}

Zahartze-prozesua, gaztarora itzultzeko desioa

2000/05/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zergatik zahartzen da gure gorputza? Behin baino gehiagotan egin dio galdera gizakiak bere buruari, batez ere gertukoren bat galdu izan duenean edo, adinaren ondorioz, ezintasunen bat sortu izan zaionean. Horrelakoetan, gaztarora itzultzeko gogoa eta desioak nagusitzea ez da arraroa izaten. Alferrik bai, ordea, ezinezkoa dena ezinezkoa baita; oraingoz behintzat.

Gizakien elikatzeko ohiturak eta elikadura bera gero eta hobeak ei dira, gero eta osasuntsuagoak. Azken urteotako aurrerapenen ondorioz, medikuntzak gizakien mesederako egin dezakeena ere gero eta gehiago eta gero eta hobea ei da. Horri guztiari esker, gizakion bizi-itxaropenak gora egin du, gero eta gorago. Hala ere, gizakiak ez du zahartze-prozesuan eragiterik lortu. Urte gehiago harrapatzen ditugu, baina zahartze-prozesuan ez da etenik gertatzen. Horrela, gaztaroaren adierazgarri diren hainbat eta hainbat ahalmen poliki-poliki desagertu egiten dira, pertsonen mugimenduak moteldu egiten dira, mugimenduak kontrolatzeko gaitasunak galdu… burmuinean bestelako galderak egiteraino: Ez litzateke hobea izango lehenbailehen bukatzea? Merezi al du horrela bizitzeak?…

Jakina, aurrez adierazitako faktoreen ondorioz, zahartze-prozesua bera ere, gaur egun, duela urte batzuk baino hobea da eta sasoi batean jasanezinak izaten ziren hainbat gaitz gaur egun erraz sendatzen dira. Zientziak -beharbada baliabide "artifizial"ak erabilita- gizakion bizi-itxaropena luzatzea lortu du. Ez da gutxi, baina zientziaren helburua haratago doa. Bizitzako azken urte horiek osasuntsu iragan ahal izateko, zientziak gizakion zahartze-prozesuaren abiada moteldu nahi du. Horretarako zahartzea zer den eta zahartzeak zer esan nahi duen ondo ulertu behar da.

Badirudi zientzia bazter guztietara iristen dela, galdera guztiendako erantzuna baduela edo behintzat erantzuna oso gertu izan dezakeela, baina oraindik zahartze-prozesuari buruzko erantzunik ez dago. Zientzialariek ez dakite zergatik zahartzen diren izakiak, zergatik zahartzen diren hiltzeraino, eta zergatik zahartzen diren batzuk besteak baino bizkorrago.

Oro har, biologoen ustez gorputza makina litzateke, behar bezala koordinatutako organoz eta ehunez osatutako multzoa. Denbora igaro ahala, makina hori, berez, "gastatu" egingo litzateke eta, prozesu horretan, inguruneak ere eragingo luke. Baina gorputzaren zahartze-prozesua -ezta makinatzat hartuta ere- ez da guztiz homogeneoa. Gorputza osatzen duten organoendako eta ehunendako, denbora ez da berdin igarotzen, osagai horietako bakoitzak era askotan jasan dezake denboraren igarotzea. Osagai oinarrizko batek konponbiderik gabeko hutsa egiten duenean -muga gainditzen duenean-, heriotza eragin lezake, nahiz eta gainerako osagaien egoera ona izan.

Nahiz eta ia autonomia osoa izan, zahartzaroan, aldi berean eta norabide berean, hainbat prozesu garatzen dira. Horregatik, zahartzaroaren adierazle diren batzuk aipatzea badago: entzumenaren eta ikusmena galtzen dira, giharrek eta hezurrek masa galtzen dute, gantza ugaritzen da, burmuinak ere masa galtzen du, malgutasuna galtzen da… eta, era berean, hainbat gaixotasun hartzeko arriskua handitu egiten da.

Zahartze-prozesuaren arrazoiak ez dira ezagutzen, baina horri buruzko pistaren bat edo beste aurki daiteke. Gorputza hiperespezializatutako zelula-multzotzat har daiteke. Zelula horiek elikatu egiten dira eta etengabe zatitu egiten dira. Zatiketa zelularra gertatzean, material genetikoaren kopiak egiten dira. Prozesu hori konplexua da eta hor akatsak edo mutazioak gerta daitezke, ezustean edo kanpoko zerbaiten eraginez-esate baterako erradiazioaren ondorioz-. Gorputza zenbat eta zaharragoa izan, mutazioren batek zelulen funtzionamendu onean eragiteko aukera handiagoa da. Minbizi-mota ugari, adibidez, urteetan zehar ezkutuan egoten dira zahartzaroan agertu arte. Adituek diotenaren arabera, ugaztunen zelulen geneek egunero 73.000 bider jasan dezakete kalteren bat. Konponketa lanetarako entzimarik ez balute, zelulak laster hilko lirateke.

Metabolismoak ere badu eragina zeluletan. Hazteko eta zatitu ahal izateko, zelulek energia eta materia organikoa behar dute. Horretarako, gizakiok oxigenoa behar dugu, baina elementu hau biziarentzat arriskutsua izan daiteke. Izan ere, oxidazioak kalte genetikoak eragin ditzake zatiketa zelularrean eta zelulak berak konpondu behar ditu. Batzuetan, ordea, denborak aurrera egin ahala, zelulak akatsak konpontzeko gaitasuna galtzen duenez, mutazioek gero gainditu ezingo diren arazoek sor ditzakete. Oso metabolismo azkarra duten izakien bizitza -intsektuak, mikroorganismoak, kolibriak, saguak…- laburra izaten da; aldiz, metabolismo motelagoa dutenena -gizakia edo dordoka adibidez- luzeagoa izaten da. Metabolismo azkarra duten izakiei zahartzaroak lehenago eragiten die, eta lehenago hiltzen dira. Horregatik, ohikoa baino kaloria gutxiago duen elikadurak -mantenugai egokiekin- bizia luza dezakeela esaten da, metabolismoak ez baitu zeluletan hainbeste eragiten.

Badirudi gizakien bizi-itxaropenaren muga 115 urteen buelta horretan egon daitekeela, baina urte horietara iristea ez da erraza. Erdi Aroan bizi-itxaropena 25/30 urtekoa zen, eta 50 urteko pertsonak oso zaharrak ziren; gaur egun -lurralde aurreratuetan- hori baino altuagoa da. Baina bai Erdi Aroan eta bai gaur egun ere, mugara iristea ez zen gauza arrunta izaten.

Giza gorputzaren zelulak ez dira etengabe eta betirako zatitzeko gai izaten; behintzat, minbizidun zelulak ez badira. Zeluletako kromosomen muturretan telomero izeneko zati bat dago. Zelula zatitzen den bakoitzean, telomeroa apur bat laburtzen da. Dirudienez, telomeroa gehienez 50en bat aldiz zatitu daiteke, gehiago ez. Minbizidun zelulek, berriz, telomerasa izeneko entzima izaten dute, telomeroa ordezkatu eta zelulen zatiketa zelularra etengabea izan dadin funtzioa dutenak. Zelula zatitu ezin denean, berritzen ez den ehuna zahartu eta hil egiten da.

Zelulen zahartze-prozesuan eragin dezaketen beste hainbat eragile ere egon daitekeela diote: ezinbesteko proteinetan sortzen diren kalteak, toxinen pilaketa, arazo inmunologikoak…. Batek daki horiek zahartze-prozesuaren ondorio diren edo zahartze-prozesua eragile horien ondorioa den. Gauza bat dago argi, ikerketaren bidetik -giza genoma osatzetik agian?- zahartzaro-prozesuaren arrazoiak jakin ahal izango dira, baina nekez eragin ahal izango da prozesu horretan. Ez litzateke naturala -ona- izango.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia