Xibarta eme batek migrazio-errekorra hautsi du
2011/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Brasildik Madagaskarrera egindako 9.800 kilometroko ibilbidearekin, orain arte ezagutzen ziren ugaztunen migrazio-marka oro hautsi ditu xibarta bale eme batek.
Antartikako Humpback Whale Catalogue proiektuko ikertzaileek lehenbizikoz Brasilgo kostaldeko xibarten ugaltoki batean ikusi zuten balea, 1999an. Isatseko hegatsean duen orban zuri-beltz bakar eta bereizgarriari argazki bat ateratzea lortu zuten, eta AHWC#1363 izena jarri zioten. Bi urteren buruan, turista baten argazkiari esker, ikerlariek berriz aurkitu zuten xibarta, Madagaskarreko ekialdeko beste ugaltoki batean.
Xibarta baleek ugaztunen migraziorik luzeenetakoak egin ohi dituzte; baina lehendik ezagutzen zen ibilbide luzeena 400 bat kilometro laburragoa zen. Bestalde, bale emearen bidaiak beste arrazoi batzuengatik ere sortu du harridura. Batetik, normalean latitude-arteko migrazioak egiten dituzte xibartek (iparraldetik hegoaldera, eta alderantziz); eta kasu honetan longitude-arteko migrazioa egin du (90 gradukoa). Eta, bestetik, halako migrazio luzeak bale arrek egiten dituzte, ez emeek. Ez dakite zein izan daitekeen horren guztiaren arrazoia: "baliteke xibarten migrazioak uste baino malguagoak izatea, edo, besterik gabe, orientazioa galduta ibiltzea bale emea".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia