Zelula ametatik abiatuta, erretina bat sortu dute laborategian
2011/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte sortutako ehun konplexuena da erretina
Laborategian erretinaren hiru dimentsioko egitura eratzea lortu dute Japoniako RIKEN Garapen Biologiako Zentroan, bai eta egiturako zelula bakoitza dagokion bezala desberdintzea ere. Hori guztia saguen zelula ama enbrionarioetatik abiatuta. Lehendik lortua zuten zelula amak hainbat organotako eta ehunetako zelula bilakatzea, baita begikoak ere. Orain, berriz, zelula amek begiaren egitura oso bat sortzea lortu dute: kupula optikoa. Nature aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri.
Ornodunen enbrioietan begia garatu aurretik sortzen da kupula optikoa. Kopa-itxurako egitura bat da, bi geruzakoa. Garapenean aurrera joan ahala, kanpoaldeko geruza (garunetik hurbilen dagoena) erretinako zelula pigmentudun bilakatzen da, eta, barrualdekoa, erretinaren geruza sentsorial. Bigarren horretan agertzen dira, beraz, argiarekiko sentikorrak diren zelulak, garunera argiaren informazioa bidaltzen dutenak, eta abar.
Zelula amak kupula optiko bilakatzea eragiteko, matrigel deritzon hazkuntza-ingurunea erabili zuten ikertzaileek; begiko zelula bihurtzera bultzatzen ditu ingurune horrek zelulak. Hala, ikusi zuten zelulek likido likatsu bat eratu zutela hasieran, eta hurrengo egunetan pixkanaka garatuz joan zela, eta enbrioietan ikusi ohi den garapena izan zutela kupula optikoa eratu arte.
Anatomikoki egitura eratu badute ere, ikertzaileek adierazi dute oraindik ez dutela probatu kupula optiko hori argiarekiko sentikorra den.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia