Zeluletatik hasi eta organismo osora

Zeluletatik hasi eta organismo osora


Sexuak eragina du gaixotasunen garapenean zein botiken eraginkortasunean, hasi maila zelularretik eta organismo osoraino. Esaterako, sagu arrek mina gehienbat mikrogliaren bitartez prozesatzen badute ere, emeek T zelulen bidez prozesatzen dute. Kolesterola jaisteko erabiltzen diren estatinek eraginkortasun txikiagoa eta albo-ondorio gehiago dituzte emakumeetan; izan ere, sendagai hori metabolizatzen laguntzen duen gibeleko entzimaren jarduera ezberdina da gizonetan eta emakumeetan. Ez da kasu isolatua; 1997 eta 2001 artean merkatutik erretiratutako farmakoen % 80 bereziki arriskutsua zen emakumezkoentzat. Sexu batean soilik egindako ikerketak ezin dira beste sexura orokortu, eta datuak bereizten ez badira, emaitzak disolbatu egiten dira, eta ez dira gaixotasunen eta farmakoen onura eta kalte zehatzak ikusten. Ez alferrik, gaur egun Elikagaien eta Medikamentuen Agentziak ikerketak emakumeetan eta gizonetan probatzeko eskatzen du farmako berriei oniritzia eman aurretik.

Bereizi soilik ez, baita konparatu ere

Datuak sexuaren arabera aurkeztea ez ezik, Peters eta kideek 2023an argitaratutako "A roadmap for sex- and gender-disaggregated health research" argitalpenean aldarrikatu zuten sexu-talde bat bestearen kontrol-talde bezala erabili behar dela, batak bestearekin konparatuta osasun-desabantaila handiagoak ote dituen ikusteko. Gomendio horri jaramon egin genion gure ikerketa-taldean, eta 2016-2018ko Euskadiko ospitaleratzeak ikertzean zera ikusi genuen, emakumeek gizonen aldean programatuak baino ingresu larri gehiago zituztela koloneko minbiziagatik. Badirudi emakumeei minbizi-mota hori beranduago diagnostikatzen zaiela, nahiz eta detekzio goiztiarreko proba egitera gehiago joaten diren. Standford unibertsitateko Gendered Innovations ekimenak azalpen bat eskaintzen du fenomeno horrentzako: emakumeetan ohikoagoa da minbizia koloneko eskubialdean ateratzea gizonetan baino, eta badirudi screening frogetan ezkerrekoa hobeki hautematen dela. Era berean, Covid-19aren pandemian datuak sexuaren arabera banatzean ikusi zen goragalearen sintoma sarriago agertzen zela emakumeetan, eta ezagutza horrek diagnostikoak fintzea ahalbidetu zuen.

Ezberdintasunak aintzat hartu, bereizkerian erori gabe

Osasun-erregistroetan sexua era bitarrean bereizten da, eta hori ez da zuzena. Pertsona intersexualek biztanleriaren % 1 osatzen dute, ilegorriek bezainbeste, eta apenas dakigun haien hormona-maila eta kromosoma sexualen konbinazioek zein abantaila edo desabantaila dituzten gaixotasunen eta farmakoen aurrean. Emakumezkoen fisiopatologia osasungintzan berandu ikertzen hasi bagara, intersexualenari ez diogu oraindik usainik ere hartu. Bestetik, pertsona transen morbi-mortalitatean sexu biologikoak eta genero-rolek elkarri nola eragiten dioten ere oso gutxi ikertu da; hasteko, datu-baseetan ez direlako biak (genero-identitatea eta sexu biologikoa) batera erregistratzen. Azkenik, garrantzizkoa da konparaketak egitean ezberdintasunei tamaina hartzen jakitea ere. Aurreko hamarkadan, ikerketa batean ikusi zuten gizonezkoen belaun-hezurreko artikulazioak angelu handixeagoa zuela emakumezkoenak baino, eta emakumezko eta gizonezkoentzako angelu ezberdineko belauneko protesiak saltzen hasi ziren. Emaitzek ez zuten ordea protesi berriak hobeak zirenik erakutsi, pertsonaren garaierak eragin handiagoa baitu artikulazioaren angeluan sexuak berak baino.

 

-> Emakume ikusezinak ez, baina estereotipoak ere ez

Labaka Etxeberria, Ainitze

Erizaina

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna