}

Zenbat erradiazio jasotzen dugu?

2000/04/23 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako National Research Council erakundeak intentsitate baxuko erradiazioa ikertzeko programa jarri du abian. Hiru urteko iraupena aurreikusten zaion ikerketaren bidez, estatubatuarrek industria nuklearretako langileek arriskurik ba oten duten jakin nahi dute. Izan ere, erradiazioak gizakiengan duen eragina neurtzeko, oraindik duela 50 hamar urte hondamendi nuklearretatik bizirik atera zirenekin egindako ikerketak erabiltzen dira.

Zientzialari askoren ustez, azken 20 urteotan bildu den informazioak intentsitate baxuko erradiazioak osasunarentzat duen arriskua gutxietsi egiten dela adierazten du. Zer da, baina, erradiazioa? Erradiazio ionizatzaileak, hitzak dioen bezala, ionizatzeko gai dira, hau da, bidean aurkitzen duten atomoetatik elektroiak zurgatzeko gai dira. Gizakiak eragin bera baina jatorri desberdina duten erradiazio ionizatzaileak jasan behar izaten ditu. Erradiazio ionizatzaileen artean egiten den lehen bereizketa jatorriaren arabera egiten da, erradiazio naturala ala artifiziala izan. Eguzkiak igortzen dituen izpi ultramoreak, espaziotik iristen den erradiazioak, eta atmosferak eta Lurrak sortzen dutenak osatzen dute erradiazio naturalaren multzoa. Zentral nuklearretan jatorria duen erradiazioak, medikuntzan erabiltzen diren hainbat tresnetatik -positroi-kamerak, erradiografiak, eskanerrak,…- sortutakoak erradiazio artifizialaren multzoan sartzen dira.

Zer eragin dute?

Erradiazioaren eragina nolakoa den jakiteko, batetik ezinbestekoa da jakitea igortzen den erradiazioa nolakoa eta zein intentsitatetakoa den; bestetik, erradiazioa jasotzen duen gorputzak zenbat erradiazio jasan dezakeen.

Gray-a (Gy) eta miligray-a (mGy) erradiazioa sortzen duen materia-kilogramo bakoitzean zenbat energia askatzen den neurtzeko unitateak dira. Sievert-a (Sv) eta milisievert-a (mSv) izaki bizidunek jaso dezaketen dosia neurtzeko erabiltzen dira. Sievert bat gray bat "kalitatezko Q" faktoreaz biderkatuta aterako litzateke. Faktore hori erradiazio-motaren araberakoa izaten da -adibidez, alfa partikulentzat faktore hori 20 da; X, gamma edo beta erradiazioentzat, berriz, 1-.

Gorputzaren osotasuna kontuan hartuta, jasotzen den erradiazio-dosiaren araberako eragina honako hau izaten da:

- 0-250 mGy. Ez da inolako eraginik antzeman, ez epe motzera ez eta epe luzera.

- 250-1.000 mGy. Goragalea eta leukozitoen galera, gero berreskuratzen badira ere. Epe luzera, berriz, minbizia izateko arriskua areagotzen omen da.

- 1.000-2.000 mGy. Oka egitea, eta hainbat aldaketa odolaren konposizioan. Neurri egokiak hartuz gero ez da aparteko arazorik sortzen. Epe luzera, aurreko kasuan bezala, minbizi-arriskua handitu egiten da.

- 2.500-5.000 mGy. Osasunarentzat oso ondorio larriak. Ospitalera joan behar da nahitaez, sendatzeko ziurtasunik gabe.

- 5.000 mGy-tik gora. Heriotza seguru.

Erradioterapian -gorputzaren atal jakin batzuetara igortzen diren erradiazioetan- hortik gorako dosiak ere erabiltzen dira, baina erabilera mugatua eta kontrolatua denez, ez dute eragin larriagorik izaten.

Beste era bateko datuak ere badaude, urtetik urtera gizakiak jasotzen duen dosiari buruzkoak hain zuzen ere. 1988ko datuak direnez -UNSCEAR (Nazio Batuen Erradiazio Atomikoaren Efektuei buruzko Komite Zientifikoa) erakundearenak- ezin esan oso berriak direnik. Estatistika horietan erradiazio naturalaren eta artifizialaren arteko bereizketa egin da. Horren arabera, erradiazio naturalari dagokionez, urtero gizaki bakoitzak batez-beste 2,4 mSv-eko erradiazio-dosia jasotzen du, honela banatuta: 0,4 mSv espaziotik eta Eguzkitik datorren erradiazioa. 0,4 mSv Lurrean dauden elementu erradiaktiboek -uranioak, torioak eta potasioak batez ere- eragiten dutena. Jakina, lurra nolakoa den, toki batetik bestera datu hori asko aldatzen da. 1,6 mSv arnasa hartzean eta elikatzean jasotzen dena. Erradiazio artifizialaren urteroko batez besteko kopurua Lurreko biztanleko 1,1 mSv-koa da. Txostenaren arabera, 1 mSv medikuntza-tresnen erabileratik eratorritakoa da; gainerako 0,1 industria-arlotik -eta, harrigarria dirudien arren, 0,02 mSv baino ez industria nuklearretik-.

Gorputzak zenbat erradiazio jasan dezakeen jakiteko, dosiaz gain erradiazio-motak du garrantzia. Jakina denez, hiru erradioaktibitate-mota bereizten dira: alfa -helio nukleoak igortzen direnean-, beta -elektroiak edo positroak igortzen direnean-, eta gamma -fotoiak-. Arriskutsuena zein den erabakitzeko, askatzen direnean horietako bakoitzak zenbat distantzia egin dezakeen hartu behar da kontuan, zenbat eta distantzia handiagoa eginda, hainbat eta izaki bizidun gehiago harrapatzeko aukera dutelako. Gero, izakiarekin topo egiten dutenean, barrura sartu eta gorputzean distantzia handia egiteko gai badira, kaltea areagotu egiten da.

Alfa partikulek ezin dute, adibidez, paper arrunta zeharkatu; eta beta partikulak, aluminiozko xafla fin batekin geraraz daitezke. Beraz, azaletik ezin izango lirateke sartu, baina arnasketarekin edo elikadurarekin bidea irekita dute. Gamma erradiazioa, aldiz, erraz sartzen da azaletik. Horregatik uste da gamma partikulak arriskutsuagoak direla, baina horrek ez du zertan egia izan; adibidez, arnastutako alfa partikulak odolean sartuko balira berehala kutsatuko lukete gorputz osoa. Tabakoaren kasua esanguratsua da, kea arnastearekin batera erretzaileek hainbat isotopo ere irensten dituztelako, hain zuzen ere gero biriketan kalte egiten duten elementuak.

Dena txarra da?

Galdera egiten da izenburuan, baina erantzun zaila du. Erradiazioak erabiltzearen abantailak aipatzen hasita, adituek zerrenda luzea egin ohi dute: medikuntzan erabiltzen diren tresnak esterilizatzeko; arte-lanak onddoetatik, bakterioetatik eta abarretatik babesteko; material berri arinagoak eta gogorragoak egin ahal izateko; industrietan akatsak aurkitzeko; ihes-detektagailuak eta sute-detektagailuak egiteko; argi egiten duten estaldurak egiteko, adibidez erlojuetakoak; sateliteak energiaz hornitzeko… Horiek, izan, badira abantailak, ezin ukatu. Baina badira, gai honen inguruan konfidantza handirik sortzen ez duten egoerak. Adibidez, eta horren haritik, erradiazioetatik babesteko nazioarteko araudia aipa daiteke. Izan ere, araudi horren jatorria 1928 urtekoa da. Zaharregia ezta? Dena den, estatubatuarrek orain abian jarri duten ikerketa-programaren emaitzak ikusi arte, hobe iritzirik ez ematea.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia