Zenbat gara garai bateko kronika Amatiño
1997/11/01 Amatiño Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzia, teknika eta euskara. Elhuyar Kultur Elkartea . 1972-1997, 25 urteko ibilbidea. Zilarrezko ezteiak. Edozein talderi gertatzen zaion bezala, gazi gozoak bizitzeko aukera izan dugu mende-laurdeneko ibilbidean. Eskarmentua eman digute horiek guztiek eta aurrera goaz bide horretan, bidezidor berrietan barna, bidai-lagun berriez inguraturik. Atomo honen nukleoa inoiz baino sendoago dago eta ez zaizkugu elektroiak falta geure lana hobetuz egungo erronkari behar bezala eutsi eta erantzun ahal izateko. Horretan gabiltza eta ohizkoen eta hurbilduko zaizkigun berrien laguntzaz errazagoa izango delakoan gaude. Zorionak eta eskerrik asko garena izateko laguntzatxoren bat edo beste eman diguzuten guztioi. Guztion ahaleginei esker baitugu zilarrezko ezteiak ospatzeko aukera. ZORIONAK, beraz, eta eutsi goiari. 1972ko Euskal Herrian Zeruko Argia zen euskaldunon erreferentzietako bat eta lekukotasun horren muinean Amatiñok astero-astero idazten zuen Zenbat Gara orrialdea nagusia izan zen, dudarik gabe. Hara jotzen zuen jendeak euskal kulturan eta gizartean puri-purian zegoenaren berri jakitera. Testigantza horren harian, lan horri buruzko bere ikuspegia eman dezan eskatu diogu Amatiñori. Ondorengo lerroetan bere burutazioak eta motibazioak azaltzen dizkigu Eibarko kazetariak, beste hainbat konturekin batera.
ZENBAT GARA garai bateko kronika Amatiño
Orain dela hogeita bost urte doi-doi, 1972ko udan hain zuzen ere, Zeruko Argia-ko Miren Jone Azurtza, Edorta Kortadi eta sekula gogoratzen ez dudan hirugarren bat ate-joka etorri zitzaizkidan Eibarrera, ea astero-astero Euskal Herriaren kronika egingo ote nuen galdezka zein eskaka. Ordurako urteak neramatzan —bospasei luze bai— Eibarko berriemailearenak egiten eta ildo beretik edo jarrai nezan nahi zuten, hau da, hitz-jario urriko albiste laburrak, bizi-bizi, esne-berba gutxi eta ahalik eta berririk gehien eskainiz.
Diferentzia batez, hori bai, Eibar eta bere inguru-minguruari soil-soilik atxiki beharrean, nire esku legokeen Euskal Herri guztiari hel niezaiola aurrerantzean. Ez dut uste elkarrizketa hark hamar minutu baino gehiago iraun zuenik edota ni konbentzitzeko hondarrik gabeko itsaso handitan murgildu behar izan zutenik. Nik entzun nahi nuena adieraztera etorriak ziren nonbait eta, lehendabiziko hitzak sumatu ondoren, gainerako guztiak sobera zeudekeen. Besterik gabe, horrela sortu zen hurrengo udazkenean Zenbat Gara saila, ia ustekabean jaio eta hiru urtez euskal irakurleen asteroko informazio-erreferentzia garrantzitsuenetakoa bilakatu zena.
Sailaren izena, Zenbat Gara , Benito Lertxundiren kanta ezagunari zor zitzaion: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi... Gero, hogeitabost urte geroago, aurten alegia, jakin dut kanta Benitorena izan arren, letra, ostera, Abel Muniategirena zela eta dela noski, baina orduan behintzat oriotarra besterik ez genuen gogoan abesti hura kantatzerakoan eta, hain zuzen ere, haren jaialdi eta diskoetan zabaldu ohi zen mezuari nahi bide genion jarraitu, zenbat garen, zenbat ginen euskaldunak, euskal irakurleak eta euskalgintzan konprometituak zenbat ote jakin gurarik edo.
Batere zalantzarik gabe, Zenbat Gara izan zen garai hartan euskaraz idatzitako informazio-sailik irakurriena. Ni neu harritu ere harritu nintzen asteroko kronika hark berehala lortu zuen arrakastaz eta, hiru urte eskasean, “Amatiño” gaitzizena Luis Alberto Aranberri bera baino askoz ere ezagunagoa, ospetsuagoa eta egiazkoagoa bihurtu zen. Adibide gisa, Zeruko Argia utzi eta 1977an Deia egunkarian lanean hasi bezain laster, zuzendaritzak Sabino Aranaz artikulu bat idatz nezan eskatu zidan eta baita nik idatzi eta, txintxo asko, nire izen-abizenez sinatu ere. Jose Manuel Alonso erredaktore-buruak (gaur egun El Periódico de Alava -ko zuzendari denak) zereko zera esan zidan, ordea: “Joé, Amatiño, ¿a qué viene eso de firmar con seudónimo?”
Sail hark arrakasta handia lortu zuela esan dut eta, orain, hogeita bost urte geroago, uste dut jakin ere badakidala arrakasta haren nondik-norakoa. Baina orduan ez nekien, ez dakit inortxok ote zekien, baina nik behintzat ez. Orain, urak joandako presaren antzera, hainbat argudio estilistiko eta soziologiko iker ditzakegu, ustekabean gertatu zen fenomeno hura ulertaraz dezaketen arrazoiak aztertzerik bada, baina, onenean ere, denon artean egitura ditzakegun teoria hutsak baino ez dira, ni neu ez bainintzen egiten ari nintzenaz jabetzen, batere eskolarik gabe egiten nekiena baino ez nuen egiten eta hango ekarria eta etorria, ekarria eta etorria baldin baziren bederen, berezko ekarria eta etorria besterik ez baitziren izan.
Lehen eta behingoz, orduko euskal aldizkariak ulertu nahi dituen gaur egungo irakurleak ohartu beharko du garai hartan ez zela ia euskaraz idatzitako informaziorik, informazio peto-petorik behinik behin. Astekariak idazleen iritzi-artikuluez osotu ohi ziren gehienbat eta erreportaje-lanaz ezer gutxi egiten zen, ez baitzegoen erreportaririk eta are gutxiago Unibertsitatean lizentziatutako euskal kazetaririk. Hau da, neurri handi batean, hegoalde honetan behintzat, euskal kazetaritza hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar sortutako komunikazio- eta literatura-generoa da.
Nolabait epez epe eta labur asko adierazteko: ordurarteko Zeruko Argia astekaria hainbat idazle, saio-idazle, apaiz, irakasle, unibertsitari eta pentsalariren artikulu-bildumez osotutako argitalpena izan zen; 1972an Zenbat Gara sailarekin batera sortu zen nolabait lehen asteroko kazetari-lana eta ondoko hiruzpalau urteetan mamitu ziren informazio-, erreportaje- zein elkarrizketa-formulak. 1976an Zeruko Argia informazio orokorreko aldizkari bihurtu zen, gaur egun duen formatu eta guzti, eta 1977an sortu ziren Deia eta Egin egunkari berriak aurreko urteetan Zeruko Argia -n arituz ofizioaz jabetu ziren lehen euskal kazetarien esperientziaz baliatu ziren batez ere.
Nik 27 urte nituen, ezkonduta eta bi seme-alabaz, Zenbat Gara sailari ekin nionean eta ez nuen neure burua kazetaritzat, ez ikasketez eta ez bestez. Peritu Merkantila nintzen eta nire aitaren tindategian niharduen lanean. Bilbon eta Madrilen inoren arropa zikinak garbitzen, tindatzen eta lisatzen ikasten aritu nintzen, aitari zor nion euskaltzaletasuna eta amari, berriz, irakurzaletasuna. Proportzioz orain baino askoz ere gehiago irabazten nuen, familia oneko semea nintzen eta, ordurako, bizitza erabat bideratuta... Miren Jone Azurtza agertu arte.
Miren Jone Azurtza, Mikel Atxaga, Mikel Ugalde, Donato Unanue eta gainerakoek murgilarazi ninduten benetan kazetari-ildoan, nire berezkoari gustatu eta... gero gerokoak. Beraiek izan ez balira, ez zen Zenbat Gara sailik sortuko, ez nik 1974an euskal kazetaririk onenari “ Kirikiño ” saria irabaziko, ez Deia egunkariaren lan-eskaintzarik jasoko, ez Eusko Kontseilu Nagusian lehenik eta Eusko Jaurlaritzan gero ihardungo, ez HABE eta ETBren sorreretan buru-belarri parte hartuko, ez eta segurutik sekula santan politikagintzan sartuko ere.
Beraz, Zenbat Gara -rik izan ez balitz, nik, seguru asko, oraindik ere, nire familiaren tindategian lanean jarraituko nuke, lasaiago eta diru gehiago irabaziz behar bada, baina amatiñorenei darizkien gazi-gezak dastatu eta jasan gabe.
Besteak beste, sail hark euskaldunen ezinbesteko erreferentzia bateratua izaten asmatu zuen. Behar bada ez zen zailegia ere, garai hartako euskaldunak, oro har, elkarrekin ondo samar konpontzen zen familia handi bat besterik ez baitzen. Baina, edozein modutan, jatorri, maila eta jakituria desberdinetako euskal irakurleak bildu zituen. Euren ekintzen berri eman nahi zuten elkarte eta antolamenduak berehala konturatu ziren informazioa nora bidali behar zuten jendeak irakurriko bazuen, euskalgintzan gertatzen zenaz bere burua informatu nahi zuenak bazekien non aurkitu eta irakurri eta galderarik arruntenak zein xelebreenak (bilerak, helbideak, harremanak, hizkuntza-arauak, bataio-izenak, liburu-argitalpenak, denetariko kontsultak, etab.) egin nahi zuen irakurleak ere bazuen nora jo, non itaundu eta nori idatzi.
Diktaduraren azken urteak ziren (Franco 1975ean hil zen), bizkor etorri behar zuen trantsizio demokratikoak, Euskal Herria pil-pilean, aurreko hogei urteetan loratuko kultura-ekintza indarrean zegoen, euskaldunak informazio zuen amets eta Zenbat Gara saila, kasualitatez edota prozesu haren emariz, pare-parean suertatu zen. Gainera, erdal egunkariek diktaduraren errutinan jarraitzen zuten oraindik dezente kostatu zitzaien etorri zetozen garai berriei amore ematea eta zenbait urte laburretan euskal astekariak erdal egunkariak baino informazio berriago eta gehiago eskaintzeko gauza izan ziren.
Era bateko zein besteko informazio-iturri guztiek izan zuten tokirik bertan. Honek ez du esan gura erabateko neutraltasunik izan zenik lerro artean. Koldo Mitxelenak idatzi zidanez “denok bilatu ahal izan zaituzte, baina batzuek beste batzuk baino sarriago bilatu nahi izan zaituzte”. Eta, bere ustez, ez ziren beretarrak sarrien bilatu nahi izan nindutenak.
Oraindik ere, hogeita hamabost urte geroago, Bilbotik Baionara bitartean, lantzean behin, ezezagunak hurbildu izan ohi zaizkit edozein kale-bazterretan, Zenbat Gara sailaren irakurle sutsuak izan zirela gogoratuz: “Hura bai hura...”, “Astero haren zain egoten ginen...”, “Haiek denborak gero...”, “Zergatik ez duzu orain idazten?”. Orduko ildoa noizbait edo nonbait galdua da antza. Eta batez ere azken galdera hori entzuten dudan bakoitzean zera itaundu izaten diot neure buruari: Irakurleek galdu naute ni ala nik galdu ote ditut orduko irakurleak? Edo, beste modu batera esanda, ba al da gaur egungo euskal kazetaritzan kolore, adin eta maila guztietako irakurleek irakurtzen duten ezer?
Zenbat gara sailaren zenbait xehetasunEz da gero batere erraza gaur egungo irakurleari 1972tik 1975era bitarteko hiru urte eta erdi eskas iraun zuen Zenbat Gara sail haren nondik-norakoa azaltzea. Hala ere, hona laburbilduz zenbait xehetasun:
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia