}

Zer da antimateria?

2000/11/22 Elhuyar Zientzia

1930ean Paul Dirac fisikari britainiarrak elektroiak eremu magnetiko eta elektrikotan nola higitzen ziren azaltzen zuen teoria kuantikoa osatu zuen.

Einstein-en "Erlatibitate Bereziaren Teoria"rekin bateragarri den lehen teoria kuantikoa izan zen Dirac-en hau. Dirac-en ekuazioek elektroia deskribatzen zuten, baina, aldi berean, elektroiaren masa bera zuen baina kontrako karga zuen beste partikula bat ere deskribatu zuten. Eta are gehiago, kontrako partikularik gabe elektroia azaltzerik ez zegoela ere bai. Partikula berezi hura positroia zen, deskribatu zen lehen antipartikula. 1931. urtean beste zenbait esperimentuk Dirac-en teoria berretsi zuten eta positroia fisikoki detektatu ahal izan zen.

Baina Dirac-en teoria ez dagokio elektroiari soilik, materia osatzen duten partikula guztiei dagokie. Partikula-mota bakoitzak bere antipartikula dauka: honek masa bera du, eta propietateak ere ia berak ditu; aldatzen den bakarra karga elektrikoa da. Partikularen karga positiboa bada, antipartikularena negatiboa izango da, eta alderantziz. Partikulak deskribatzeko balio duten lege fisikoek antipartikulak ere deskribatzen dituzte; materia eta antimateriaren artean, beraz, ez dago desberdintasun handirik.

Guk ezagutzen dugun, mundua, ordea, materiaz osatuta dago, baina ez antimateriaz. Zergatik ote? Partikula batek eta dagokion antipartikulak topo egiten dutenean, elkar deuseztatzen dira. Unibertsoaren sorreran materia- eta antimateria-kantitate bera zegoela uste da; gaur egun, ordea, oso antimateria gutxi dago. Zergatik? Zer gertatu da antimateria horrekin guztiarekin? Galdera horiek buruhauste-iturri dira oraindik zientzialarientzat.

Antimateria berari zegokion materiarekin batera deuseztatu izan balitz, unibertsoa ez litzake gaur egun dena izango, hau da, ez litzateke materiarik egongo; materia eta antimateriaren arteko desoreka, beraz, ezagutzen dugun munduaren propietatea da

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia