Zelula amak enbrioi gazteagoetatik
2005/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lau egun baino ez zituzten giza enbrioietatik zelula amen lerroak haztea lortu dute Chicagoko Ugalketarako Genetika Institutuan, AEBetan.
Orain arte bospasei eguneko enbrioiak erabili dira zeregin horretarako, blastozito aldian daudenak, alegia. Baina enbrioiak hazteko arazoak izaten dira, eta asko hil egiten dira. Horregatik, zelula amak ahalik eta enbrioi gazteenetatik erauzteko tekniken bila dabiltza.
Erabili duten teknika nahiko sinplea omen da —orain artekoak baino sinpleagoa seguruenera—, eta lortzen diren zelula ametatik antzerako zelula-motak ateratzen omen dira. Hain zehatz, 46 giza enbrioi erabili zituzten (morulae aldian) eta zortzi zelula ama lerro haztea lortu zuten, gutxi gorabehera blastozitoekin lortzen den emaitza bera.
Hain enbrioi gazteak erabilita ere ez da lortuko eztabaida etikoak saihestea, berdin-berdin suntsitzen delako enbrioia. Baina, gutxienez, aurrerapenak gertatu ahala, agian posible izango da haur bilaka ezin daitezkeen enbrioiak erabiltzea zelula amak hazteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia