, Zientzi Ikerketa eta Teknologi Garapen eta Berrikuntzako Plana baizik (I+G plana izan beharrean, I+G+B plana da). Hau da, enpresen parte-hartzearen alde eta enpresen beharrei irtenbideak ekarriko dizkieten zientzia eta teknologiako ezagumenduak sortzearen alde apustu bipila egiten du Planak, ikerketan eta garapen teknologikoan (I+G) ezartzen den dirua gizartearen eta ekonomiaren hobekuntza ekar dezan. Horixe da lehen berritasun handia. Bigarrenik, aipatu beharra dago Estatuko Administrazioaren baliabide guztiak norabide bakar batean jartzen dituela. Lehenago bazegoen Plan Nazional bat, baina sektore publikora —unibertsitateetara eta ikerketa-erakunde publikoetara— mugatuta zegoen. Oraingo Planak, berriz, ministerio guztietako eta berrikuntza-prozesuan parte hartzen duten guztien —enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko, aholkularitza, erabiltzaile eta abarren— jarduera guztiak barne hartzen ditu.

Planaren sorreran parte hartu al dute Autonomia Erkidegoetako administrazioek?

Instituzioen sarean Autonomia Erkidegoek zeregin erabakigarria dute. Zientzia eta Teknologiako Batzorde Ministerioartekoak (Comisión Interministerial de Ciencia y Tecnología, CICYT) hainbat batzorde bereziren laguntza du. Horietako bat Zientzia eta Teknologiako Kontseilu Nagusia da eta berau da Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko elkarlanerako unitatea. Estatuko Administrazioak aurkeztu dituen txosten eta zirriborro guztiak Kontseilu Nagusi horretan eztabaidatu dira eta Plan berriaren helburu, egitura eta bitartekoei buruzko adostasuna landu da han. Adostasun hori berretsi egingo da Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen artean sinatuko diren lankidetza-hitzarmenetan.

Zer baliabide ekonomiko izango ditu Planak?

Datorren urteko aurrekontuan ikerketara eta garapen eta berrikuntza teknologikora 507.000 milioi pezeta esleitzea aurreikusita dago. Gainera, konpromisoa dago hurrengo urteetan Estatuko aurrekontuetan I+G+Bari dagokion atala Estatuko aurrekontu nagusien hazkunde orokorraren gainetik 2 edo 3 puntu haz dadin. Horrek esan nahi du aurrekontuaren beste sailen aldean lehentasuna duela.

Ba al dago Planean ekimenik edo neurririk enpresa-mailako eta unibertsitate-mailako ikerketen arteko lankidetza areagotzeko, bi ikerketa-mota horiek norabide berean jartzeko?

Bai. Plan honetan, lehen-lehenik, ahalegina egin da I+Garen jardueretan lehentasunak ezartzeko eta helburu sozioekonomiko zehatzetara bideratzeko, hau da, zientzi gai batzuei, arlo zientifiko-teknologiko eta sektore batzuei eman zaie lehentasuna ikerketa finantzatzeko orduan. Lehentasunak ezartze horri esker, jarduera publikoak gure gizartearen arazo ekonomiko eta sozialetara hobeto bideratuko dira. Gainera, lankidetza erraztuko duten tresnak sartuko dira. Adibidez, lankidetza-hitzarmen izenekoak. Horietan, unibertsitateetako eta ikerketa-erakunde publikoetako taldeei eta enpresa-taldeei dirulaguntzak batera emango zaizkie proiektuak lankidetzan egin ditzaten.

Orain arte hori ezinezkoa zen, unibertsitate eta ikerketa-erakunde publikoek Hezkuntza eta Zientziako Ministeriora, edo Kultura Ministeriora, jo behar baitzuten eta enpresek, berriz, gaiaren arabera, Industria Ministeriora, Nekazaritzakora edo Sustapenekora. Eta oso zaila zen jasotzaile desberdinentzako laguntza desberdinak sinkronizatzea.

Orain, proiektu-mota berri horretan, laguntza-eskaeraren erakunde hartzaile bakarra egongo da, gaiaren arabera —eta ez eskatzailearen arabera— aldatuko dena. Adibidez, industri teknologiei buruzko proiektuetan, Industria Ministerioak emango dizkie laguntzak proiektuak elkarrekin egiten dituzten enpresei eta unibertsitateetako taldeei. Horrela jokaturik, zientziaren mundua eta teknologiaren mundua hobeto uztartu nahi dira.

Planaren helburuetan I+Gra bideratutako barne-produktu gordinaren (BPG) portzentajea urtero % 0,1 handitzea aurreikusten da, 2000. urtean % 1 izango dena 2003. urtean % 1,3 izan dadin. Gaur egun Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetan aipatu portzentajearen batez bestekoa % 2koa dela kontuan izanik, ez ote da helburu apal samarra?

Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago ahalegin hori ez dagokiola Administrazioari bakarrik. Aitzitik, I+Gko gastua Administrazioak egiten duenaren eta enpresek egiten dutenaren batura da. Administrazioak egiten duen ahaleginarekin batera, enpresek ere ahalegina egitea behar-beharrezkoa da. Horretarako, oso pizgarri fiskal mesedegarriak ezarri ditugu, enpresek I+Garen finantzazioan parte har dezaten bultzatzearren.

Helburu apalegia dela pentsa lezake norbaitek, baina kontuan hartu behar da gastu hori barne-produktu gordinaren igoerari dagokiola. Espainia asko hazten ari da, BPGa % 5 inguru ari da igotzen. Beraz, balio absolutuetan oso igoera handia proposatzen ari da. I+Gn erabiltzen ari den diru publikoari erreparatuz gero, berriz, 1996tik gaur arte % 30 edo % 40 igotzen ari dela ikusten da. Hortaz, oinak lurrean izan behar ditugu. Gainera, hazkunde desorekatuak baliabideak ezin ondo bideratzea dakar. Plana asmo handikoa da: kontuan izan Europako Batasunean urtero I+Garen gastua BPGaren % 0,1 handitzen duen beste herrialderik ez dagoela. Pixkanaka-pixkanaka Europako gure kideen parera iritsi nahi dugu. Helburua 2010. urtean Europako batez bestekora iristea da, hau da, I+Gn barne-produktu gordinaren % 2 inguru gastatzea.

Orain arteko I+G planetan baliabide ekonomikoak tresneria lortzera bideratzen ziren, ez ikertzaileen gastuak ordaintzera. Estatuaren laguntzak ikerketa-erakunde eta unibertsitate publikoetara zuzenduta zeuden, hau da, ikertzaile funtzionarioak dauden tokietara. Aldatu egingo al du hori Plan berriak? Ikerketa-zentro pribatuek —zentro teknologikoek adibidez—, tresneria erosteko laguntzaz gainera, ikertzaileen soldatak ordaintzeko laguntzak eskuratzeko ere aukera izango al dute?

Aurreko I+Gko Plan Nazionala ingurune publikora mugatuta zegoen. Hezkuntza eta Zientziako Ministerioak —eta Kulturakoak geroago— kudeatzen zuen eta unibertsitate eta ikerketa-erakunde publikoetara zuzenduta zegoen. Baina Plan hori beste ministerio batzuetako plan eta ekimenekin osatuta zegoen. Adibidez, Industria Ministerioko plan batek I+G arloan lan egiten zuten enpresa, zentro teknologiko edo erabiltzaileei dirulaguntzak ematen zizkien. Beraz, erakunde pribatuen langile-gastuak ordaintzeko laguntzak ematen ziren, baina beti ere proiektu jakinetan zeuden langile-gastuak, hau da, ez zen mota guztietako jardueretara zuzenduriko oinarrizko finantzazioa. Plan Nazional berriak ikuspegi hori jasotzen du. Izan ere, Planak agente guztiak kontuan hartzen dituenez, ez da ikerketa-erakunde publikoetako ikertzaileak erakunde horien aurrekontuen bidez finantzatzera mugatzen; enpresetan I+G arloan lan egiten duten ikertzaile, teknologo eta gainerako langileen gastuak ere finantzatuko ditu, proiektuen bidez beti ere. Hortaz, I+Gn diharduten enpresek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte proiektuen arabera.

Horrez gainera, badago beste alderdi garrantzitsu bat: I+G jardueretan egiten den ahaleginengatiko zerga-arintzeak. Arlo horretan, enpresentzako pizgarri fiskal biziki erakargarriak prestatu dira, sozietateen zerga % 60 arintzeraino iristen baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia