}

Zerk eragiten du buruko mina?

2000/11/08 Elhuyar Zientzia

Definizioz buruko mina buruan, aurpegian eta batzuetan lepoaren goiko aldean sentitzen dugun mina da.

Azalean, hezurretan, begietan, belarrietan, ahoan eta sudurrean minarekiko sentikorrak diren egiturak dauzkagu. Garuna bera ez da minarekiko sentikorra eta, ondorioz, garuna ez da buruko minen erantzulea.

Ohiko buruko minak buruaren bi aldeetan sentitzen ditugu eta tentsioak edo muskuluen uzkurdurak eragiten ditu. Tentsio eta uzkurdurak lepoan eta mastekatzeko muskuluetan gertatzen dira normalean, baina mota honetako buruko minak ez dute lan handiegirik ematen: analgesikoren bat hartuta joaten dira.

Aldi berean, buruko zainak ere oso minberak dira. Hain zuzen, buruko zainak dira pertsona batzuek jasaten dituzten migraina gogaikarrien iturria. Kasu horietan mina buruaren albo bakarrean edo begi baten atzean izaten da.

Migrainak nola sortzen diren ez da ezagutzen; teoria guztien arabera, nerbioen eta zainen arteko erlazioan dago gakoa, baina mekanismo zehatza ulertzeke dago oraindik. Dena den, ikerketa berriek migrainen iturria garuneko akats elektrikoetan kokatzen dute.

Migrainak izaten dituztenek berezkoa dute joera hori, baina hamaika faktorek has dezakete buruko mina: estresak, argi oso indartsuak, zaratak, zenbait usainek, gazta-mota batzuk, txokolateak, ardoak... Migrainek ondoez handia sortzen dute, eta behin hasita botika espezifikoak hartu beharra dago minarekin amaitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia