Zaporeen festan denok ez gara berdinak
2006/12/25 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Gabon-gauez tradizioa da aza jatea, esate baterako. Baina aza ez zaio mundu guztiari gustatzen. Aza eta azaren familiakoak (brokolia, azalorea, bruselaza...) mikatzak dira, mingotsak, eta zapore gogor samarra dute. Dirudienez, pertsona batzuek ohi baino dastamen-papila gehiago dituzte, eta ondorioz, zaporeak nabarmenago jasotzen dituzte. Hori dela eta, ez dituzte maite izaten zapore handi eta sarkorreko janariak, azak, esaterako.
Baina beste arrazoi bat ere ba omen dago azaren zapore mikatza ez jasateko. Dirudienez, giza eboluzioan dastamena egokitu egin zen arrisku bat saihesteko: tiroideko arazoak. Azak (eta familiakoek) glukosinolato izeneko konposatu batzuk ditu. Glukosinolatoek, alde batetik, minbiziari aurre hartzen laguntzen omen dute; baina, beste alde batetik, oztopatu egin dezakete iodoa tiroidera iristea. Ondorioz, tiroide-arazoak sor litezke.
Tiroide-arazoak ugariagoak dira itsasotik urrun dauden herrietan, itsasoa iodo-iturria baita; eta garai batean arazoak larriagoak ziren. Bada, dirudienez, arazo horien aurrean abantaila zuten azak gustuko ez zituztenek (glukosinolato gutxiago hartzen zutelako dietan). Aza ez gustatze horren atzean errezeptore baten aldaera jakin bat omen dago: aldaera sentikorra duten lagunentzat gainerakoentzat baino mikatzagoa da aza. Beraz, ez da harritzekoa gustuko ez izatea.
Dastamenaren plazera
Janari baten zaporea jasotzean, pertsona guztiak desberdinak gara. Dastamena sistema konplexua da, eta, egia esan, oraindik ere badago zer ikertua. Dena den, hasieran esan bezala, janari batean hartzen ditugun zaporeen konbinazioa mingaineko dastamen-papilek jasotzen dute; eta bakoitzak dituen papilen kopuruak zeresan handia du jasotzen duen dastamenaren intentsitatean.
Dirudienez, lau lagunetik batek ohi baino papila gehiago ditu, eta, ondorioz, zaporeak besteek baino indartsuago sentitzen ditu; beste batek, ordea, ohi baino papila gutxiago ditu, eta zaporeak ahulago jasotzen ditu; gainerako biek tarteko intentsitateaz sentitzen dituzte zaporeak, ez gogorregi eta ez ahulegi.
Dena dela, bakoitzaren unean uneko egoerak ere eragiten du dastamenean. Esate baterako, marrantak jota sudurra itxita duen batek nekez hartuko dio zaporerik jaten duenari. Izan ere, zaporea hartzeko, usaimenak zeresan handia du. Janaria ahora eramatean usaindu egiten dugu, baina ez da kanpotik datorren usain hori zaporean gehien eragiten duena, baizik eta mastekatzean eztarrian gora sudurrera iristen dena.
Sudurreko hartzaileek eta mingainekoek garunera igortzen dute zaporearen seinalea, eta seinale hori identifikatutakoan sentitzen da zaporea.
Aldi berean, zaporea gustukoa bada, garunaren plazeraren gunea aktibatzen da. Gustuko janariak plazera ematen du, baina plazer hori ez da etengabekoa. Zapore bera edo antzekoak luze sentitzen dituenean, garuna ‘aspertu’ egiten da, eta plazeraren seinalea ahuldu egiten da. Suspertu egiten da, ordea, zaporez aldatutakoan. Horregatik, egun hauetakoak bezalako bazkari eta afari oparoetan, zintzurreraino betetakoan ere, postrea iritsitakoan... umm, hau plazera!
7K-n argitaratua.