}

Zein konexio-bide erabili Interneterako?

2002/04/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Interneten erabilerari buruzko datuak astero argitaratzen dira eta, era berean, ez dira falta Interneti buruzko hitzaldi, mahai-inguru eta gainerakoak ere. Baina ba al dakigu Internetera konektatzeko zein bide den egokiena?

Telefonia-sare kommutatuaren (STN), zerbitzu integratuetako sare digitalaren (ISDN), abonatu-linea digital asimetrikoaren (ADSL) eta kable bidezko konexioaren artean aukeraketa egokia egiten laguntzeko azalpen sinple eta praktikoekin gatoz, xehetasunak baztertu gabe.

STN, merkea baina geldoa

Gaur egun, Internetera konektatzeko biderik erabiliena STN da. Alde batetik merkeena delako eta, bestetik, ia leku guztietan dagoelako oinarrizko telefono-linea. Bide hori, gero eta gehiago entzuten diren ISDN, ADSL eta kable bidezko konexioa ez bezala, teknologia analogikoan oinarritzen da.

Esan bezala, STN da Internetera konektatzeko biderik merkeena, baina, gehienetan bezala, hemen ere prezio merkea garesti atera daiteke. Kasu honetan, pazientzian eta praktikotasunean ateratzen da garesti. Izan ere, konexio-biderik geldoena da, eta Internet eta telefonoa ezin dira aldi berean erabili. Interneteko zerbitzarira deitzen ari den modemak okupatzen du telefono-linea. Gaur egun, abiadura 56 kbps-koa da, baina, egia esan, sarean jende asko ibiltzen denez, kosta egiten da abiadura horren erdira ere heltzea.

Abantaila nagusia, berriz, prezioa da. Jadanik instalatuta dagoen azpiegitura erabiltzen du (telefonoarena, hain zuzen ere) eta, beraz, merkea da. Tarifa lauak 12-15 euro ingurukoak dira.

ISDN, erdibideko aukera

Konexio-mota horrek ere telefono-linea erabiltzen du, baina linea analogikoa izan beharrean digitala da. Hortaz, transmisioa askoz azkarrago egiten da.

Kasu horretan, STNn bezala, Internetera konektatzeko deia egin behar da, baina 10 aldiz azkarrago egiten da (2 segundotan). Horrela, ordenagailua behar den denboran soilik dago Internetera konektatuta eta, jakina, gastua asko murrizten da, eta erabiltzaileak pazientzia gutxiago behar du!

Telefonoz hitz egin eta aldi berean Interneten nabigatzeko ISDN, ADSL edo kable bidezko konexioa eduki behar da.

ISDN lineak 64 kbps-ko bi kanal ditu eta, beraz, erabiltzailea Interneten dabilen bitartean, etxeko telefonoa ez dago okupatuta. Gainera, bi kanalak Interneterako erabiliz gero, abiadura bikoiztu egiten da.

Bistan da alternatiba horrek konexioa hobetu egiten duela, eta nahiko eskuragarria da. STN bezala, hornitzaile batzuek tarifa lauak eskaintzen dituzte, hilean 15-30 euroko prezioan. Horri ISDN modema gehitu behar zaio, STN modema baino garestiagoa.

ADSL: zenbat eta bizkorrago orduan eta garestiago

Teknologia horren helburua gaur egungo kobrezko sarea baliatuz banda-zabalera handiagoa edo, beste era batera esanda abiadura handiagoa, lortzea da. Hori nola lortzen den jakiteko nahikoa da Interneten informazioa nola bideratzen den ulertzea.

Ordenagailua sarera konektatzean, informazioa bi norabidetakoa izaten da: Internetetik ordenagailura doana eta ordenagailutik Internetera. Baina bi norabideetako informazio -fluxua desberdina da eta, hain zuzen ere, hortxe dago ADSL konexio-bidearen gakoa. Izan ere, web gune bat zabaltzeko nahikoa da web gunearen helbidea bidaltzea, eta, aldiz, orrialdea irekitzean, informazio piloa jasotzen da: irudiak, testuak, soinuak etab.

ADSLri esker, telefono-linean hiru kanal jarri eta asimetria hori baliatzen da; bi kanal datuentzat dira (norabide bakoitzerako bana) eta hirugarrena ahotserako (telefonorako). Gakoa Internet/erabiltzailea kanalak erabiltzailea/Internet kanalak baino edukiera handiagoa izatean datza.

Abiadura ere ikaragarria da: segundoko 6,1 megabit-ekoa izan daiteke eta, izenpetzen den kontratuaren arabera, bi norabideetan abiadura desberdina izan dezake. Hau da, Internet/erabiltzailea zentzuan 512 kbps-ko abiadura izan dezake segundoko eta alderantzizko norabidean, berriz, 128 kbps-koa.

Baina desabantailak ere baditu: garestia da eta, gainera, ezin da edozein etxetan jarri. Zerbitzu hori kontratatzeko, telefono-zerbitzariak teknologia horretara egokituta egon behar du eta, oraingoz, hirietakoak soilik daude prest. Bestalde, ADSLrako modem espezifikoa instalatu behar da, eta modem horrek 150 euro inguru balio du.

Telefónica konpainia da teknologia horren aldeko apustua egin duenetako bat. 256 kbps-ko abiaduran, ADSL konexioaren prezioa hileko 39-42 euro artekoa da. Terra-k, EresMas-ek eta Jazztel-ek ere eskaintzen dute zerbitzu hori.

Kable bidezko konexioa

Orain arte aipatutako teknologiak telefonoko ohiko kableez baliatzen dira Internetera konektatzeko. Kable bidezko konexioa ez; horrek zuntz optikoa erabiltzen du eta, beraz, ezer baino lehen zuntz optikoa instalatu behar da; telebista ikusteko aurretik instalatu ez den lekuetan behintzat. Zuntza instalatzeaz arduratzen den konpainiak etxeraino eraman eta ordenagailuan instalatzen den ethernet sarerako txartelera konektatzen du. ADSLn bezala, deirik egin gabe konektatzen da Internetera.

Abiadurari dagokionez, 128, 256 eta 512 kbps-koa izan daiteke. Abiadurarik baxuenean ibiltzeko prezioa hilean 33 euro ingurukoa da (5.500 pezeta). Euskal Autonomia Erkidegoan Euskaltelen esku dago kable bidezko konexioa eta Nafarroan Retenaren esku.

Errendimendu handiko konexioak, garestiegi

Interneteko errendimendu handiko konexioen merkatua ez da erraz zabalduko Europan. Gartner G2 etxeak eginiko ikerketa baten arabera, Europako kontsumitzaileek, hiru urteko epean, ez dute orain arte baino gehiago ordaindu nahi abiadura handiagoan nabigatu ahal izateko.

Gartner Group teknologia berrien merkatuan talde aditua da, eta ikerketa aurrera eramateko Alemania, Frantzia eta Britainia Handiko 6.000 etxetara deitu du. Hiru herrialde horiek dira Interneten merkatua zabaltzeko aukera gehien eskaintzen dutenak.

Ikerketa horren arabera, kontsumitzaileek atzera egiteko faktore garrantzitsuena prezio altua da. Errendimendu handiko konexioetarako 45 eta 60 euro bitarteko hilabeteko kuota ordaindu behar da, hau da, gaur egun errendimendu txikiko konexioengatik ordaintzen denaren bikoitza, gutxi gorabehera. Gartner-ek galdekatutako etxeen % 10ek soilik uste du merezi duela horrelako inbertsio bat egitea.

Profesionalek diotenez, abiadura ez da nahikoa kontsumitzailea erakartzeko eta prezioak merkatu egin behar dira.

Telefonoa eta Internet batera Abiadura Edozein etxetan Prezioa

RTB

Analogikoa

Ez

56 kbps

Bai

Hilean 12 euro

ISDN

Digitala

Bai

64 kbps / 128 kbs

Bai

Hilean 15-30 euro

ADSL

Digitala

Bai

Gehienez 6,1 megabit segundoko.
Ohikoena 256 kbps

Ez
Telefono-zerbitzariak egokituta egon behar du

Hilean 39-42 eguro
Instalazioa: 150 euro
Modema: 160: euro

Kablea

Digitala

Bai

Zuntz optikoa instalatu behar da

Merkeena, hilean 33 euro


Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia