}

Zarata gorreria batzuen jatorrian

1989/03/01 Aizpurua Sarasola, Manu Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehen artikulu honetan bizitza modernoarekin lotuta dagoen gaitz sozial bat plazaratu nahi dut, hots, zaratak eragindako gorreria.
Lantegi askotan zarata-maila handia izaten da.

Frantziako unibertsitaeetan urte asko egin ondoren Elhuyarrekoek beren aldizkaria eskaini didate, hilabetekari bihurtu berri duteneko etapa honetan, bertan lurralde honetan ikusi eta ikasitakoaz idatz dezadan.

Jorratzen ari naizen medikuntz arloa osasun publikoari dagokiona da. Arlo honetan arazo medikoekin batera, organizaziozkoak, administraziozkoak, segurtasun eta higienezkoak, etab. lantzen dira. Aipatutako alderdi hauetako gaiak pixkanaka-pixkanaka azalduko dizkizuet orri hauetan.

Lehen artikulu honetan bizitza modernoarekin lotuta dagoen gaitz sozial bat plazaratu nahi dut, hots, zaratak eragindako gorreria.

Nork ez du bere inguruan entzuteko arazoak dituen pertsonarik ezagutzen?

Industri hiritan areagotu egiten da arazo hau. Lantegietako makineriak, ibilgailu automobilak eta zenbait lokaletako musikak daude batez ere gorreriaren jatorrian.

Gaur egun, zarata baten kaltegarritasuna neurtzeko ondoko bost faktore hauek kontutan hartu behar dira:

  • Maiztasuna:
    tonu altuko zaratak baxukoak baino kaltegarriagoak dira.
  • Intentsitatea:
    90 dB-etik gorako edozein zarata kaltegarri da. Zarata altuaren kaltegarritasun-muga 70-80 dB-eraino jaisten da.
  • Erritmoa:
    maiztasun eta intentsitate jakinetan zarata jarraiak aldizkakoak baino kalte txikiagoa sortzen du.
  • Lekua:
    leku irekitan emititutako zaratak leku itxitan emititutakoak baino hobeto onartzen dira.
  • Zarataren entzute-denbora:
    zarata baten eragina ez da berdina ordu batzuetan edo urte luzeetan entzun bada. Beraz, gorreriaren aurrean faktore honek eragin handia izango du gaitzak har dezakeen eboluzioa aztertzeko garaian.

Zaratak eragindako ondorioak asko badira ere, honela sailka daitezke.

A) Prozesu guztiz edo partzialki itzulgarriak:

  • Zaratak eragindako sindrome orokorra
    Ondorio nabarienak zenbait arazo psikologiko eta suminkortasuna izaten dira.
  • Entzun-nekea
    Hau, batez ere, lanpostu zaratatsutan gertatzen da. Denbora igaro ahala sortutako gorreria definitiboa izan daiteke.
  • Traumatismo akustikoa
    Bapateko zarata handiez sortutakoak dira. Meategitako edo harrobitako langileek (lehergailuak erabiltzen direnean) edo telefonistek (kaskoek zarata zuzen-zuzenean belarrira zuzentzen dutenez) osatzen dute populaziorik arriskugarriena.

B) Prozesu itzulezinak

Multzo honetan bi dira aipatu beharrekoak. Presbiakusia edo zahartzaroa alde batetik eta lehen aipatutako entzun-nekearen eraginezko gorreria profesionalak bestetik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia