Zauriak ixten lagunduko duten plaketa sintetikoak

Plaketei odol-jarioak gatzatzen laguntzen dieten esferatxo berezi batzuk garatu dituzte Conneticuteko Yale Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Arratoietan probatu dutenean, ikusi dute plaketa sintetiko horiek laburtu egiten dutela gorputzak zauri jakin bat ixteko behar duen denbora.

Plaketek odol-jarioak gatzatzen dituzte, tapoiak eratzen dituztelako zauriaren eremuan. Izan ere, odol-hodietako hormei lotzen zaizkie, plaketak elkarrekin ere lotzen dira, eta koagulazioan parte hartzen duten proteinekin ere elkartzen dira.

Zauriak oso handiak direnean, ordea, plaketak ez dira gai izaten zauria guztiz ixteko. Horrelakoetan, edo zaurituak behar adina plaketa ez duenean, plaketa-transfusioak egin daitezke zauriak ixten laguntzeko. Baina emaileetatik eskuratutakoak bost egunez baino ez dira bizi, eta infekzioak jasateko arriskua izaten dute.

Arazo horiei guztiei aurre hartu nahian, Yale Unibertsitateko ikertzaileek sei urte daramate plaketa sintetikoak sortzen. Diseinatu dituztenek bi osagai dituzte: batetik, gorputzak xurga dezakeen materialez egindako esferatxo bana, plaketa naturalen diametroaren hamarrena duena; eta, bestetik, plaketekin lotzeko gai den hiru aminoazidoko buruxka bat, polietilenglikolezko haritxo banari lotua.

Arratoiei zain barnean sartu zizkieten esferatxoak, eta esferatxoak haien kabuz sartu ziren gero sortzen ari zen koaguluan. Zientzialariek ondorioztatu dute plaketa sintetikoek naturalei lotzen laguntzen dietela. Esan dutenez, hau izan da odol-jario bat zain barnetik moztu duten lehenengo aldietako bat.

Irudia: Plaketa artifizialak, berdez, koagulu batean pilatuta (koagulua erditik zatituta dago). Eskuinean, sortutako plaketa artifizial baten ilustrazioa). Science/AAAS

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia