Zenbat pisatzen du bale batek?
2019/10/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Zenbakia komunikatzen dutenek ere ezin dute jakin zenbakia zuzena den ala ez. Eiffel dorrearen kasuan, bai, badaude planoak eta ezagutzen dugu zenbat pieza diren eta bakoitzaren tamaina eta pisua.Eta, hala ere, milaka faktore hartu behar dira kontuan. Amazoniaren kasuan ere, argi dago inork ez ditu zuhaitz horiek kontatu. Buruan izan behar duguna da, kontatzen dizkiguten datu erraldoi horiek guztiak kalkulu bat direla, hurbilketa bat. Eta datu beraren bi hurbilketek ez dutela emaitza bera ematen.
BBCko albiste batek honela dio: “Nola pisatu bale bat balantza bat erabili gabe”. Egia da, zenbat pisatzen du bale batek? Berdin du zeinek erantzuten dion galdera horri; esaten duen zenbakia estimazio bat da. Kalkulu bat, ez da emaitza zuzena eta zehatza. BBCkoek diote ez dagoela modurik bale bat pisatzeko, ez bada hondartzan gorpua aurkitu dituztenen kasuetan. Eta horrela ere, ezin da pisatu. Estimazio bat egin dezakezu gertuko datuekin, luzera neurtuta eta abar, baina ez dago gorputz hura pisatuko duen balantzarik.
Orain. Estimazioak eta hurbilketak modu askotan egin daitezke. Eta hor dator BBCkoen albistean kontatzen dutena. Kontua da Danimarkako ikertzaile batzuk droneak erabiltzen hasi direla baleen pisua kalkulatzeko. Aarhuseko Ikerketa Aurreratuen Institutko ikertzaileak dira. Droneek argazkiak egiten dituzte. Argazki asko eta onak. Eta, batez ere: bizirik dauden animalien argazkiak dira. Eta argazki horietatik baleen dimentsioak igar daitezke. Eta, hortik, balearen muskulu, hezur eta abarren dentsitatea jakinda, pisua kalkula daiteke. Benetako pisua ez dugunez ezagutzen, noski, ezin dugu jakin kalkulu hori zenbateraino den zehatza. Baina zentzuzkoa da pentsatzea metodo hau dela gaur arte dugun onenetako bat bale baten pisua jakiteko.
Bide batez, balearen pisua kalkulatu ahal izateak balio du kontserbaziorako. Ale bera behin eta berriz ikusten baduzu, denboran izan duen eboluzioa izango duzu, eta horrek informazio interesgarria eman dezake kontserbazioan aritzen diren adituentzat.
Baina azken kontu bat, zenbat pisatzen du bale batek? Erantzun zuzena da, ez dakigu. Baina tira, hurbilketa bat badugu, eta uste dugu ez dela oso hurbilketa txarra. Bale urdin baten pisua, 190 tona da gutxi gorabehera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia