}

Zianuro bidezko arrantzaren ondorioak

2001/12/02 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Baleen egoera penagarria, gehiegizko arrantzak eragindako kalteak, eta poluzioaren ondorio txarrak komunikabideetan ohiko berri bihurtu dira. Sarritan entzuten dira horrelakoak. Itsasotik bizirik ateratzen diren arraintxoen komertzioa, aldiz, gehienetan ez da berri izatera iristen. Hala ere, komertzio horrek eragiten duen kaltea nabarmen-nabarmena da.
Arrainak harrapatzeko sistema asko badaude ere, zianuroaren erabilerak besteek baino kalte nabarmenagoak eragiten ditu.

Arrainak harrapatzeko sistema asko daude. Guztiak kaltegarriak dira, baina batzuek eragin dezaketen kaltea neurtezina bihurtzen da. Euskal arrantzaleei galdetzea besterik ez dago. Hala ere, arrantza pelagikoa baino ohitura edo sistema txarragorik bada itsasoan. Horietako bat, dudarik gabe, lehergailuak erabilita egiten den arrantza da.

Guztiz debekatua dagoen arrantza-sistema horrek arrainak ezezik arrainen inguruan dagoen oro kaltetzen du. Itsaso tropikaletako arrezifeetan maiz egiten omen da arrantza era horretan. Ondorioz, arrezifeetako korala kaltetzen da, itsasoko izarrak hiltzen dira, txirlak, marraskiloak… labur esanda, arrezifeetako bizia hiltzen da.

Leherketak eraginez burutzen den arrantza suntsigarria bada, itsaso tropikaletako arrezifeentzat are suntsigarriagoa bihurtzen ari da zianuroaren erabilera arrantza egiteko. Izan ere, arrantza-teknika hori sarri erabiltzen omen dute. Teknikak ez du inolako zailtasunik. Urpekariak arrezifeetara jaisten dira eta zianuroa barreiatzen dute zirrikituetan. Arrainek, arnasa hartu ezinik, gorantz egiten dute —noski, arrezifeetako gainerako bizidunak hil egiten dira—. Arrantzaleek, sareak erabilita, ur gainera iristen diren arrain guztiak biltzen dituzte. Gero, urez betetako plastikozko ontzietan uzten dituzte. Horietako gehienek ez dute bizirik irautea lortzen, baina berdin dio, gutxi batzuk harrapatuta ere arrantza errentagarria izaten da.

Itsaso tropikaletan bizi diren arrainak gero eta gutxiago dira arraintxoaren komertzioaren erruz.

Bizirik ateratzen diren arrainetako batzuk Europako, Estatu Batuetako edo Asiako jatetxe garestietara eramaten dira, haien menuetan arrain fresko-freskoa izan dezaten; gainerakoak, aldiz, jende aberatsaren akuario pribatuetara bidaltzen dira, ikusgai egon daitezen. Dudarik gabe, arrantza-teknika horien erabileraren ondorioz, arrain tropikalen patua zoritxarrekoa izaten ari da, baina arrezifeena beraiena ez da hobea izaten ari. Izan ere, leherketen edo zianuroaren eraginez koralezko arrezifeen ekosistemak suntsitu egiten dira.

Zianuroak animalia eta landare guztiak hiltzen ditu, batez ere koralak, zianuroarekiko bereziki sentikorrak baitira. Ikuskizuna etsigarria izaten da. Zianuroaren eraginari ihes egin nahirik bezala, koralek muki-mintza askatzen dute eta handik denbora gutxira hil egiten dira. Luzera begira egoera are eta penagarriagoa da, koralak hazteko urte asko behar dituelako. Adituen ustez, koral-buru handienek 100 urte inguru izan ditzakete. Hortaz, une honetan bertan zianuro-arrantza geraraztea lortuko balitz ere, ondorengoek ezin ikusiko lukete gaur egun dauden koralen parekorik.

Roger Payne adituak Oddisey ikerketa-belaontzian dihardu lanean. Une honetan, Guinea inguruan dabil. Berak honela kontatzen du itsaso tropikaletan gertatzen ari dena: "Arrantza-teknika hori erabiltzen zuen pertsona batekin topo egin nuen eta berarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Hark ez zuen zianurorik erabiltzen, kloroa baizik.

Arrainez aparte, zianuroak arrezifeetan dagoen bizitza guztia hiltzen du.

Orduan Hawaii-n nenbilen lanean eta proiektuko laguntzaileetariko bat urpekaria zen. Hawaii inguruan lan askotan aritutakoa zen, poltsikoa betetzeko arrezifeetako arrain tropikalen arrantzan hasi zen arte. Hawaii inguruan bizi diren japoniarrentzat arrain-mota hori gutizia hutsa da, eta berak esaten zuen nahi adina arrain sal zezakeela.

Koralezko arrezifeetaraino jaisten zen, kloroz betetako perfume-ontzi batekin. Arrainak ikusten zituenean, arrezifeetarantz bideratzen zituen han ezkuta zitezen. Hurbildu eta perfume-ontziari eragiten zion, eta kloroa arrezifetako pitzaduretarantz bidali.

Minutu batzuk pasatu ondoren, erdi-lo zeuden arrainak biltzen zituen. Bera konturatu zen arrezifeak hiltzen ari zela, gaur egun koral hila baino ez dagoen arrezifeetan bera arrantza egina baitzen. Arrainak aurkitzeko Hawaii inguruko arrezifeetan mugitu beharra zuela aitortu zidan, arrainek bizi ahal izateko koral osasuntsua behar baitute.

Nik ezagutu nuenean, gizon hark dagoeneko dozena-erdi urte zeramatzan arrantza teknika hura erabiltzen, eta ia uharte osoan ibilia zen. Sinesgaitza dirudien arren, gizon hark eta berarekin ari ziren beste bik 300 kilometro arrezifetik gora suntsitu zituzten. Dagoeneko ez da Hawaiin bizi, Floridan arrisku gutxiagorekin gehiago irabazten zuen lana aurkitu baitzuen".

Urpekari hark lanbidez aldatzea ez da batere harrigarria. Izan ere, Hawaii inguruan dagoeneko ez dago horrelako arrantza egiterik —ez behintzat modu errentagarrian— hango arrezife gehienak erdi-hilik baitaude. Dena den, arrezifeentzat hauek ez dira garai onak. Urpekari hark lanbidez aldatu zuen, baina beste batzuk horretan dihardute. Kontua da dagoeneko ez direla Hawaiin ari, beste toki batzuetara jo dute.

NBE ere kezkatua

Koralezko arrezifeetako arazoen globalizazioa errealitate gero eta nabariagoa da. NBEk berak, inguruneari buruzko azken txostenean, horren berri eman du. Koralezko Arrezifeen MundukoAtlasa egin du eta ondorioa honako hau da: munduan dauden arrezifeen herena arriskuan dago.

Munduan dauden koralezko arrezifeen azalera 284.300 kilometro karratukoa da, 101 herrialdetan banatuta. Txostenak dioenez, koralezko arrezifeak uste zena baino gutxiago dira eta, gizakien jardueraren eta berotegi-efektuaren eraginez daude arriskuan. Txostenak dioenez, koralezko arrezifeak gizakientzat garrantzitsuak dira, itsas-espezieen laurdena horrelakoetan bizi delako eta hainbat botika egiteko osagaiak horrelako tokietatik ateratzen direlako. Esate baterako, hiesaren aurkako AZT botika egiteko osagaiak eta minbiziaren ikerkuntzan erabiltzen diren hainbat produktu koralezko arrezifeetan lortzen dira.

Suntsipenaren abiadura ikaragarria izaten ari da eta, negozio azkarraren izenean, gizakiak, berriro ere, bere teilatura harrika dihardu. Izan ere, adituek diotenez, egoera onean dagoen arrezife batek kilometro karratuko 15 milioi tona arrain eta itsaski eman dezake urtero; beraz, 2.500 pertsona elikatzeko behar beste. Eta ez hori bakarrik, hainbat herrialdetan arrezifeak behar-beharrezkoak dira turismoa erakartzeko, arrantza indartzeko eta kostaldea higaduratik eta ekaitzetatik babesteko. Ez dira arrazoi gutxi korala apur bat gehiago zaintzeko.

Suntsipen globala

Roger Payne-ren ondoko lerroetako kontakizunak ezintasuna eta amorrua sortzen du. Baina Hawaii-koa ez da kasu bakarra. Beharbada, Filipinetako egoera okerragoa izango da.

Hango agintariek uste dutenez, Filipinetan 3.000 lagun inguruk zianuroa erabiltzen du arrantzan egiteko. Horietako bakoitzak, egunero 50en bat koral-buru hilko dituela jotzen da. Urtean 255 egunez egiten omen dute lan; hortaz, biderketa egin eta urtero 34 milioi koral-buru hiltzen dituztela ikusten da. Jakina, hori urte bakarrean, baina Filipinetan zianuro bidezko arrantza 1950. urtean hasi zen. Kalkulua ez da zuzen-zuzena, hasiera hasieratik ez baitziren 3.000 pertsona arrantzarako zianuroa erabiltzen arituko. Edozelan ere, adituek uste dute zianuroa erabiltzearen ondorioz hildako koral-buruak bilioi bat inguru izan daitezkeela.

Akuarioetarako edo jatetxetarako arrain bizien merkataritzaren ondorioz, Filipinetako koral gehiena hilda dago. Urte askotan arrain tropikalen sorburu nagusia Filipinak izan dira. Munduko akuario gehienetan egon diren eta dauden arrain tropikalak Filipinetan harrapatutakoak dira. Baina dagoeneko bukatua dago hori, hango arrezifeak ez dira eskariari erantzuteko gai, agortuta daude. Horregatik arrain bizien merkatuaren nagusitasuna gaur egun ez dago Filipinen esku, beste batzuk ari dira lehian: Indonesia, Sri Lanka, Maldiva uharteak, Mikronesia… Toki horietan guztietan, arrantzarako urte askoan Filipinetan erabili duten teknikarekin ari dira, zianuroarekin.

Dena den, herrialde horiek ere laster gal dezakete nagusitasuna. Adibidez, Indonesiako koralezko arrezifeen % 80 dagoeneko kaltetua dago, arrazoi berberagatik, arrantzan leherkariak erabiltzeagatik. Tailandiako egoera ez da hobea, baina han, arrantza teknika txarrei ingurunean turismoa egiten ari den presioa gehitu behar zaie, hotel gehiegi eraikitzen ari direlako eta itsasora zikinkeria tonaka iristen hasi delako. Argi dagoenez, herrialde horietako arrezifeei laster iritsiko zaie heriotza.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia