Zer gertatzen zaie neutrinoei?
1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Uste baino luzeago joko du neutrinoen sekretuak argitzea. Edozein iturrira joz gero, neutrinoak kargarik eta masarik ez duen oinarrizko partikula dela esaten zaigu. Alabaina, Los Alamos-ko LSND ikerketa-zentruko ikerlariak ez datoz bat definizio horrekin. Ikerlarietarik batzuk, bederen.

Physical Review Letters izeneko aldizkariak kaleratu berri du neutrinoaren inguruko polemikaren berri oso modu xelebrean. Azken zenbakian izan ere, LSND ikerketa zentruan elkarrekin aritu diren bi Ian-talderen iritziak plazaratu dituzte: ikerlana bera izanik ere, Ian-talde bakoitza ondorio desberdinetara iritsi da; guztiak zentzuzkoak eta oinarri zientifiko nahikoa dutela eta, bere horretan argitaratzea erabaki du aldizkariko aholkulari taldeak, bidenabar, polemika bizia piztuz.
Lehen Ian-taldeak kaleratu duen ikerlanean irakur daitekeenez, muoi-neutrinoak elektroi neutrino bihur daitezke zenbait baldintza berezitan eta horrek neutrinoak masa txikia duten oinarrizko partikulak direla baieztatuko luke. Bigarren taldearen iritziz ordea, muoi neutrino eta elektroi-neutrinoen artean sortu den nahasmendua inguruko erradiazioari zor zaio eta ez partikularen berezko egiturari. Beraz, zer demontre gertatzen zaie neutrinoei?

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia