Young, Thomas
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1773-1829)
Mediku, zientzilari, arkeologo eta fisikari ingeles hau 1773an munduratu zen Milverton hirian. Mutiko azkarra zen oso eta inork erakutsi gabe, bi urte zituela irakurtzen zekien. Gaztea zen artean grekoz, latinez, frantsesez, italieraz, pertsaz eta arabieraz hitz egiteko gauza zenean.
Medikuntza ikasi zuen Edimburg-en, Black irakasle zuelarik. Alemaniara joan zen bere ikasketak osatzera eta Gottingengo Unibertsitatean doktoratu zen 1796an. 1799an Londresen finkatu eta mediku-kontsulta ireki zuen. 1801 eta 1803 bitartean hitzaldi asko eman zituen Rumford-ek sortu berria zuen Royal Institution elkartean eta 1802an "Royal Society" elkarteko idazkari egin zuten, atzerriko harremanetaz arduratu zelarik.
Ikaslea zenean, begiko kristalinoa aztertu zuen. Fokatzerakoan organu horretan gertatzen diren aldaketak definitu zituen eta 1801ean astigmatismoaren jatorria argitu zuen, kornearen kurbatura asimetrikoak edota kristalinoaren homogenotasunik ezak sortzen zuela esanez. Bete-betean asmatu zuen Young gazteak.
Begiari buruz egindako ikerketen ostean, argiaz arduratu zen Young. Garai horretan eztabaida bizia zebilen zientzilarien artean argiaren izaerari buruz. Bi hipotesi nagusi zebilkiten eskuartean. Newtonen jarraitzaileek batetik, argia partikulaz osatuta zegoela eta kolore bakoitzak baso jakineko partikulak zituela uste zuten. Aldiz, Huygensek argia espazioa betetzen zuen fluido baten uhinak zirela aldarrikatu zuen eta Youngi eztabaida horren erdian egotea egokitu zitzaion.
Youngek makina bat esperimentu egin zuen bere hipotesia finkatu ahal izateko. Argiaren interferentzia aztertuz, orgia ingurune elastiko batean hedatzen den zeharkako uhin-sistema bat dela postulatu zuen. Hipotesi horrek ez zuen prentsa onik lortu Ingalaterran, Newton herkidearen teoriak erabat baztertzea eragin zuelako. Youngek Frantziako zientzilarien sostengu osoa lortu zuen eta Freselen ikerketei esker baieztatu ahal izan zen argiaren uhin-izaera.
Eztabaida horren ostean, Youngek koloreen izaera aztertzeari ekin zion. Helmohltzek mende-erdi geroago iragarri zuen hiru koloretako ikusmenari buruzko teoriak Youngen esperimentuetan du jatorria eta bien izenak erabiltzen ditugu gaur egun hori aipatzerakoan. Aipatu ezezik, sarri-sarri erabiltzen dugu teoria hori nahigabe bada ere. Izan ere, koloreko telebistaren edo argazkilaritzaren oinarrietako bat Helmohltz-Young teoria da.
Argiaren edo koloreen izaeraz ezezik, fisikako beste zenbait fenomenoz ere arduratu zen Young. Elastizitateari buruzko ikerketak egin zituen eta gaur egun ere Young-en modulua erabiltzen dugu substantzia elastikoen portaera aztertzeko.
Arestian esan bezala, ikerketarako erabateko erraztasuna zuen Youngek. Fisikako arazoak alde batera utzita, Egiptologi ikerketak egin zituen. 1818an Egiptori buruz ordura arte idatzitako ikerlanik biribilena kaleratu zuen eta berari zor zaizkio bertan egindako aurkikuntza ugari.
Mediku, zientzilari, arkeologo eta fisikari bikainak 1829an egin zuen topo heriotzarekin Londresko bere etxean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia