Zergatik dago pertsona eskuin gehiago ezker baino? Are gehiago, zergatik espezializazio hori?
2000/10/18 Elhuyar Zientzia
Azken 160 urteetan asko ikertu da gizakiok eskuinak edo ezkerrak izatearen arrazoiari buruz, baina orain arte, gizakion joera hau ezin izan da erabat azaldu.
Esku bat bestea baino gehiago zergatik erabiltzen dugun eta kasu gehienetan esku hori eskuina zergatik den misterioa da. Eskuinak edo ezkerrak izatea faktore genetikoen menpe dagoela ikusi da, nahiz eta mekanismo genetiko zehatz horiek ezagutu ez. Aldi berean, gizarteak eta kulturak eragin handia dute. Nork ez ditu ezagutzen ezkerra izanda eskuinarekin idaztera behartutakoak?
Oro har, gizarte oso murriztaileek ezker gutxiago izaten dituzte. Ikerketa batzuetan ezker batzuk patologikoak direla ondorioztatu dute; hau da, jaiotzean jasandako garuneko traumaren ondorioz direla ezkerrak pertsona horiek. Ezkerra edo eskuina izateko joera fetu-garaian gauzatzen dela uste dute; alegia, garuneko hemisferioak garatzen ari diren unean gauzatzen dela.
Eskuina izatearen eta garuneko ezker hemisferioa hizketarako gaitasunean espezializatua izatearen arteko lotura aurkitu zuen Paul Broca mediku frantsesak 1860. urtean. Baina 1970eko hamarkadan egin ziren ikerketek teoria hori lurrera bota zuten, pertsona ezker gehienek espezializazio-maila bera zutela ikusi baitzen. Hau da, gizaki gehienok, ezkerrak izan edo eskuinak izan, berdin erabiltzen ditugula garuneko bi hemisferioak.
Oraingoz, ziurtasunez honakoa hau baino ezin daiteke esan: gizakien % 70-95 eskuinak dira; % 5-30 ezkerrak dira, eta zehaztu gabeko kopuru txiki batek bi eskuak neurri berean erabiltzen ditu. Ehuneko horiek munduko edozein giza populaziotan betetzen direla dirudi, baina joera ezkerrera ordez eskuinera zergatik den inork ezin izan du azaldu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia