}

Zaharkitzapen programatua

2011/06/01 Dannoritzer, Cosima - Comprar, tirar, comprar dokumentalen egilea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zaharkitzapen programatua
2011/06/01 | Dannoritzer, Cosima | Comprar, tirar, comprar dokumentalen egilea
Betiereko bizitzako bonbilla bat. Arg.: Cosima Dannoritzer.

Bazen behin... Asmatzaile batek betiereko bizitzako bonbilla bat diseinatu zuen, baina, merkaturatu aurretik, asmatzaile hori hil egin zen bidaiatzen ari zen hegazkinetik modu misteriotsuan erorita.

Fabrikatzaile diruzale batzuek zuntz suntsiezin baterako patentea erosi zuten, eta enpresa-artxiboen hondoan ezkutatu zuten.

Mekanikari bati ikaragarrizko dirutza ordaindu zioten ihes-hodi suntsiezin baten diseinuari uko egin ziezaion; hainbesteko dirutza, ezen luxuz inguratuta bizi ahal izan baitzuen bizitza guztian. Ala, beharbada, lasterka ikusi zuten azken aldiz, bizitza galtzeko beldurrez, atzetik soldatapeko hiltzaile bat --automobilgintzako buruek ordaindua-- zuela?

Internet horrelako hiri-kondairez beteta dago. Baina egia ote dira kondaira horiek? Ba ote daude denbora asko iraun lezaketen produktuak baina industriak nahiago duenak behar baino lehen huts egin dezaten?

Nire dokumentalean, Comprar, tirar, comprar ( The Light Bulb Conspiracy ), frogak aurkitzen saiatu nintzen, eta hau izan zen emaitza: webguneetan aurkitu daitezkeen konspirazio-teoria guztiak baino are istorio bitxiagoa.

1924an, bonbilla-fabrikatzaile nagusiak Genevan elkartu ziren nazioarteko kartel bat sortzeko. Haien asmoa? Goritasun-bonbillen bizitza erabilgarria 1.000 ordutara murriztea. Jarduera-olde bat hasi zen mundu guztiko fabrika eta bulegoetan. Enpresetako ingeniariek harizpi ahulagoak garatu zituzten, lehen baino heren bat gutxiago irauteko diseinatuak, eta beste fabrika batzuetako ingeniariei bidali zizkien diseinuak. Karteleko zuzendaritzak isunen bidez zigortu zuen arauak hausten zituen fabrikatzaile oro. Zientzia- eta ingeniaritza-printzipioak irauli egin ziren, eta, bizitza erabilgarri luzeagoko modelo berriak garatzearen aurkakoa bihurtu zen, orduan, helburua: irabazi handiak lortzea, kostua edozein zela ere. "Zaharkitzapen programatua" kontzeptuaren hasiera izan zen.

1938an, asmakizun bat eman zuten ezagutzera, mundu guztian "estralurtarren erasoak baino iraultzaileago" gisa iragarri zutena: nylona. Patentea DuPont kimika-enpresa erraldoiarena zen, eta hark eskatu zien bere ingeniariei ikertu zezatela zuntz berria egokia zen galtzerdiak ekoizteko. Galtzerdi iraunkor berriak merkaturatu zituztenean, arrakasta itzela izan zuten: emakume eta gizon ilaran egon ziren haiek erosteko, eta, hainbat neskak, erakusten lehenak izateko egonezinak jota, dendatik ateratzean jantzi zituzten espaloiko lurrean jarrita.

Nylonezko galtzerdi berriek zetazko galtzerdiek baino gehiago irauten zutela ikusirik, DuPonteko kudeatzaileak kezkatu egin ziren. Salmentek beherantz egingo zuten emakume guztiek pare bat erositakoan. Kudeatzaileek bilera bat egin zuten, eta ingeniariei agindu zien formula aldatzeko haria ahulagoa izateko eta azkarrago urratzeko.

1950eko hamarkadara heltzean, zaharkitzapen programatua oso zabaldua zegoen industria askotan. Ingeniari eta diseinatzaile askori eskatu zitzaien beren ezagutzak erabiltzeko " death date " edo "hiltzeko eguna" zuten produktuak diseinatzeko. Adibidez, transistore bat diseinatu zuten, hiru urteko bizitza erabilgarrira mugatua, irratia oraindik epe luzeko inbertsio bat zen garaian. Automobil-fabrikatzaileek hagunen eta abatz-estalkien kalitatea eskastu zuten kontsumitzaileak konponketa-lantegira sarriago joan zitezen. AEBko Kontsumitzaileen Elkarteak gertaera hori dokumentatu zuen, eta kexatu ere egin zen, baina alferrik. 1951n, estatubatuar epaile batek debekatu egin zuen bonbillak 1.000 orduko bizitza erabilgarrira mugatzea, baina fabrikatzaileek entzungor egin zioten ebazpen horri.

Bestalde, informatika merkatura iristeak aukera berriak eman dizkio zaharkitzapen programatuari. Tinta-inprimagailu askok txip kontagailu bat izaten dute, eta txip horrek errorea ematen du edo erre egiten da orri-kopuru jakin bat inprimatu ondoren. HP inprimagailuen eskuliburu teknikoak argi eta garbi adierazten du inprimagailuaren bizitza erabilgarria "18.000 orrialdekoa edo 5 urtekoa" dela, lehenago zer pasatzen den.

Tinta-kartutxo askok ere txip kontagailu bat dute, eta txip horrek jakinarazten die kontsumitzaileei tinta agortu egin dela (edo inprimagailua blokeatzen du kartutxoa aldatu arte), baina, egiatan, kartutxoak tinta izaten du oraindik: edukieraren %30 ere, inoiz. Orain dela gutxi, Espainiako Poliziak enpresa bateko langile batzuk atxilotu zituen, zaharkitzapen programatuaren aldaera berri bat asmatzeagatik: bi txip kontagailu instalatu zituzten inprimagailuetan. Kontsumitzaileak makinarako bermearen luzapen bat erosten bazuen, bizitza erabilgarri luzeagoa izateko programatzen zuten txipa.

Nire dokumentalerako kasu konkretuak bilatzen jarraitu nuenean, zerrenda luzatu egin zen. Zaharkitzapen programatuaren fenomenoa oso emankorra eta zabaldua zegoen, antza, nahiz eta nik hasieran uste izan enpresa diruzale gutxi batzuen jokaera zela. Dokumentala hiri-kondaira gutxi batzuei buruzko istorio izatetik kontsumo modernoko gizartearen azterketa oso bat izatera pasatu zen. Hazkuntza-ekonomiaren eskaeraren eta " frequent repeat purchase " ("erosketa sarri eta errepikatua") industriak deiturikoaren mende dago gizarte hau, eta diseinatzaile, ingeniari eta teknikariek eragiten dute hori eta babesa ematen diote horri, beren borondatez haren zerbitzura jarriz.

Horrela jardutearen ondorioz, gure planetako baliabide naturalen bizitza erabilgarria ere gutxitzen ari da, gure industriek gero eta azkarrago zabortegietara heltzen diren kontsumo-produktu bihurtzen dituzten heinean. Hirugarren Munduan, zabor elektronikoko hilerriak hazten ari dira. Han, zakarrek kalte iraunkorra eragiten diote ingurumenari, ez baitira birziklatzen eta ekoizpen-zikloan berriro sartzen. Emaitza, baliabideen etengabeko triskantza.

Nolatan heldu gara puntu horretaraino, kontuan izanik mundua esploratu, ulertu eta hobetzeko senetik sortu zirela zientzia, ingeniaritza eta diseinua? Noiz utzi zioten enpresek nolakotasuna eta iraunkortasuna oinarri izanda lehian aritzeari eta salmenta sarri eta irabazi azkarrak lortu nahiari atxiki?

Kontsumitzaile eta fabrikatzaile asko beren buruari galdera hori egiten hasi dira, eta diseinatzaile eta enpresaburuen belaunaldi berri bat ezagutzak eta balio tradizionalak berraurkitzen ari da. Haien proiektuetan, zientziak, ingeniaritzak eta diseinuak indarrak batu dituzte helburu komun batekin: jasangarritasuna eta aurrerapena. Zaharkitzapen programatuari eta hark sortzen dituen hondakinei uko egiten ez badiegu, gure kontsumo-gizartea bera zaharkituta geratzeko arriskuan egongo da.

Bide batez, Interneteko lehen anekdota, hegazkinetik erortzeari buruzkoa, egia da. Dieter Binninger alemaniar asmatzailea hil egin zen 100.000 orduko bizitza erabilgarriko bonbillak masan ekoizten hasi baino zertxobait lehenago. Haren patentea badago oraindik ere, baina, haren heriotzatik, inork ez du nahi izan arriskatu. Bien bitartean, 1901ean --bonbillaren kartela sortu baino 23 urte lehenago-- fabrikatutako bonbilla bat oraindik piztuta dago Kaliforniako suhiltzaileen sotoan, eta, ironikoa bada ere, bi webcamek baino luzeago iraun du dagoeneko.

Dokumentala: www.rtve.es - Comprar, tirar, comprar.

Argibide gehiago lortzeko: www.facebook.com/ComprarTirarComprar

1901eko bonbillaren webgunea: http://www.centennialbulb.org/

Dannoritzer, Cosima
2
276
2011
6
022
Giza zientziak; Teknologia
Analisia
50

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia