}

Zehaztasun handiko erradiografiak

2008/01/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

X izpien bidezko erradiografien teknika ideia sinple batean dago oinarrituta: izpi batzuek talka egiten dute gorputzaren kontra, eta ez dira detektagailuraino iristen; beste batzuek ez dute talkarik egiten, eta iristen dira. Horrela, gorputz barruko irudiak lortzen dira, baina ez zehaztasun handikoak. Eremu iluna izeneko teknika batekin, berriz, talka egiten duten izpiak nola difraktatzen diren ikus daiteke. Informazio horren bitartez, Suitzako fisikari-talde batek zehaztasun handiko irudiak lortu ditu, osteoporosia, bularreko minbizia eta beste gaixotasun batzuk detektatu ahal izateko modukoak.

Zailtasuna teknika erabiltzeko aukeran datza, orain arte nahitaezkoa zelako tresneria optiko fina eta sinkrotroi bat erabiltzea aplikatu ahal izateko. Baina suitzarrek lortu dute tresneria hori nanoegitura batzuekin ordezkatzea, eta, horri esker, X izpien ohiko aparatuetan erabil daiteke eremu ilunaren teknika. Irudian, oilasko-hego baten bi erradiografia ikusten dira: ezkerrekoa ohiko teknikarekin eginda, eta eskuinekoa eremu ilunaren metodoarekin.

Argazkiak: Franz Pfeiffer, EPFL/PSI

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia