}

Zeruko argiak

2001/01/22 Elhuyar Zientzia

Aurorak Lurreko ipar eta hego polo magnetikoen inguruan sumatzen dira, aurora-obaloa deritzon eskualdearen barruan.

Aparteko ikuskizun hori Eguzkiak igorritako kargadun partikulei (eguzki-haizeari) zor zaio. Zorionez Magnetosfera -Lurraren eremu magnetikoak babesten duen eremua- partikula horiek desbideratzeko gai da, bestela Lurrean bizitzea ez litzake xamurra izango eta. Baina aldi berean, aurorez gozatzeko aukera ematen digu, partikula kargatuak magnetosferaren mugetara iristen direnean sortzen baitira haiek.

Partikulek oso altitude handian dagoen oxigenoarekin talka egitean aurora gorriak sortzen dira, eta talka altitude txikiagoan gertatzen denean, aurorak horiak eta berdeak izaten dira. Azken hauek dira, hain zuzen, maizen ikusten direnak. Partikulek nitrogenoarekin talka egitean, berriz, kolore urdina ematen dute. Auroren ertzetako koloreak ere nitrogenoarenak dira.

Baina irudikatzea baino hobea ikustea da. Horretarako, Islandia, Eskandinavia, Alaska edo Kanadako iparraldera hurbiltzea besterik ez daukazu; bestela, Antartika ere hor dago. Aurorarik politenak neguan ikusten dira, zerua ilun denean, baina ekinozioak ere, martxoan eta iraila-urrian, ez dira hurbiltzeko garai txarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia