}

Zein eragin dute eremu magnetikoek osasunean?

2001/11/04 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eremu elektromagnetikoen eta osasun arazoen arteko loturari buruzko kezka ez da gaur goizekoa. Adostasunik? Ez handirik, ezta Osasunerako Mundu Erakundearen ekimenez bildu ziren 40 herrialdeetako adituen artean ere: batzuentzat nabarmena da eremu elektromagnetikoak osasunerako kaltegarriak direla; beste batzuentzat ez dago inolako loturarik bataren eta bestearen artean; eta, azkenik, gehienentzat ezinezkoa izan zen jarrera garbi eta tinkoa hartzea.
Milaka kilometroko elektrizitate lineek sortzen duten eremu magnetikoaren eragina zehaztu nahi dute adituek.
Elhuyar

Eremu elektromagnetikoak, berez, naturan ere badaude. Grabitate-indarrak eremu grabitatorioa sortzen duen bezala, ionosferan dauden karga elektrikoek eremu elektriko naturala sortzen dute. Eta Lurraren nukleoan dauden karga elektrikoen mugimenduak Lurraren eremu elektromagnetikoa sortzen du.

Eremu elektrikoaren eraginaren eta pertsonaren artean muga jartzea ez da zaila. Edozein egitura jarrita lortzen da. Eremua magnetikoa denean, berriz, ezin da isolamendurik lortu (Lurraren muinean sortutako eremu magnetikoak Lurra bera oso osorik zeharkatzen du). Horregatik ikerketa gehienak eremu magnetikoen eraginei begira garatzen dira.

Eremu elektromagnetikoek ba al dute eraginik osasunean?


Lurrean eremu magnetikoa etengabea da eta tresna elektrikoek areagotu egiten dute. Horregatik, dosiei erreperatu behar zaie, nahiz eta dosi kaltegarriaren muga finkatzerakoan ez dagoen adostasunik.

Eremu elektromagnetikoen eraginpean, gorputzak berez dituen karga elektrikoak mugitu egiten dira, eta gorputz barruan korronte elektrikoak sortzen dira. Korronte horien zenbatekoa eragile askoren menpe egon daitekeen arren, badirudi (orokorrean) gorputzak berak naturalki sortzen dituenak baino txikiagoak direla. Horrek ez du esan nahi eremu elektromagnetikoen eraginpean daudenek ezer nabaritzen ez dutenik; zehatz esanda, azkura senti daiteke (korrontearen intentsitatea handia denean), eta begien aurrean argi-distirak ere nabaritzen omen dira.

Zehaztasunak zehaztasun, jarrera desberdina dutenak ere bat etorriko lirateke orain arte azaldutakoarekin. Baina desadostasunak ondorengo galdera egindakoan agertzen dira: eremu elektromagnetikoek ba al dute eraginik osasunean?

Tresna elektrikoek eremu magnetikoa areagotu egiten dute.
Elhuyar

Espainiako enpresa elektrikoen elkarteak badu gaiari buruzko informazioa eta iritzia eskaintzen duen txosten bat. Txosten horretan dioenez, zientzialariak ez dira gai izan eremu elektromagnetikoak osasunarentzat kaltegarriak direla erakusteko, baina kontrakoa ere ez omen du inork frogatu. Enpresa elektrikoen arabera, laborategietako saiakuntza jakin batzuetan ikusi da nolabaiteko lotura eremu elektromagnetikoen eta eragin biologikoen artean.

Laborategietan isolatutako zelulekin egin diren saiakuntzetan ( In vitro ), eremu elektromagnetikoak geneetan aldaketak eragiteko gai diren ala ez aztertu da. Egin diren ikerketen arabera, ez dirudi eremu elektromagnetikoek geneetan aldaketak eragiteko gaitasunik dutenik. Zelulei bestelako eraginik sortzen ote dieten ikusteko saiakuntzak ere egin izan dira: ioien mugimendua aldatzen ote duten, proteinak sortzeko erritmoa baretzen ote duten, hormonen aurrean zelulek bestelako erantzunik ote duten, sistema inmunearen ezaugarriak aldatzen ote diren… Ez da emaitza bateraturik lortu, batzuetan aldaketak gertatu baitziren, eta beste batzuetan ez; emaitza kontrajarriak ere azaldu izan dira.

In vivo egindako ikerketetatik ere (arratoiekin, hamsterrekin eta ardiekin) ez da ondorio garbirik atera. Ardiekin ez zen inongo aldaketarik sumatu; arratoiekin eta hamsterrekin egindakoetan, berriz, melatonina-ekoizpena murriztu litekeela ikusi omen da. Melatoninak animalien sexu-jardueran, portaeran eta beste hainbat funtzio fisiologikotan eragiten du. Produkzio-murrizte hori 100 teslatik gorako eremu elektromagnetikoetan behatu omen zen.

Osasunean halako guneek izan ditzaketen eragina zehazteke dago.
Elhuyar

Laborategi-saiakuntzez gain, beste era bateko ikerketak ere egin dira azkenaldian, hainbat osasun arazoren eta lantokietan sortzen diren eremu elektromagnetikoen artean zerikusirik badagoen ikusteko. Ikerketa horiek hainbat herrialdetan egin dira eta enpresa elektrikoek diotenez, oro har, ez da zuzeneko loturarik ikusten. Hala ere, Suedian, esaterako, emakumezkoek mugatuta dute ordenadoreen aurrean ematen duten lan denbora, abortu arriskua dela eta. Lan Segurtasuneko Nazioarteko Batzordeak ere, nahiz eta ez duen ikusten lan-egoerak edo lan-prozedurak aldatzeko beharrik, ez du baztertzen gai horri buruzko segimendua egitea.

Kezkak areagotzen ari dira

Eremu elektromagnetikoek gero eta gehiago hedatzen ari diren hainbat gaitzekin, minbizia kasu, zuzeneko zerikusia dutela dioen iritzi korrontea indartzen ari da.

Europako Batasunak berak, 1998ko uztailean, eremu elektromagnetiko artifizialen eraginpean ahalik eta denbora gutxien egoteko proposatu zuen. Proposamen horren arabera, tentsio altuko linea elektrikoek, trenbide-sareek eta tresna elektrikoen erradiazioek shock elektrikoak, azaleko arazoak, eta nerbio-sisteman eta bihotzean arazoak eragin ditzakete.

Beste adibide bat Lanpostuko Segurtasun eta Higiene Institutuak kaleratu duen lana da. Institutu horrek espektro elektromagnetikoak era honetan sailkatu ditu:

  • Eremu elektriko eta magnetiko estatikoak (imanak, korronte zuzeneko eroaleak…).
  • Oso maiztasun txikiko uhin elektromagnetikoak (korronte alternoko linea elektrikoak…).
  • Maiztasun txikiko uhin elektromagnetikoak (indukzio bidez soldatzen duten makinak).
  • Irrati-maiztasuneko uhin elektromagnetikoak (irrati- eta telebista-uhinak, plastikoen soldadura…).
  • Mikrouhinak (mikrouhin-labeak, telefono mugikorrak…).
  • Infragorriak (argi infragorriak, gori dagoen materiala…).
  • Argia (bonbilak…).
  • Ultramorea (eguzki-lanparak, intsolazio industrialeko lanparak…).

Eta taula horretan oinarrituta, hainbat ondorio eskaini ditu. Lanpostuko Segurtasun eta Higiene Institutuaren arabera, espektro elektromagnetikoan agertzen diren erradiazioak ez dira ionizatzaileak, ez baitira atomoen edo molekulen egitura aldatzeko gai. Hala ere, erradiazio ultramoreak azaleko arazoak eta konjuntibitisa sortzeko gai dira; infragorriak, berriz, begietako erretina kaltetzeko. Azkenik, mikrouhinak arras arriskutsuak direla diote, ehunetan dauden ur-molekuletan eragiten baitute.

Mundu osoko hainbat ikertzailek plazaratutako "Eremu elektromagnetikoak eta giza osasuna½ izeneko txostena ere aipatzeko modukoa da. Ondorioen laburpenera joz, honako hauek nabarmendu dituzte:

  • Korronte alternoek sortutako eremu elektromagnetikoek badute nolabaiteko eragin biologikoa; hala ere, mekanismoa ez da ezagutzen eta balizko kalteak ere ez dira behar bezala egiaztatu.
  • Ezin egiaztatu izan da eremu magnetikoek ugaltze-arazoekin zerikusia dutenik, ezta malformazioak edo portaeraren aldaketak eragiten dituztenik ere.
  • Minbizi-mota desberdinei dagokienez (nagusiki leuzemia eta garunekoa), ez dago erabateko emaitzarik. Beraz, ezin esan zerikusia badutenik edo ez dutenik. Pertsona helduenetan eragina ez da etengabekoa izan, ezta errepikakorra ere; haurrekin egindako ikerketetan, berriz, leuzemia-arriskuan gorako joera txiki bat nabaritu da.
  • Gizakia uneoro eremu elektromagnetikoen eraginpean dago.
  • Arazoa argitzen den arte, eremu elektromagnetikoetatik ahalik eta gehien urruntzea gomendatzen da; badaezpadako neurri bezala, ez arriskuagatik.
  • Komunikabideek, oro har, eremu elektromagnetikoen eraginari behar baino oihartzun handiagoa eskaintzen diote, eta gauzak bere onetik ateratzen dituzte.
  • Ez da, oraingoz, nazioarteko muga jartzeko sakoneko arrazoirik ikusten.
  • Eremu elektromagnetikoak medikuntzan erabilgarriak eta onuragarriak izan daitezke, adibidez erresonantzia magnetikoak egiteko.
  • Eremu elektromagnetikoak gehiago eta hobeto ikertu behar dira.

CEM proiektua, nazioarteko proiektua

Ikusten denez, eremu elektromagnetikoen eta osasun arazoen arteko loturari dagokionez gauzak ez daude batere garbi. Hori dela eta, 1996. urteko maiatzean, Osasunerako Mundu Erakundeak CEM izeneko proiektua jarri zuen martxan, eremu elektromagnetikoen eta osasun arazoen artean loturarik badagoen edo ez ikusteko. Proiektua aurten bukatzekoa da eta, lotura/haustura kontua argitzeaz gain, gaiaren inguruan dagoen ikerkuntza-ildo desberdinen nahasmenari amaiera ematea da helburu nagusia.

Horretarako hainbat helburu txiki ditu:

  • Eremu elektromagnetikoei buruz egin diren zientzia-ikerketak aztertzea.
  • Ikerketen alderik ezezagunenak identifikatzea, osasun arriskuak nondik etor daitezkeen erabakitzeko.
  • Eremu elektromagnetikoei buruzko kalitate handiko ikerkuntzarako programa zehatza bultzatzea.
  • Aipatutako ikerkuntzak burutzen direnean, eremu elektromagnetikoen osasun arriskuak neurtzea.
  • Nazioartean eremu elektromagnetikoei buruzko araudi bateratua onartzea.
  • Arriskuei, gestioari, komunikazioari eta pertzepzioari buruzko informazioa eskaintzea.

Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, proiektua burutzeak garrantzi handia du, nazioarte osoak arau berekin joka dezan (esaterako, SESB ohiko hainbat herrialdetan erradiazio elektromagnetikoen mugak gainerako herrialdeetan baino 100 aldiz handiagoak dira).

Edonola ere, gero eta gehiago dira auzi honen inguruko arau eta mugak. Bada osasun arazoak direla eta etxe batean jarritako transformadorea kentzeko agindu duen sententziarik ere.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia