Zelula helduena da zebra arrainen bihotza birsortzearen meritua

Ondoko zeluletatik bereizi, berezko forma pixka bat aldatu, eta zelula berriak ematen hasten dira zebra-arrainen bihotzeko zelula helduak, zauriren edo istripuren batengatik bihotzaren zati bat galtzen dutenean. Zehazki, ebakiaren ondoko zelulek betetzen dute osatze-funtzio hori.

Nature aldizkarian bi artikulu argitaratu dituzte Duke Unibertsitateko ikertzaile batzuek eta Bartzelonako Birsorkuntza Medikuntzako Zentroko eta Kaliforniako Salk Institutuko beste batzuek, zebra-arrainen bihotzen birsorkuntza-gaitasunari buruz egindako ikerketen berri emateko. Zebra-arrainak, eta beste hainbat animalia, gai dira galdutako gorputz-atalak berriz sortzeko, eta zientzialariek jakin nahi zuten zer mekanismori jarraituta egiten zuten hori.

Bada, bi ikertzaile-taldeak ondorio berera iritsi dira; hau da, ikusi dute zebra-arrainen bihotzen kasuan behintzat zelula helduak direla birsorkuntzaz arduratzen direnak, eta ez zelula amak. Horretarako, bi taldeak proteina berde fluoreszenteaz baliatu ziren esperimentuak egiteko.

Talde batek proteina hori ekoizteko genea sartu zien bihotzeko zelula helduei. Bihotzaren zati bat kendutakoan, eta bere kabuz osatutakoan, ikusi zuten berriz eratutako zatian proteina fluoreszentea ekoizten zutela proteinek, eta, hortaz, bihotzeko zelula helduetatik sortu zirela.

Beste taldeak, berriz, arrainak eraldatu zituen, eta proteina fluoreszentea gene jakin bat espresatzean bakarrik ekoiztea eragin zuen. Gene hori enbrioi-fasean bakarrik espresatzen da bihotzean. Bada, ikusi zuten galdutako zatia osatzeko funtzioa hartu zuten zelula helduetan aktibatu egin zela gene hori, proteina berdea ekoizten hasi baitziren.

Argazkia: Juan Carlos Ispizúa Belmonte, Salk Institutua

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali