}

Zahartzaroan lasai bizitzeko teknologia berriak

2004/04/06 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urteotan aparatu mugikorrak, sakeleko telefonoak eta agenda elektronikoak bereziki, abiada bizian hedatu dira gizartean. Horrez gainera, telekomunikazioen alorrean aurrerapen handiak eman dira, bai sare finkoetan eta bai haririk gabeko sareetan. Aurrerapen horiek guztiek aplikazio oso garrantzitsua eta baliagarria dute, esate baterako, osasungintzan. Diagnostikoak egin eta urruneko monitorizazioa lortu dezaketen sistemak gauzatzen ari dira Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean.

Pertsonen bizitza-kalitatea hobetzea dute helburu Informatika Fakultatean garatu dituzten bi proiektuk. Batak Aingeru izena du; bakarrik bizi diren adineko pertsonei zuzendua dago. Gaur egun pertsona horientzako etxez etxeko tele laguntza zerbitzuak badaude, baina etxe barruan bakarrik funtzionatzen dute. EHUn zerbitzu hori hobetu egin dute: adinekoak agenda elektroniko bat darama berarekin aldean eta agenda horrekin kalera ere irten daiteke. Sistema horrek bi aukera ematen ditu: alde batetik, momenturen batean gaizki sentituz gero, PDAn bertan zanpatu eta larrialdien zentro bateko kontrol gela batera helduko litzateke abisua.

Beste aldetik, pertsona horrek sentsore batzuk eraman ditzake gorputzean, eta sentsore horien bidez, organismoaren egoerari buruzko hainbat datu har daitezke: pultsua, tenperatura, odolean dagoen glukosa kopurua, etab. Datu horiek sistemak analizatu egiten ditu, eta arazoren bat aurkitzen badu, sistemak berak automatikoki pasako luke abisua. Pertsona oso gaizki baldin badago, berehala laguntza bidaliko litzaioke. Matia Fundazioak interes berezia erakutsi du proiektu horretan.

EHUko Informatika Fakultatean garatu duten beste proiektua MOLEC da. Erabiltzaileak "ECG" sentsore batzuk gorputzean ipinita daramatza. Sentsore horiek agenda elektroniko bati lotuta daude. Bihotzaren funtzionamendua eta erritmoa kontrolatzea, eta bat-bateko bihotzekoen aurrean azkarrago lan egitea da helburua. Bihotzaren erritmoa alteratzen hasten bada, hau da, arritmiaren bat sortzen bada, PDAk arritmia horren datuak eta mugimenduak jaso eta alarma-abisua pasako du osasungintza zentrora gertatzen ari den momentuan bertan.

Adin guztietako pertsonentzat balio du sistema horrek. Bi sistemak haririk gabeko teknologiak erabiltzen ari dira. Alde batetik, agenda elektronikoetatik larrialdi zerbitzuetara alarma-abisuak bidaltzeko GSM edo GPRS teknologia erabiltzen da. Ikertzaileen ustetan, erabiltzaileak dauden tokietan WI FI sareak egonez gero, horiek ere erabili ahal izango dira. Beste aldetik, sentsoreetatik agenda elektronikoetara datuak bidaltzeko Bluetooth teknologia erabil daitekela argitu digu Itziar Bagües, EHUko ikertzaileak. "Bluetooth teknologia erabili nahi dugu, kablerik ez egoteko. Horrela, pertsonak ez du sentsoreekin batera kablerik eta ordenagailurik eraman beharko".

Sistema horiek, momentuz, prototipoak baino ez dira, baina merkatura ateratzea espero dute egileek. Sistema horien bitartez erabiltzaileen osasuna kontrolatuagoa dago eta erosotasun eta askatasun handiagoa eskaintzen dio erabiltzaileari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia