Zer egin dezaket osteoporosia prebenitzeko eta tratatzeko?

2025/07/15 Saioa Gómez-Zorita - Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. CIBERobn, Carlos III Osasun Institutua. BIOARABA Osasunaren Ikerketa Zentroa | Maitane González-Arceo - Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. | Maria Puy Portillo Baquedano - Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. CIBERobn, Carlos III Osasun Institutua. BIOARABA Osasunaren Ikerketa Zentroa | Jenifer Trepiana Arin - Nutrizioa eta Obesitatea taldea, EHU. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Osteoporosia, zeinak hezur-erresistentziaren murrizketa baitu ezaugarri, gero eta ohikoagoa da, bizi-itxaropena handitzearen ondorioz. “XXI. mendeko izurrite isila esaten zaio; izan ere, gehienetan ez du sintomarik ematen eta, gainera, odol- eta gernu-analisietan ez du alterazio espezifikorik erakusten. Beraz, laborategiko probek ez dute balio diagnostikorako. Hezurren ahultasuna dela eta, pisurik handiena jasaten duten hezurrek hausteko joera handiagoa dute (batez ere, ornoek, saihets-hezurrek, pelbisak eta femurrak), eta horrek, ezgaitasunak eta hilkortasuna areagotzen ditu. Adibidez, aldaka hausten duten pazienteen % 30-% 50 baino ez dira guztiz sendatzen edo portzentaje horrek bakarrik  lortzen du aurrez zeukan autonomia. Horren gain, pazienteen % 20- % 30 haustura osteko lehengo urtearen ondoren hiltzen da[1]. Datu horiek garbi erakusten dute patologia horren garrantzia.

Osteoporosiaren prebentzioa

Badira zenbait faktore osteoporosiaren agerpena sustatzen dutenak eta gure jarduera-eremutik kanpo daudenak; esaterako, adina, sexua, azalaren kolorea, familia-aurrekariak, Cushing sindromea eta zenbait tratamendu farmakologiko,  (adibidez, kortikoideak) [2]. Garrantzitsua da azpimarratzea osteoporosia ohikoagoa dela emakumeen artean gizonen artean baino. Hemen, menopausiaren osteko kasuen gorakada nabarmendu behar da; izan ere, emakumeen hormona sexualen beherakadak hezur-masaren murrizketa eragiten du emakumeek hilekoa ez duten lehen urteetan.

Hala ere, garrantzitsuena gaitzaren agerpena prebenitzea da, eta zenbait faktoreri erreparatu behar diogu horretarako. Hasteko, 30 urterekin ahalik eta hezur-masa gehien lortzen saiatu behar da, adin horretan lortzen baita hezur-mineralen kantitaterik handiena gure organismoan. Gorputzaren pisua hezurren mineral-dentsitatearekin erlazionatzen da, ikusi baita gorputz-pisu txikiegiak eta gehiegizkoak osteoporosia izateko arriskua areagotzen dutela. Beraz, gaitza prebenitzeko, ezinbestekoa da gorputz-pisu egokia mantentzea [2].

Elikadura egokiak ere osteoporosia prebenitzen lagundu dezake. Nutriente garrantzitsuenak kaltzioa (eskeletoaren osagai nagusia) eta D bitamina dira. Azken horrek hartzen dugun kaltzioa hesteetan xurgatu dadin eta hezurretan finkatu dadin laguntzen du, eta hala, hezurren dentsitatea handitu dadin laguntzen. Gure gizartean, esnekiak dira kaltzio-iturri nagusia, baina arantza eta guzti jaten diren arrain txikiak ere (hezur horietan baitago kaltzioa) mineral horren iturri egokiak dira. Nahiz animalia-jatorrikoa ez den kaltzioa orokorrean okerrago xurgatzen den, landare-jatorriko elikagai askok ere badute kaltzioa, hala nola lekaleek (indabek, adibidez), fruitu lehorrek (almendrek), sesamo-haziek eta hosto berdeko landareek (esate baterako, aza kizkurrak , 1. Irudia). Aipatzekoa da baita ere ez dela komeni gomendatutako kantitatea baino sodio gehiago hartzea (2 g/egun), mineral horrek areagotu egiten baitu gernuaren bidez kanporatzen den kaltzio-kantitatea.

1. irudia. Elikagai batzuen kaltzio-edukia 100 gramo elikagaiko. BEDCA datu-basea.

D bitaminari dagokionez, eguzki-argiaren eraginari esker lortzen da gehiena, baina elikagai askotan ere aurki daiteke, adibidez, arrain urdinean (sardinak, txitxarroak, izokina, etab.) eta arrautzaren gorringoan. Hala ere, ez da elikagai askotan agertzen, eta agertzen denetan ere kantitate txikian gehienetan. Horregatik, D bitaminaren maila egokiari eusteko gomendatzen da larruazala babesik gabe eguzkitan jartzea minutu batzuetan udaberriko eta udako hilabeteetan, betiere eguneko ordu nagusiak saihestuz, eta udazken eta neguan, berriz, luzeago. Edonola ere, ez da gomendagarria denbora luzez egotea eguzkipean, azaleko minbizia izateko arriskua ez areagotzeko.

Dieta-motei dagokienez, fruta, barazki, zereal integral, arrain, lekale, fruitu lehor eta esnekietan aberatsak diren dieta osasuntsuak hezur-osasun egoki batekin lotzen dira. Aldiz, zereal finduak, gantz aseak eta azukre erantsi ugari dituen “mendebaldeko dietari” jarraitzea kaltegarria izan daiteke hezurren osasunerako, bereziki adineko pertsonentzat[3]. Gainera, badirudi, dieta mediterraneoari jarraitzeak —zeina aberatsa baita landare-jatorriko elikagaietan eta oliba-olio birjin estra baitu gantz-iturri nagusi, arrain, esneki eta arrautzekin batera, eta haragi gorri kantitate txikiak baititu—  osteoporosia garatzeko arriskua murriztu dezakeela[4]. Hezurrentzat onuragarria izan daitekeen beste elikadura-eredu bat dieta asiarra da, sojan (zeinak isoflabonak baititu) eta arrain urdinean aberatsa baita. Azkenik, dieta begetarianoei dagokienez, ikerlan gutxi dauden arren, badirudi menopausia osteko emakumeetan osteoporosia izateko arrisku txikiagoarekin lotzen dela barazkietan oinarritutako dietari jarraitzea[5].

2. irudia. Osteoporosiaren prebentzioan inplikatutako faktoreak.

Beste alderdi garrantzitsu bat jarduera fisikoa da. Jarduera fisikoa erregulartasunez egitea funtsezkoa da, eta osteoporosia prebenitzeko entrenamendu-mota egokienari dagokionez, indar-entrenamendua nabarmentzen da (pisuekin, gomekin edo gure gorputzaren pisuarekin lan egitea), bereziki intentsitate handiarekin egiten bada. Intentsitate baxuko edo ertaineko jarduera fisikoa (paseatzea, dantzatzea, igeri egitea, pilatesa, yoga edo golfa) ez da behar besteko estimulua.

Bestetik, azpimarratu beharra dago alkohol eta tabako-kontsumo handiak eta estres-maila handiak hezurrak ahultzen dituztela[6].

Osteoporosiaren tratamendua

Behin gaixotasuna ezarrita, tratamendua neurri farmakologikoetan (alendronatoa, estradiola, etab.) eta neurri ez-farmakologikoetan oinarritzen da. Batzuetan, tratamendu farmakologikoa ez da beharrezkoa izaten, baina farmakologikoak ez diren neurriak beti dira beharrezkoak[2]. Hori horrela, lehen aipatutako neurri guztiak hartu behar dira kontuan gaixotasunari aurre egiteko. Jarduera fisikoaren kasuan, pertsona bakoitzaren egoerara moldatu behar da. Alde batetik, hezur-dentsitatea handitzea da helburua, prebentzioan bezala, baina kasu honetan oso garrantzitsua da erorikoak murriztea. Hori lortzeko, oreka eta gorputz-jarrera hobetuko duten ariketak egitea komeni da, betiere ariketak pertsonaren egoera fisikora egokituz.

Erorikoek nabarmen handitzen dute hausturak gertatzeko  arriskua osteoporosia duten pertsonetan, gaitza ez duten pertsonekin alderatuz. Horretarako, oreka lantzeaz gain, etxean egon daitezkeen oztopoak kendu behar dira (adibidez, alfonbrak), betaurrekoak eta oinari ondo eusten dioten oinetako egokiak erabili behar dira, eta, behar izanez gero, heldulekuak jarri behar dira etxean, batez ere komunean. Era berean, makuluak eta taka-takak erabiltzeak ere eroriko asko saihestu ditzake, eta aldaka-babesleek (kolpeak arintzeko aldakan jartzen diren kuxin moduko batzuk) haustura-arriskua murriztu dezakete eroriko bat gertatuz gero[2].

Ondorioak

Laburbilduz, osteoporosiaren ezaugarri nagusia hezur-erresistentziaren murrizketa da, eta, horrek haustura-arriskua areagotzen duenez, bizi-kalitatea okerragotzea eta heriotza-tasa handitzea dakartza. Bizi-estilo osasungarriak (elikadura egokia, jarduera fisikoa, eguzki-argiaren eraginpean egotea, etab.) gaixotasun hori pairatzeko arriskuak murrizten laguntzen du, bai eta gaixotasuna tratatzen laguntzen ere.

 

Bibliografia

[1] Guañabens N. 2007. “Osteoporosis: realidad o ficción”. Reumatología clínica, 3, S23 - S25.

[2] Gómez-Zorita S., Macarulla M.T., González-Arceo M., Léniz A., Vicente G., Casajús J.A., Portillo M.P. eta Trepiana J. 2025. Todo lo que necesito saber sobre la osteoporosis: alimentación, actividad física y estilo de vida. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, Leioa.

[3] Fabiani R., Naldini G. eta Chiavarini M. 2019. “Dietary patterns in relation to low bone mineral density and fracture risk: a systematic review and meta-analysis”. Advances in Nutrition, 10, 219 - 236.

[4] Craig J.V., Bunn D.K., Hayhoe R.P., Appleyard W.O., Lenaghan E.A. eta Welch A.A. 2017. “Relationship between the Mediterranean dietary pattern and musculoskeletal health in children, adolescents, and adults: systematic review and evidence map”. Nutrition reviews, 75, 830 - 857.

[5] Zeng L.F., Yang W.Y., Liang G.H., Luo M.H., Cao Y., Chen H.Y., et al. 2019. “Can increasing the prevalence of vegetable-based diets lower the risk of osteoporosis in postmenopausal subjects? A systematic review with meta-analysis of the literature”. Complementary Therapies in Medicine, 42, 302 - 311.

[6] Hejazi J., Davoodi A., Khosravi M., Sedaghat M., Abedi V., Hosseinverdi S. et al. 2020. “Nutrition and osteoporosis prevention and treatment”. Biomedical research and Therapy, 7, 3709 - 3720.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia