Zer sortzen da lehenago, nerbioa ala arteria?
2002/06/18 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nerbioen eta arterien sarea bata bestearen ondoan daude gorputz osoan zehar. Neuronek arterietako odoletik hartzen dituzte beharrezko elikagaiak, eta, aldi berean, neuronek arterien funtzionamendua erregulatzen dute.
Institutuko zientzialariek arratoi-enbrioietan egindako esperimentuetan ikusi dute lehenik garatzen den sarea nerbioena dela. Gero, sare horren inguruan arteria berriak sortzeko beharrezkoak diren zelulak hasten dira agertzen. Eta, azkenik, arteria eta adarkadura berriak sortzen dira.
Nerbio-sarea sortzeko gaitasuna murriztuta zuten arratoi-enbrioiak ere erabili dira esperimentuan. Zientzialariek aurreikusi bezala, enbrioi horietan garatutako arteria-sareak ohikoa dena baino askoz adarkadura gutxiago zituen.
Zientzialariek diotenez, neuronek molekula berezi bat jariatzen dute arterien aitzindariak diren zelulak erakartzeko. Gero, beste seinale baten bidez, arteria berriak sortzeko agintzen diete zelula horiei. Horrela, arteriak eta nerbioak parez pare garatzea lortzen da.
Aurkikuntza berri horren nondik norakoak Cell aldizkariaren ekainaren 13ko alean plazaratu dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia