}

Zer berri ekarriko digu 2005ak?

2005/01/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Atzean utzi dugu 2004a eta 2005ean murgildu gara jada. Eta halakoetan, ohikoa izaten da urte zaharrak eman dituenak gogora ekartzea eta urte berriak ekarriko dituenak iragarri nahi izatea. Bada, zientzian ere gertatzen da halakorik, eta Science aldizkarian 2005ean denon ahotan izango diren zientzia-gaien iragarpena egitera ausartu dira.
2005ak hamaika kontu ekarriko dizkigu ikerketari dagokionez.

Aurreko urtean Marterako misioak , biodibertsitatearen gainbehera eta gizakiaren klonazioa izan dira gai nagusiak, besteak beste. Aurrez gai horietaz ezer entzun ez zuenak ere zertxobait behintzat badaki orain —edo jakin beharko luke, bederen, urtebetean entzundako erretoliken ondoren —. Besteak beste, albiste izan ziren baita ere Indonesiako Flores uhartean aurkitutako gizaki ñimiño baten arrastoak, elektroiei ateratako argazkia eta arratoiaren genoma sekuentziatu izana.

Gai horiei adi jarraituko dugu, noski, baina 2005 urtean beste gai batzuek izango dira zientzia-aldizkarietako izarrak; Science aldizkarian zazpi nabarmendu dituzte. Horietako batzuk aurten ere hizpide izan ditugu, esate baterako, nanoteknologia . Izan ere, nanoteknologiaren aroa oraindik ere etortzeko dagoela dirudi, zientziaren alor hori oraindik hastapenetan baitago.

Aurten nanoteknologiaren araudia osatzen hasi beharko dute gobernuek; hain kontu berria izanik, ez baitago nazioartean araudirik ikerketa arautuko duenik. Kezkak, ordea, dagoeneko agertu dira ingurumen-mailakoak batzuk, eta osasunarekin erlazionatuta daudenak besteak; eta bi arlo horietan segurtasuna bermatu nahi bada, beharrezkoa izango da nazioarteko araudi bat adostea.

Saturnoren gaineko interesa piztuko digu Cassini-Huygens misioak.

Eta beste gai bat, aurreko urtean ere hizketa-gai izan genuena, eta 2005aren hasieran ere puri-purian dagoena NASAren eta ESAren misio bat da: Cassini-Huygens Saturnon . Zunda hori Saturnoren Titan satelitearen inguruko orbitan zegoela, osatzen zuten bi atalak banatu egin ziren, eta Huygens Titanen atmosferan barneratu zen hodeiz estalitako ilargi horren azala nolakoa den aztertzeko. Misio horrek aurrera egin ahala, izango da zer kontatua.

Kanibalismoa zeluletan

Agian kanibalismo hitza erabiltzea gehitxo izango da; adituek apoptosi hitza erabiltzen dute zeluletan gertatzen den autofagia izendatzeko. Kontua da zelulek barne-atal batzuk ‘jan’ egiten dituztela. Zelulak atal horiek berrerabili egiten ditu. Eta gai hori guztion ahotan izango omen da urte honetan. Izan ere, apoptosiak berebiziko garrantzia omen du zenbait gaixotasunen hedapenean, hala nola, minbizian, lupusean eta sistema immunearen beste zenbait gaixotasunetan.

Dirudienez, apoptosia bi ahoko ezpata da, eta gaitzaren hedapenari lagundu egiten dio alde batetik, baina, bestetik, oztopoak jartzen dizkio. Horregatik, gaixotasun askoren hedapen-mekanismoa ezagutzeko bidea izango da apoptosiaren inguruko ikerketa.

Obesitatea eta sedentarismoa osasunaren etsai handienetakoak dira gaur egun.

Eta osasunarekin lotutako gai gehiago ere izango dira hizpide aurten, obesitatearen aurkako botikak, esate baterako. Esan beharrik ere ez dago obesitatea geroz eta jende gehiagok daukan arazoa dela, eta Estatu Batuetan heriotza gehien eragiten dituen bigarren eragilea omen da, tabakoaren atzetik. Arazo larria da, eta botikek konponbidea ekar dezakete. Baina eztabaida ere ez dabil urrun, izan ere, AEBetako administrazioak obesitatearen aurkako botikei merkaturatzeko bidea erraztu die, eta nahikoa izango da urtebeteko proba-aldia seguruak direla frogatu eta salgai jartzeko.

Ez ahaztu genetika

Eta zientziako punta-puntako berriei jarraitu nahi badiezu, ez ahaztu orain arte genetikaz entzun eta ikasi duzuna, aurten ere genetikak zeresana emango baitu —eta seguru datorren urteetan ere hala izango dela—. Science aldizkariak HapMap proiektua nabarmendu du, gaitzen oinarri genetikoa ikertzeko ehun milioi dolarretako proiektu bat, hain zuzen ere.

HapMap proiektuan arraza desberdinetako jendearen haplotipoak ari dira aztertzen. Haplotipoak batera heredatzen diren kromosoma-multzoak dira, eta gaixotasuna sortzen duten geneak bilatzeko erabiltzen dira. Dena dela, oraindik ere denbora asko igaroko da proiektu erraldoi honen emaitzetatik aplikazio praktikoak ateratzen direnera arte.

HapMap proiektuan arraza desberdinetako jendearen haplotipoak eta gaixotasun genetikoak lotzen saiatzen ari dira.

Eta, bukatzeko, aipatzen dituzten gainerako bi gaiak zientziarekin zerikusia daukaten arren, politika eta administrazioaren baitakoak dira. Batetik artsenal nuklearren gaia aipatzen dute. Badira zenbait herrialde aurten ere euren armategi nuklearrekin mehatxu egingo omen dutenak, hala nola, Ipar Korea, Brasil eta Iran. Zientzia-gaien artean sartu dute, baina ikusten denez, pisua politikan du horrek eta ez zientzian. Eta, bestetik, Europako Ikerketarako Batzordearen sorrera ere azpimarratzen dute, 2005 urteak aurrera egin ahala batzorde horren egitura eta funtzionamendua nolakoak izango diren erabakitzen joango baitira Europako Batasuneko erakundeak.

Zazpi gai nagusi horiek iragarri dituzte Science aldizkarikoek hasi berri dugun urte honetarako. Iragarpenean asmatu duten hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu. Dena dela, argi dago zientziaren inguruko beste hamaika kontu ere izango ditugula hizpide aurten. Hala izan dadila.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia