Zenbat gara?
1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Giza populazioa gero eta handiagoa da eta hazkunde-erritmoari eustea zaila izango da etorkizunean. Horrela uste zen behintzat, Azterketarako Sistema Aplikatuen Institutuak bere azken prebisioa kaleratu zuen arte. Izan ere, giza populazioaren hazkundea hurrengo 75 urteetan moteldu egingo dela iragarri dute, orain arte egindako kalkulu gehienak baliorik gabe utziz. Ikusteke dago oraindik noski, baina hainbat teoria berraztertzeko aukera eskaini duela zalantzarik ez dago!
Institutuak emandako datuen arabera, planetako populazioak handiagotzen segituko du hurrengo urteotan, baina 2100. urterako ez da bikoiztera iritsiko, beste zenbait ikerketek horixe baieztatzen badute ere. Ondorio horietara iristeko, planetaren giza populazioa 13 eremutan banatu zuten eta eremu bakoitza aditu-talde independente bati eman zioten ikertzeko.
Besteak beste, gaixotasun berrien agerpena, energi iturriak agortzea edota jaiotza-tasak moteltzeko martxan jarriko diren proiektu berriak ikerlanaren emaitzetan eragin zuzena izan duten faktoreak dira. Populazioaren joera berriek garapenean izango duten eraginaz ordea, ez dute daturik eman. Horra hor beraz, beste zenbait erakundetako erronka!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia