XIV. CAF-Elhuyar sariak: ingurune adimendunari buruzko lan bat garaile
2008/02/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Artikuluen atalean, lehenengo saria "Etxetresnek gustukoago dute jazza jotzea sinfonia jotzea baino" lanarentzat izan da. Egilea Aitor Urbieta Artetxe debarra da, informatikan ingeniaria. Artikulu honekin, egileak ingurune adimendunen munduan murgildu nahi du irakurlea, eta, horretarako, gutako edozeinen antza duten bi protagonista hartu ditu: Mikel eta Ane. Egileak Mikelen eta Aneren bizimodua kontatzen digu; lehenengo, adimenik gabeko etxe batean eta, gero, bizimodu hori bera etxe adimendun batean. Etxe horretan, gailuek, elkarren artean koordinatuta eta batzuek besteekin komunikatuta, gure eguneroko nahiak eta beharrak era automatikoan beteko dituzte. Hala, lehen erabiltzaileak eskuz egiten zuena (gailuen sinfonia, erabiltzailea zuzendari gisa) orain gailuek era automatikoan egingo dute (gailuen arteko jazza).
Artikulua ez da mugatzen etxe bataren eta bestearen arteko aldeak nabarmentzera. Etxe batetik bestera salto egiteko zer nolako zientzia eta teknologia behar diren ere azaltzen du, eta horregatik guztiagatik, epaimahaiak merezimendu osoz saritu du Urbietaren lana. Epaimahaiaren esanean, artikuluak "amets horren -etxe adimendunaren- atarian gaudela erakusten digu, era sinple batez eta aldi berean sakontasun osoz".
Bigarren saria Jon Azkargorta Aretxabala fisikari algortarrak jaso du, "Ilargiaren alde ezkutua" lanarekin. Lan horretan, Lurraren eta Ilargiaren arteko harremanaz hitz egiten du Azkargortak, harreman horren ezaugarriez, edo, nahi izanez gero, berezitasunez. Izan ere, "Lurrak gure satelitearekin dauzkan harreman dinamikoak, eta bien arteko lege fisikoak erraz adierazten ditu", esan du epaimahaiak; eta horrekin batera, "egileak ongi uztartzen ditu zientzia-ezagutzak eta amandre eder horrek gizakioi sorrarazten digun amets-gogoa".
Hirugarren saria "Egur hila, erreka bizia" izenburupean aurkeztutako lanarentzat izan da. Egilea Lide Aristegi Urkia da, beasaindarra eta biologoa. Mendiko egur hilak eta erreketan bustita dagoenak duten garrantzi ekologikoaz dihardu artikulu honetan Aristegik. Hain zuzen ere, horixe ikertu du bere doktore-tesian, eta artikulu honetan, gaia hitz soiletara ekartzen asmatu du. Epaimahaiak ahalegin hori nabarmendu du lan honetaz: "Sarritan irakurri dugu basoetako egur ustelaren garrantziaz. Baina erreka xume baten inguruan egur hilak sor dezakeen aberastasuna berria da gehienontzat. Harriduraren ildotik, artikulu hau arrapalada batean irakurriko dugu, idazkera zehatz eta egokia baitu".
Azkenik, Gazteentzako sari berezia Xabier Artaetxebarria Artieda telekomunikazio-ingeniari donostiarrak jaso du. "Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku?" lana aurkeztu du Artaetxebarriak, eta ordenagailu bidezko diagnosi-sistemak nola garatu diren, ikuspuntu teknologikotik zertan oinarritzen diren eta zer emaitza eskaintzen duten kontatu du.
Lehenengo saridunak bezalaxe, artikulu honetan idazleak, oso era egokian, gertu dagoen etorkizun zirraragarri batera eramaten gaituela nabarmendu du epaimahaiak. "Bertan, makinek betebehar garrantzitsu bat izango dute medikuntzaren alorrean, ordenagailu bidezko irudi-azterketari dagokionez. Eta makinek zereginak eta diagnostikoa erraztuko dizkiete medikuei".
Saritan guztira 3.000 euro banatu dira, eta, saridunetako bakoitzak Imanol Andonegiren eskultura bat jaso du. Bestalde, artikulu irabazleak apirileko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian argitaratuko dira, sariketaren edizio honi buruzko dosier berezi batean.
Dibulgazio-liburua: Fisika eta metafisika
Javier Navarro Los Arcos-ek jaso du dibulgazio-liburua idazteko beka. Fisika eta metafisika izena du haren proiektuak (Argazkia: Poly)
Artikuluen sailaz gain, edizio honetan liburu-proiektu bat ere saritu da. Aurtengoan, Dibulgazio-liburua idazteko 5.000 euroko saria Javier Navarro Los Arcos kimikari iruindarrak irabazi du, Fisika eta metafisika izenburua duen proiektuarengatik.
Egileak denbora eta espazioa erabiltzen ditu, fisika alegia, gure natura ulertzeko. Baina badago, natura baino haratago doana, Aristotelesek berak azpimarratu zuen bezala, eta zientziak bere baitan hartu ezin duena: Jainkoa eta arima, adibidez. Horiek metafisikak hartzen ditu bere baitan. Eta horiexek dira, Fisika eta metafisika, alegia-liburu horren ardatza.
Sari-banaketaren ondoren, Begoña Arrate Larrañagaren Biziaren sarea ehuntzen liburua aurkeztu da. Begoña Arratek duela bi urte eskuratu zuen dibulgazio-liburua idazteko saria CAF-Elhuyar sarietan; proiektu hark jada argia ikusi du, eta izenburu bereko liburu bihurtu da. Idazlearen iritziz, eta zenbait zientzialariren postulatuei so eginez, XXI. mendea sareen mendea izango da, eta natura sareen zientziaren bidez aztertzeak aurrerapauso nabarmenak ematea ahalbidetuko dio gizakiari. Horrenbestez, liburuaren helburuak dira ideia horren inguruko eztabaida filosofiko-zientifikoak zertan dautzan azaltzea eta irakurleei biziaren sarea nolakoa den imajinatzen laguntzea.
Epaimahaia
Bost pertsona hauek osatu dute XIV. CAF-Elhuyar sarietako epaimahaia:
- Koldo Nuñez, geologoa eta IMH Ingeniaritza Eskolako zuzendaria
- Cristina Alberdi, Inasmet-eko marketin- eta komunikazio-arduraduna
- Mikel Alvarez, medikua eta Gurutzetako Ospitaleko zuzendari nagusia
- Joseba Etxebarria, ingeniaria eta Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia
- Enrique Ortega, fisika aplikatuan katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea
Berria -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia