}

Zeelanda Berriko tximinia hidrotermal aurkitu berriak

2002/05/28 Elhuyar Zientzia

Tximinia hidrotermalak Lurreko ozeano-hondoetan sortzen diren ur beroko iturriak dira. Aktibitate bolkanikoarekin erlazionatuta daude, eta bi plaka tektoniko elkartzen diren guneetan sortzen dira.

Lehenago lur azpira sartutako ura berriz irteten da tximinietatik. Ura oso beroa eta mineralez beteta egoten da, eta, kanpoko ur hotzarekin kontaktuan jartzean, mineralak hauspeatu eta tximiniak sortzen dira.

Tximinien inguruan ekosistema oso berezia aurkitu dute zientzialariek. Ur bero horretatik energia hartu eta eraldatu egiten duten mikroorganismoak daude, eta, aldi berean, mikroorganismo horiek elika-kate oso baten oinarria dira: zizareak, moluskuak, karramarroak eta beste hainbat bizidun aurki daitezke tximinien inguruan. Guztiak milaka metroko sakoneran bizi dira, iluntasun osoan eta presio eta tenperatura izugarri altuak jasaten.

1979an Galapagos irlen inguruan aurkitu ziren lehen tximiniak eta, ordutik, Lurreko ozeano guztietan aurkitu dira antzeko egiturak eta ekosistemak. Orain dela gutxi Zeelanda Berrian aurkitutakoak dira azkenak. Iparraldeko irlako kostaldetik ipar-ekialderantz dagoen urpeko sumendi-katea aztertzen zebiltzala, tximinia berriak aurkitu dituzte. Tximinia horietan hiru molusku-espezie berri eta mikroorganismo termofilo ezezagunak aurkitu dira. Beraz, uste baino ugariagoak eta aberatsagoak dira ekosistema horiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia