}

Zernola.net, zientzia gaztetxoentzat sarean

2002/04/19 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jada ez dago aitzakiarik Interneten gaztetxoentzat zientziaz eta/edo teknologiaz euskaraz edukirik ez dagoela esateko. Izan ere, dagoeneko sarean dago ZerNola izeneko web gunea.

Nabarmena da gure gizartean zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako aldizkari gehienak helduentzat edo unibertsitate-mailako gazteentzat eginak daudela, bai itxurari dagokionez bai eta edukiari dagokionez ere. Alabaina, gazteenei zuzendutako aldizkarien gabezia nabarmena da, oro har, eta zer esanik ez euskarari dagokionez. Gaur egun ez baitago horrelako produkturik merkatuan. Baina, zenbat aldiz entzun dugu gizartearen etorkizuna gazteak direla? Azken finean, edozein gizartek aurrera egin dezan gazteek zientzia eta teknologian ere trebatu behar dute. Eta trebatzeko, zaletasuna sortu behar da aurretik.

Gauzak horrela, gazteenei zuzendutako aldizkaria sortzea oso interesgarria da, eta beharrezkoa irizten diogu. Eta gazteei zuzendutako aldizkari bat sortzekotan, ba al da gazteentzako web gunea sortzea baino hoberik? Batez ere, euskarri informatikoek gazteen artean gero eta erabilera eta arrakasta handiagoa dutela kontuan izanda. Horregatik eta horretarako sortu da ZerNola web gunea.

Ez pentsa, hala ere, Zernola.net-en estiloa aurreko parrafoen politika-estiloa denik. Ez horixe!

Zer da Zernola.net?

Bada, Zernola.net gaztetxoentzako web gunea da, 8-12 urte inguruko gaztetxoentzat, hain zuzen ere. Nagusiki zientzia eta teknologiaren inguruko gaiak aurkituko dituzue bertan, era atsegin eta erakargarrian emanda. Web gune arina egin nahi izan dugu, ez ordea hutsala.

Bertan aurkituko dituzue biologiaren inguruko bitxikeriak, etxean egiteko esperimentuak, jokoak (matematikakoak edo bestelakoak), baita hainbat gairen inguruko azalpenak ere (eskolako lanak egiteko lagungarri izan daitezkeenak).

Edukia

Eduki horiek guztiak atal hauetan banatuta daude:

  • Nola funtzionatzen du…? atalean hainbat gauza eta tresnak nola funtzionatzen duten azaltzen da.
  • Jakin ezazu atalean hainbat termino edo gairen inguruko azalpena eta informazioa aurkituko duzu.
    Bi atal horiek kontzeptuak eta terminoak lantzeko dira egokiak.
  • Jolastuz ikasi atalak lau azpiatal ditu bere baitan:
    Laborategia etxean azpiatalean esperimentuak etxean nola egiten diren eta zer gertatzen den azaltzen da;
    Natura bai bitxia! -n naturaren inguruko bitxikeriak irakur daitezke;
    Ezetz asmatu !-n egiten diren galderei erantzun behar zaie, hiru aukeretatik bat hautatuta; eta Jokoak atalak matematika jokoen bidez ikasteko aukera emango dizue.
    Atal hori aproposa da irakaskuntzan gaiak praktiken bidez azaltzeko, ikasleek ariketak eta lan praktikoak egiten dituzten bitartean. Horrela ikaslearen parte-hartzea bultzatzen da.
  • Berriak labur -en azken orduko informazioa aurkituko duzue, labur-labur emanda. Egunerokoari adi egoten eta informazioaren segimendua egiten lagunduko dizue.
  • Galdetu zeuk -en zuek bidalitako galderei erantzungo diegu eta, beraz, zuen jakin mina asetzeko aukera izango duzue.
  • Alegiak atalean alegia edo ipuin eta abenturekin tarte atsegina pasatu ahal izango duzue. Atalak irakurketa eta irudimena lantzeko balio dezake, baita zientzia-kontzeptu eta -termino zehatzak azaltzeko ere, hitz jakinetan ‘ Jakin ezazu ’-ra lotura egin baitaiteke.
  • Eskolen txokoa -n, batetik, lehiaketak azpiatala daukazue. Lehen bi lehiaketak ZerNola-ren maskotaren izena eta historia edo jatorria asmatzeko izango dira. Bestetik, oraindik ere martxan egon ez arren, unitate didaktikoak izango dituzue. Hauek interesgarriak dira, besterik gabe gaiaz zerbait jakin nahi duenarentzat, bai eta eskolan erabiltzeko ere.
  • Aizu! atalean erabiltzaileen iritzia adierazteko inkesta eta lagunei bidaltzeko postalak aurkituko dituzue.
  • Zer berri? atalean, azkenik, web gunean aurkituko dituzun azken nobedadeen berri emango dizuegu. Edonola ere, harpidetzen bazara, mezu elektronikoen bidez jasoko duzu berrikuntza horien berri.

Atal horiek guztiek badute jada edukirik eta denbora pasatu ahala informazio gehiago izango dute. Noski, atal horietan agertzen diren hitz edo gaien inguruko bilaketak egiteko modua ere baduzue. Edonola ere, batera eta bestera ibiltzea errazteko, ataletako edukiak gaika antolatuta daude (ura eta lurra, giza gorputza, ingurumena, matematika, kimika eta fisika…), bilaketa errazago egin eta erosoago erabil dezazuen.

Hori da guk eskaintzen dizueguna, baina zuek ere atal eta gai berriak proposa ditzakezue zernola@elhuyar.com helbidera idatzita.

Ea atsegin duzuen!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia