}

Zer da antraxa?

2001/10/10 Sarasua Etxeberria, Arantxa | Umaran Sanchez, Adelaida

Floridan gertatutakoen haritik, asko hitz egin da antraxaz azken egunotan. Elhuyar aldizkariaren 158. alean arma biologikoei buruzko artikulua argitaratu zen, eta, bertan, antraxaren aipamen berezia egiten zen. Hona hemen orduan idatzitakoak:
Bacillus anthracis spp barruan esporak dituztela.

Antraxa Bacillus anthracis bakterioak sortutako infekzioa da. Bakterio honek ingurunean luzaroan bizirik irauteko gai diren erresistentzia-formak edo esporak eratzen ditu (argazkiak). Lurra espora horiekin kutsatzen denean, ganaduak infekzioa har dezake eta ganaduaren inguruan bizi diren gizakiak gaixo daitezke. Antraxa antzinateko izurriterik handienetarikoa izan da, Biblian ere aipatua. 1660an Europan milaka gizaki zein abere hil zituen; baina 1881ean antraxaren kontrako txertoa lortu zenetik, ondo kontrolatuta dago eta oso kasu gutxi agertzen dira.

2. grafikoa. 100.000 biztanleko hiri batean Bacillus anthracis esporak 2 orduz aireatu ondoren gertatuko den antraxaren agerraldia.

Horietako gehienetan bakterioen esporak gizakiaren larruazaletik sartzen dira eta infekzio lokala, arina eta sendatzeko modukoa eragiten dute.

Antraxaren esporak arnastu egiten badira, kontua askoz larriagoa da. Bronkioetako zelula defendatzaileek -makrofagoek- esporak irentsi eta barrurantz eramaten dituzte, biriketaraino. Han esporak ernetu eta ugaritu egiten dira eta hiru toxina-mota ekoizten eta kanporatzen hasten dira. Toxinek zelulak hiltzen dituzte, infekzioa hedatu egiten da eta, azkenean, odol-hodiak eta barruko organoak suntsitzen dituzte. Infekzioa sortu eta 48 ordura tratamendurik jartzen ez bada, infektatuen % 95 hiltzen da; tratamendurik gabe, jakina, infektatutako guztiak hiltzen dira. Modu naturalean horrelako kasuak gertatzea oso arraroa da, arnasbideetatik infektatzeko behar den dosia lar handia delako -10.000-20.000 espora-. Dena den, animalien ilea esporaz beteta dagoenean, artile-moztaileak gaixo daitezke.

Clostridium spp generoko bakterioak
muturreko biribiltasunak esporak dira

Baina zer gertatuko litzateke antraxaren esporekin egindako eraso baten ondoren? 100.000 biztanleko ituaren gainean Bacillus anthracis-aren 1-2 mikrometro arteko milioika espora aireratuko balira, gutxi gorabehera bi orduz egongo lirateke airean, biztanleak arnasteko moduan. Antraxaren agerraldia 2. grafikoak erakusten duenaren modukoa izango litzateke. Gaixo gehienak ospitaleratu beharko lirateke eta antibiotikoarekin luzaro tratatu, baldin eta horrelako larrialdiei aurre egiteko osasun-bitartekorik balego. Ez balego, hildakoen kopurua aurrez ikusia baino handiagoa izango litzateke. Bestalde, 100.000 biztanleen tratamendua eta ospitalizazio-egunak ordaintzeko 25-500 milioi dolar beharko lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia